Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduari muzin egin eta SA Sozialista Abertzaleak taldea ez desegitea erabaki zutelako abiatu zuen Legebiltzarreko Mahaiko hiru kide horien kontrako auzia. Auzipetuek argudiatu zutenez, Auzitegi Gorenaren agindua Eusko Legebiltzarraren araudiaren kontrakoa zen, eta, beraz, araudi hori aintzat hartuz, ezin zuten SA bertan behera utzi.
Joan den abenduaren 28an auzia artxibatzea erabaki zuen Nekane Bolado epaile instruktoreak. Auzipetuek ez zutela "erreboltarako berariazko borondaterik" izan, eta Batasunaren ilegalizazioak ez zuela legebiltzarreko taldearen desegitea derrigortzen argudiatu zuen. Gainera, Espainiako Fiskaltzak, auziaren bultzatzaile nagusiak, ez zuen epailearen erabakia errekurritu.
Bai, ordea, Manos Limpias elkarteak: helegitea aurkeztu zuen Bolado epailearen autoaren aurka. Hain zuzen ere, helegite horixe da EAEko Auzitegi Nagusiko Zibileko eta Penaleko Aretoak aintzat hartu duena; hari arrazoia emanez agindu du auziarekin aurrera jarraitzeko.
'Atutxa auzia'