Euskararen normalizazioa lortzeko bidean egun dauden hutsune handienetarikoa justizia administrazioarena da. Oso nabarmena. Bost urtean behin hizkuntza eskubideen gaineko balorazioa egiten du Europako Kontseiluak, eta Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetu duten herrialdeek hartu dituzten neurriak aztertzea izaten da ikerketa horren helburua; bada, azkeneko txostena iazko irailean argitaratu zuen, eta eskari agerikoenetarikoa horixe izan zen: prozedura judizial guztiak euskaraz egin ahal izateko neurriak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, hor egun dauden gabeziez ohartarazita. Baliabide faltari erreparatu dio gaur EH Bilduk ere Eusko Legebiltzarrean, eta aldaketak eskatu ditu.
Datuek argi erakusten dute zeinen ahula den arlo horretan euskara: egun, EAEko justizia administrazioan %45 dira dagokien hizkuntza egiaztatua duten langileak. Fiskal eta letradunek ez dute inolako hizkuntza eskakizunik, eta horien artean oso eskasa da ezagutza. Horiek horrela, egoerarekin kezkatuta, Auzia Euskaraz proiektura bideratutako diruaren gaineko galderak egin ditu berriki EH Bilduk, egitasmo horren helburua baita arloan euskara sustatzea. Ez dago argi iaz zenbateko finantzaketa izan zuen egitasmoak. Eusko Jaurlaritzak argitara atera dituen azken erantzunetan, bi kantitate aipatu ditu. Erantzunaren lehen zatian, 943,80 euro besterik ez dituzte aipatu; bigarren zatian, 9.434,37ko beste diru sail bat ere jaso dute. Edonola ere, kopuru apala izan da: 11.000 euro baino gutxiago.
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran izan dute gaur hizpide gaia. Epaileen euskalduntzea bermatzeari buruzko legez besteko proposamena aurkeztu baitu EH Bilduk. Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkidearen esanetan, «dramatikoa» da egoera: «Ez da euskara gutxi erabiltzen justizian; zuzenean, ez da ia-ia erabiltzen. Ez da euskaraz aritzea debekatzen, baina hain da zaila eta konplikatua euskaraz jardutea, non gehiengoak gazteleraz egitera behartuta ikusten duen bere burua». Izan ere, «gutxi» dira epaile euskaldunak, gutxiago epaiketak euskaraz egiteko gaituta daudenak: «Eta, epaile euskaldunak izateko, sortu eta bultzatu egin behar dira».
Honatx Saez de Egilazek eman duen datua: «2020ko datuak oinarri hartuta, 2023an Jaime Tapia epaileak Sabino Arana fundazioak antolatutako jardunaldietan esan zuen 284 epailetatik hamazazpi soilik daudela gaituta euskaraz aritzeko epaiketa batean. Hau da, epaileen %6 soilik dira gai epaiketa oso bat euskaraz egiteko».
Argazki «penagarria»
Horrek baditu ondorioak: «Gaurko argazkia penagarria da: epai bat bera ere ez euskaraz; autoen %0,5 azken hiru urteetan; 2020tik 2023ra, 40 bat adierazpen soilik egin dira euskaraz, eta hamar agerraldi baino gutxiago. Hots, egunerokoan ez dago euskararik justizia jauregietan». Buelta emateko jarri zuten martxan Auzia Euskaraz, auzi oso bat euskaraz egiteko proiektu pilotua. Saez de Egilaz legebiltzarkideak galdera egin zion Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari, eta zerrenda baten bidez eman dio erantzuna: 2014tik hona proiektura zenbat diru bideratu den adierazi du. Eta benetan kezkagarria da datuek erakusten duten eboluzioa 2014. urtean 76.360 euro bideratu ziren egitasmora, eta ondorengo urteetan kopurua handituz joan zen. 2017an goia jo zuen: 173.356 euro bideratu ziren. 2019tik hona urtero 225.000 euro aurreikusi dituzte proiekturako, baina 2022a bitartean ez zen euro bakar bat ere jarri, eta azken bi urteotan ere, aurreikusi baino askoz ere gutxiago. 2023an, 34.785 euro izan ziren. Iaz, berriz, ez dago argi zenbat gastatu zuten.
Eta Auzia Euskaraz propio dago pentsatuta egun meharra den eremu hori sendotzeko. Horra nola aurkezten duten webgunean: «Proiektu honen bukaerako helburua da EAEko edozein epaitegitan auzi bat hasieratik amaierara euskaraz izapidetzea. Iparra hori izanda, proiektu honetan parte hartzen ari garenon lana, oraingoz, bitarteko zereginetara bideratuko da, prozesu hori gauza dadin azpiegitura eraikitzera». Eta epaiketak euskaraz egiten hasteko asmoa mahai gainean dago, baina atzeratzen ari da.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak 2021ean kargua hartu zuenean jakinarazi zuen epaiketak euskaraz egiten hasteko plan pilotua abian jartzeko asmoa zutela. Hainbatetan izan du hizpide egitasmo hori, eta Europa Press agentziak iazko urrian adierazi zuenez, epemuga ere jarri zuten: bi hilabete igaro baino lehen prest izango ziren egitasmoa hasteko. Baina 2025. urtea aurrera doa, eta berririk ez da. Publikoki egiten diren adierazpenetan-eta, hala ere, gaiari buruzko kezka agerikoa da. Urrian izan zen urte judiziala abiarazteko ekitaldia, Bilbon, eta han Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek hizpide izan zuen gaia, eta arloan «neurriak» hartzeko eskatu zuen. «Galdera da: inork irudika dezake ezin izatea epaiketak gaztelaniaz egin? Epaile batek, abokatu batek, fiskal batek ez jakitea gaztelaniaz? Erantzuna ezezkoa da. Zergatik onartu behar dugu kontrakoa euskararekin?».
Epaileak euskara ikasten
Adierazpen publikoetan antzematen den suhartasunarekin bat ez datozen aldagai objektibo gehiago ere badira, ordea. EH Bilduko Saez de Egilaz legebiltzarkideak egindako galdera baten bidez jakin da, adibidez, iazko ikasturtean bederatzi epaile bakarrik ari zirela euskara ikasten. Hor ere, datuen eboluzioa kezkarako motibo da: 2011-2012ko ikasturtean 25 aritu ziren euskara ikasten. Datuak ikasturte horretatik aurrera daude erregistratuta, eta inoiz erregistratutako kopururik handiena horixe izan zen. Gainerako ikasturte guztietan gutxiago izan dira, eta inoizko apalena izan zen aurreko ikasturtekoa.