Nolanahi ere, Irakeko presidente ohiari Genevako hitzarmenean arautzen den tratua emango diotela ziurtatu dute AEBetako iturri militarrek. Nazioarteko Gurutze Gorriak, berriz, Hussein ikusteko eta aztertzeko aukera eskatu du, hain justu, egoera onean denetz ziurtatzeko.
Joan den larunbatean Hussein atxilotu eta igandean horren berri jakin zenetik, Irakeko presidente ohiaren etorkizunaren inguruko eztabaida piztu da. Nazioarteko komunitatea, oro har, bat dator epaitu egin behar dela iriztean. Noiz eta nola da, ordea, orain koska.
Irakeko egungoagintariek herrialdean bertan epaitzea eskatu dute. Irakeko behin behineko Gobernuak esan du Saddan Husseini epaiketa Iraken bertan egingo diotela, eta epaiketa "bidezkoa, justiziazkoa" izango dela. AEBek, berriz, "epaiketa zuzena" izango duela adierazi dute, baina xehetasun zehatzagoetan sartu gabe. Washingtongo Gobernuko bozeramaile batek gaur esan du epaituko dutela, baina aurretik denbora epe bat igoroko dela; hots, Husseinen auzipetzea ez dela berehalakoa izango. Giro honetan, Turkiako abokatu batek bere burua eskaini du Husseinen defentsa egiteko, eta Suedia ere prest dago Saddan Husseini bere espetxe batean lekua egiteko.
AEBetako militarrak Saddam Hussein galdekatzen ari dira. Donald Rumsfeld Defentsa idazkariak azaldu zuenez, Irakeko presidente ohiak ez die galderei erantzuten. Erresistentziari buruzko eta ustez Irakeko erregimenak zituen suntsipen handiko armen inguruko informazioa atera nahi diote Husseini, baina Rumsfeldk agertu zuenez, "uko egin dio gisa horretako gaien inguruan hitz egiteari".
Joan den larunbat iluntzean, hilaren 13an, harrapatu zuten AEBetako Armadako Infanteriako IV. Dibisioko soldaduek eta Indar Bereziek Hussein, Iraken bertan. Tikrit sorterri ondoko herriska batean zegoen gordeta, lurpeko zulo batean. Atxilotu zutenean ez zuela erresistentziarik jarri azaldu zuten AEBetako indarrek, eta "negoziatzeko" prest zegoela esan ei zien.
Iraken okupazioa