Politika

Epaileak debekatu egin du Lasa-Zabala auzia salatzeko Tolosan biharko antolatutako manifestazioa

Garzonek hartu du erabakia, baina Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eutsi egin dio deiari. Duela 25 urte bahitu zituen GALek bi haiek, eta gero hil.

2008ko urriaren 17a
18:22
Entzun
Joxean Lasa eta Joxi Zabala ekintzaileen heriotza eta auzia salatzeko asmoz biharko Tolosan (Gipuzkoa) manifestazioa dago deituta, baina Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak debekatu egin berri du, Dignidad y Justicia elkarteak eskatuta. Garzonek dio manifestazioa Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta Askatasuna legez kanpoko erakundeek deitu duela. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, baina, eutsi egin dio deiari. 19:00etan da hastekoa ekimena, Triangulo Plazan.

Joan den asteazkenean 25 bahitu zituzten Baionan Lasa eta Zabala tolosarrak, etakideak zirelakoan. GAL Espainiako erakundearen lehen ekintza izan zen, eta Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneralari bi haiek torturatu eta erailtzeagatik 75 urteko kartzela zigorra jarri zioten.

Galindok, ordea, bost urte baino ez ditu pasatu espetxean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak hartu zuen hura kartzelatik ateratzeko erabakia, 2005eko urtarrilean, "osasun arazoak" direla-eta.

Gertaera harengatik inor ez dago kartzelan. Espainiako Auzitegi Nazionanalak 2000n denera 365 urteko espetxe zigorra jarri zien Galindo, Julen Elgorriaga, Angel Vaquero, Felipe Bayo Leal eta Enrique Doradori. Esaterako, Elgorriaga bahiketaren garaian Espainiako Gobernuaren ordezkaria zen Gipuzkoan, auzitegiak 75 urteko kartzela zigorra jarri zion, baina hark 21 hilabete besterik ez zituen egin barruan.

Lasa eta Zabalaren gorpuak 1985ean aurkitu zituzten Busoten (Alacant, Herrialde Katalanak), lurperatuta, eta hilerrira eraman zituzten, hilketa harekin lotu gabe aurkikuntza. 1995ean hartu zuen ikerketak beste norabide bat, hamar urte aurreko aurkikuntza hura 1983ko gertaerarekin lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.