Trintxerpeko Herrera kaleko bizilagunen etxegabetzea, epaiaren zain

Pasaiako Portuko Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak merkantziak portutik eramateko trenbide bat egin asmo dute, eta, horretarako, 'Escalerillas' etxeetan bizi diren familiak etxegabetu nahi dituzte. Gaur han bizi diren bortz familia epaitu dituzte.

Trintxerpeko Herrera kaleko bizilagunei babesa adierazteko kontzentrazioa gaur, Donostian. ETXEBIZITZA SINDIKATUA
Trintxerpeko Herrera kaleko bizilagunei babesa adierazteko kontzentrazioa gaur, Donostian. ETXEBIZITZA SINDIKATUA
Isabel Jaurena.
2025eko ekainaren 30a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Trintxerpeko Herrera kaleko 11. eta 12. etxeetako —Escalerillas erraten zaio— bizilagunen kontrako epaiketa egin dute gaur Donostian. Hain zuzen, bertan bizi diren bederatzi familietatik bortz epaitu dituzte: Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak erran duenez, akusazioak prekario bidezko etxegabetze prozedura bat abiatu nahi zuen, «bertan bizi zirenak etxebizitzak usurpatzen aritu zirelakoan». Defentsak, baina, argudiatu du lehenbiziko maizterrek horien ondorengoei errenta kontratuak subrogatu zizkietela. «Izan ere, hainbat hamarkadatan bizi izan dira higiezin horietan, hileko errentak ordaindu dituzte, beren diru sarrerak etxebizitzak eta eremu komunak mantentzeko eta berritzeko erabili dituzte, eta Portuarekin denbora luzez harremanetan egon dira», adierazi du sindikatuak. Epaiaren zain gelditu dira, eta, etxebizitza sindikatuaren abokatuak erran duenez, datozen egunetan iritsiko da.

Pasaiako Portuko Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak merkantziak portutik eramateko trenbide bat egin asmo dute auzo horretan, laurehun metro ingurukoa; zehazki, xedea litzateke Europatik Pasaiara iristen diren bobinak Durangora (Bizkaia) bidaltzea trenbide sarea baliatuta. Horretarako, Escalerillas erraten dieten etxeetan bizi diren familiak kanporatzeko prozesuari ekin zioten 2023ko abenduan. Etxebizitza sindikatuaren arabera, baina, bizilagun gehienei kalte ordain ekonomikorik edo bizitoki alternatibarik eskaini gabe egin dute hori: bederatzi familietatik hiruri «kalte ordain barregarriak» eskaini dizkiete, edo gaur egun bertze pertsona batzuk bizi diren etxebizitza batzuetara aldatzea.

«Hainbat hamarkadatan bizi izan dira higiezin horietan, hileko errentak ordaindu dituzte, beren diru sarrerak etxebizitzak eta eremu komunak mantentzeko eta berritzeko erabili dituzte, eta Portuarekin denbora luzez harremanetan egon dira»

ETXEBIZITZA SINDIKATUA

Etxebizitza sindikatuak esplikatu duenez, Pasaiako Portuko Agintaritzak bi taldetan bereizten ditu bizilagunak: duela sei hamarkada baino gehiago portura iritsi ziren lehenbiziko maizterrak batetik, eta maizter horien oinordekoak bertzetik. Oinordeko horiek epaitu dituzte gaur, 09:30ean. Horiei babesa adierazteko kontzentrazioa egin dute epaiketa hasi aitzinetik, eta saioak iraun bitartean ere kanpoan egon dira.

Epaiketa baino bi aste lehenago portuak eta bizilagunek bilkura bat hitzartu zutela adierazi du sindikatuak, baina egun bat lehenago Portuko Agintaritzak bertan behera utzi zuela, agenda arazoak argudiatuta. Sindikatuaren erranetan, jarrera horrek «negoziatzeko borondate eza» erakusten du.

Erantzukizunak

Urte eta erdi baino gehiago daramate bizilagunek borrokan, etxebizitza sindikatua dutela lagun. Bide horretan «erantzukizun instituzionalak» seinalatu izan ditu sindikatuak: Portuko Agintaritza batetik, etxebizitzak eraitsi nahi dituena delako eta, beraz, etxegabetzeen erantzule zuzena; eta Euskal Trenbide Sarea bertzetik, lursailean trenbidea eraikitzeko arduraduna. Joan den maiatzean ohar bidez egin zituzten adierazpenak: «Beste behin ere, utzarazpen horien helburua enpresa pribatu bati eta haren interes ekonomikoei mesede egitea da, eta diru publikoarekin finantzatzea, bederatzi familia beren etxebizitzetatik kanporatzearen kontura».

«Diru publikoa erabiltzen da enpresa interesen alde egiteko, portuaren jarduerari urteetan eutsi diotenen etxebizitza eskubidea arriskuan jartzearen kontura»

ETXEBIZITZA SINDIKATUA

Hain zuzen, gaur ere salatu dute trenbide berria Eusko Jaurlaritzaren funts publikoekin finantzatutako obra dela, baina azpiegiturak «logika erabat pribatu bati» erantzuten diola: «Algeposa enpresaren kostu logistikoak murriztea». «Diru publikoa erabiltzen da enpresa interesen alde egiteko, portuaren jarduerari urteetan eutsi diotenen etxebizitza eskubidea arriskuan jartzearen kontura», borobildu dute.

Mobilizazioa

Etxegabetze mehatxuaren kontrako bidean mugarrietako bat izan zen iazko ekainean Pasaian egindako manifestazioa. Oiartzualdeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, mila lagun baino gehiago bildu ziren bertan bizilagunen egoera salatu eta horiendako etxebizitza alternatiba bat exijitzeko.

Gaur eguerdiko protestaren irudia, atzean 'Escalerillas' eraikina dutela. JON URBE / FOKU
Gaur eguerdiko protestaren irudia, atzean 'Escalerillas' eraikina dutela. JON URBE / FOKU

Horrez gain, 2.000 sinadura inguru bildu zituzten Pasaiako Portuari alternatiba bat topatzea eskatzeko, baina ez zuten erantzunik jaso. Bertan, salatu zuten Euskal Herrian, «non herritarrek batez beste soldataren %54 bideratu behar duten etxearen alokairura», ez zela bideragarria alternatibarik eskaintzen ez zuen prozesu bat garatzea. Pasaiako Udalean ere mozio bat aurkeztu zuten auzokideek etxegabetze prozeduren aitzinean babesa eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.