Indarkeria matxista

Epaileak aske utzi du talde bortxaketaren harira espetxeratutako bi gazteetako bat

Atzo eta herenegun egin zizkieten ezagutze saioak akusatuetako bosti. Bilboko Udala akusazio gisa aurkeztuko da talde bortxaketaren auzian.

Talde bortxaketa gaitzesteko protesta Bilbon. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2019ko abuztuaren 22a
15:43
Entzun

Abuztuaren 1ean Bilboko Etxebarria parkean egin zuten bortxaketa argitzeko ikerketa martxan dago oraindik ere, baina epaileak aske utzi du espetxera bidali zuen bi gazteetako bat. Atzo eta herenegun akusatuetako bosti ezagutze saioak egin ondoren, epaileak espetxera bidali zuen horietako bat; izan ere, erasotzaile baten zauriak deskribatu zituen biktimak salaketa jartzean, eta deskribapen hori bat zetorren akusatuak zituen zauriekin. Gaur, baldintzapean aske utzi du asteartean atxiloturiko gaztea.

Atzoko saioetan biktimak ezagutu egin zituen hiru akusatuak. Hori ikusita, biktimaren abokatuek eta fiskalak akusatuak espetxeratzeko eskatu zuten, baina epaileak aske utzi zituen hirurak. Antza, horietako bi talde bortxaketa izan zenean beste toki batean zeudeneko irudiak baitituzte. Hirugarrena libre uzteko motiboa, berriz, herenegun egin zen ezagutze saio batean biktimak identifikazio oker bat egin izana izan zen, eta akaso kale egingo zuela atzo ere. Oraintxe, pertsona bakar bat dago espetxean talde bortxaketa horren harira –seigarrenaren deskribapen zehatza egin zuen biktimak, eta horregatik sartu zuten espetxean–. DNA azterketen zain dago orain epailea.

Bestalde, Bilboko Udalak prozesu judizial horretan herri akusazio gisa aurkeztea onartu du. Udaleko iturrien arabera, atzo onartu zuen udalbatzak pertsonatzea formalizatzea, Bilboko Udalaren zerbitzu juridikoen aurrean. Laugarren instrukzio epaitegian aurkeztuko dute eskaera, epaitegi hori ari baita kasua ikertzen. Kasurako, atzo eta herenegun egin zizkieten ezagutze saioak akusatuetako bosti: horietako hiruri atzo eta beste biri herenegun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.