Epaiaren zain geratu dira Ernaiko sei kideak eta 'Topatu'-ko kazetaria

Bi urte arteko kartzela zigor eskaerei eutsi die fiskalak, eta absoluzioa eskatu du defentsak

Moreno, Mugertza, Button, Salegi, Elizburu, Anda, Sienra eta Etxeberria, epaiketako lehen egunean. J. DANAE / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
2015eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Epaiketa amaituta, Espainiako Auzitegi Nazionalaren sententziaren zain geratu dira «terrorismoa goratzea» egotzita epaitutako zazpi gazteak. Hiru saioren ondoren, hasierako eskaerei eutsi die fiskalak: hemezortzi hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorra, eta hamar eta hamabi urte arteko inhabilitazioa auzipetu bakoitzarentzat. Denak absolbitzeko eskatu du defentsako abokatuak, deliturik ez dagoela iritzita.

2013an Urduñan (Bizkaia) egindako Gazte Danbada jaialdiaren harira epaitu dituzte Ernaiko Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxeberria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Moreno eta Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegi —Periko Solabarria ezker abertzaleko militantea ere auzipetu zuten, baina epaiketatik kanpo utzi zuten azken orduan—. Xabier Lopez Peña preso zenaren heriotzaren ondoren, Gazte Danbada jaialdian «gudariei omenaldia» egitea egotzi zieten akusazioek.

Froga batzuk aztertu ondoren —ekitaldiko bideoak, esaterako—, azken ondorioak aurkeztu zituzten atzo, hurrenez hurren, akusazioek eta defentsak. Gazte Danbadako ekitaldi nagusian «agur eta ohore» eta «jo eta ke» gisako oihuak entzun zirela, hori izan da fiskalaren eta AVT herri akusazioaren argudio nagusietakoa.

Jone Goirizelaia defentsako abokatuak, berriz, gogora ekarri zituen «terrorismoa goratzea» egozteko baldintzak, auzitegietako jurisprudentzian jasoak. Adibidez, gorespenak «zuzenean» egiten direnean soilik direla delitu, ez «zeharka» egiten direnean. Fiskaltzaren argudioen aurka, azaldu zuen «jo eta ke» testuinguru ugaritan erabiltzen den esamoldea dela, eta ohikoa dela «agur eta ohore» erabiltzea heriotza baten aurrean, samina adierazteko.

Ernaiko kideetako batzuen kontra astungarri gisa erabili dute akusazioek gazte erakundeko «zuzendaritzako kide» izatea. Hori egotzi diete, baina halakorik ez dela frogatu salatu zuen atzo defentsak, ezta Ernaik zuzendaritzarik duenik ere. Guardia Zibilak egin zuen epaiketa ekarri duen lehen txostena, eta han jasotzen diren irudi asko Ernai sortu aurrekoak direla argudiatu zuten gazteen abokatuek.

Alde guztiek ondorioak aurkeztu ondoren, Anda auzipetuak hartu zuen azken hitza, denen izenean. Fiskalaren interpretazioa salatzen hasi zen, baina Angela Murillo epaileak ez zion jarraitzen utzi, hura «iritzi politikoa» zela esanda.

Kazetaritzaren zilegitasuna

Salegik hitz egin zuen ondoren, «kazetaritza mota guztien zilegitasuna» defendatzeko. Hala azaldu zion BERRIAri, auzi saioa amaituta. «Guk gure modua daukagu, eta horren alde egingo dugu». Lan horretarako, ordea, «baldintza demokratikoak» beharrezko direla oroitarazi zuen epailearen aurrean, eta kazetari lanetan aritzegatik «errepresaliatutako guztiak» gogoan amaitu zuen, zerrenda luzea aipatuta: Egunkaria, Egin, Ateak Ireki...

Maiatzaren 28an egin zuten zazpi gazteen aurkako epaiketako lehen saioa, baina eten egin zuten orduan. Lehen auzipetuak deklaratu ostean, zutik jarri ziren denak, herri harresia irudikatuz eta «euskal gazteria aurrera» oihuka. Publikoa kanporatu zuen epaileak, eta gazteek protestan jarraitzen zutela ikusita, poliziei agindu zien denak botatzeko handik. Ekainaren 11n jarraitu zuten, eta atzo amaitu. Hasieratik «zirku juridikotzat» jo dute gazteek auzia, benetako xedea «disidentzia epaitzea» dela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.