Epaiaren zain gelditu dira Alonso eta Maroto, 'San Antonio auzia' dela-eta

Espainiako Kontu Epaitegiak ebatziko du Gasteizko Udalak lokal baten alokairurako sinaturiko kontratuak kalte egin ote zion interes orokorrari

Javier Maroto eta Alfonso Alonso PPren mitin batean, Gasteizen, 2015eko urrian. DAVID AGUILAR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Epaiaren zain utzi du Espainiako Kontu Epaitegiak Alfonso Alonso EAEko PPko presidentearen eta Javier Maroto PPko Ekintza Sektorialeko idazkariordearen kontrako epaiketa. Haiekin batera, auzipetuta daude 2003 eta 2007 arteko udal gobernuko kideak eta hurrengo bi legegintzaldietako udal ogasun arduradunak —PSEkoa bata eta PPkoa bestea—.

San Antonio auzia esaten zaion horrek lokal baten alokairu kontratuan du abiapuntua. 2007an, Alonso eta Maroto Gasteizko alkate Ogasun zinegotzi ziren garaian, udalak 900 metro koadroko lokal baten alokairua hitzartu zuen, hogei urterako. Udal bulegoak San Anton kalera lekualdatzea zen asmoa. Kontratu horren ondorioz Alonsok eta Marotok ardura ekonomikorik ba ote duten argitu nahi du orain epaitegiak. Izan ere, udal gobernuak muzin egin zion teknikarien txostenari, eta aholkatu zitzaiona baino prezio garestiagoa ordaintzea onartu zuen, Gonzalo Anton enpresariaren alde.

Akusazioak —Gasteizko Udala, EAJ eta PSE— interes orokorrari kalte egitea leporatzen die orduko arduradunei. Fiskaltzak, ordea, ez du inolako akusaziorik egin. Eskaririk ez aurkeztea erabaki zuen otsailaren 15eko saioan, nahiz eta, ordura arte, 496.223 euroan zenbatu zuen udal kontuek jasandako kaltea, gehiegizko alokairuaren ondorioz. Hain zuzen, horixe da epaitegiak auzipetuei ezarri dien bermea.

Akusatuak ez ziren atzoko ahozko epai saiora agertu. Aldiz, epaitegiak Gasteizko Udaleko zenbait goi karguren grabazioak entzun zituen, udalak 2013an osatu zuen ikerketa batzordekoak. Defentsako abokatuek beste behin ukatu zuten udalak arduragabe jokatu izana: hitzartu zuten prezioa merkatuaren araberakoa zela azpimarratu dute. Auzia dagoeneko preskribatuta egon daitekeela ere ohartarazi zuten, kontratua sinatu zenetik ia hamar urte bete baitira. Orain akusazioen artean daudenak 2007 eta 2011 artean gobernatzen izan zirela ere esan zuten, PSE aipatuta, eta nabarmendu zuten orduan ez zutela ezer salatu.

Alonso, «konfiantzaz»

Alfonso Alonso «pozik» dago, «behingoz gai hau amaituko dugulako». Auzia argitzea espero du, dagoeneko «urte askoan» luzatu delako gaia. Alonsok ziurtatu duenez, «legea» errespetatu du beti, baita «hiriaren interesen alde» jokatu ere. Hori hala dela frogatzeko moduan dagoela esan du, eta horregatik «konfiantzaz» dagoela.

Bestelakoa da Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen iritzia. «Gasteizen denok dakigu: San Antonioko lokalaren kontratua oso kaltegarria izan da udalarentzako». Alkatea «itxaropentsu» agertu da eta «justizia» egingo dela espero du.

Bestalde, Adi ustelkeriaren kontrako elkarteak elkarretaratzea egin zuen atzo San Antonio kaleko lokalaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.