Trintxerpeko Herrera kaleko 11. eta 12. zenbakietako blokeetan — Escalerillas esaten zaie — bizi diren familien interesen aurkako epaia kaleratu du Donostiako lehen instantziako epaitegiak, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez. Epaileak arrazoi eman dio Pasaiako Portu Agintaritzari, eta onartu egin ditu desjabetze eskaerak; gainera, ebatzi du bizilagunek ez dutela inolako titulurik etxebizitzetan jarraitzeko. Horiek hala, epaitu dituzten etxebizitza horietako familien etxegabetzeari bide eman dio ebazpenak.
Ikusi gehiago
Hala ere, sindikatuak salatu du epaileak ez duela aztertu, ezta ebatzi ere, auziaren muina; hau da, bizilagunek eta sindikatuak berak defendatutako «subrogazio tazitua». Defentsak familien etxegabetzeen aurka emandako argudio nagusia da lehenbiziko maizterrek horien ondorengoei errenta kontratuak subrogatu zizkietela eta, beraz, ez zirela etxebizitza usurpatzen ari. Are, Etxebizitza Sindikatuak gogora ekarri duenez, bizilagunek urteetan izan dituzte harremanak Pasaiako Portuko Agintaritzarekin, errenta ordaindu eta eraikina mantentzen lagundu dute, eta Pasaiako Portuko Agintaritzako langile izandako bizilagunak ere ari dira han bizitzen.
Ebazpenaren muina zera da: Escalerillas esaten dieten etxeek ez omen dute inoiz galdu ondasun publiko izaera. Hau da, auzitegiaren ustez, ez dago frogatua 2006ko «desafekzio prozedura» —jabetza publiko izateari uko egiteko prozedura— amaitu zenik. Ebazpenak dio ez dagoela aurkeztuta ez Espainiako Ogasun Ministerioaren aktarik, ezta Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren agiririk ere, eta prozesu hori formalizatzeko ezinbestekoak dira.
Epaia jaso ondoren, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak salatu du «formalismo huts» batean oinarritutako epai baten bidez kaleratu nahi izatea familiak: «Ez dira usurpatzaileak, bizitza osoa eman dute auzoan, eta euren ekarpen ekonomiko eta soziala ukaezina da». Gainera, publikoki gezurtatu dute Portu Agintaritzak azken egunotan esan izana bizilagunek uko egin ziotela bileretara joateari: «Epaiketa baino egun batzuk lehenago geneukan Portuko Agintaritzarekin hitzartutako bilera, baina beraiek bertan behera utzi zuten agenda arazoengatik. Gero, gezurra zabaldu dute, eta esan gu garela negoziatu nahi ez dutenak».
Sindikatuko kideek azpimarratu dute epaia aztertzen ari direla eta helegitea aurkeztuko dutela.
Pasaiako Portuko Agintaritza, pozik
Pasaiako Portuko Agintaritzak ondo hartu du albistea. Ohar batean esan du familia guztiekin «modu aktiboan» lan egin duela irtenbideak bilatzeko, eta hiru data posible eskaini zizkiela bizilagunei haiekin biltzeko, baina ez zutela erantzunik jaso. Prozedura judiziala ireki aurretik zazpi maizterretatik birekin akordioak lortu zituztela gogoratu du.
Gaineratu duenez, bizilagun horiei egindako proposamenari segituz, Espainiako Etxebizitza Ordezkaritzak eta Pasaiako Udalak bitartekaritza lanak egin dituzte, bizilagun horientzako irtenbideak bilatzeko, baina haiek baztertu egin dituzte. Epaituak izan diren bost familiekin akordio batera iristea espero duela erantsi du.