Lan deialdi publikoetako euskara eskakizunen aurkako oldarraldiak ez du etenik. Oraingoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Bizkaiko Foru Aldundiaren deialdi bat, zeinaren bitartez 11 zeladore postu atera baitziren lehiaketa publikora. Lanpostu horietatik hamarretan, euskara profila C1 mailakoa zen, baina epaileek «neurrigabe» eta «baztertzaile» iritzi diote eskakizun horri. CCOO sindikatuak eman du epaiaren berri eta, argudiatu duenez, askoz gutxiago lirateke hizkuntza eskakizuna izan beharko luketen postuak: %46,47tan, zehazki.
«Lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak uztargarriak dira erabat, proportzionaltasun linguistikoa errespetatuz gero», adierazi du sindikatuak ohar batean: «Eusko Jaurlaritzaren 9/2024 dekretuaren 25. artikuluaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak nahitaez bete beharreko indizea, gaur egun, postu guztien %46,47koa da, eta baliogabetutako deialdian zeharo urratzen zen kopuru hori». CCOOren irudiko, euskarako C1 titulazioa eskatzea «behin-behineko langileak baztertzea» dakar: «Behargin horiek urteak zeramatzaten lanean, aldi baterako kontratuekin, eta B1 eta B2 profil linguistikoak zituzten».
Udal idazkariak jomugan
Ebazpenaren berri emateaz gain, CCOOk jo puntuan jarri du beste lan deialdi publiko bat: udal idazkari eta kontu-hartzaileena. Sindikatua kexu agertu da, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako egonkortze prozesuan «bazterrean gelditu direlako meritu handieneko langileen %30, zer eta C2 profil linguistikoa ez edukitzeagatik».
CCOOk «eskandalagarritzat» jo du egonkortze prozesuaren emaitza, eta Jaurlaritzari leporatu dio «bazterketa linguistikoa» egin izana: «Meritu puntuagarri gehien dituzten langileen artean, %30 prozesutik kanpo geratu dira C1 titulua izateagatik neurrigabeki exijitu dieten C2aren ordez». Sindikatuak berak oharrean esplikatu duenez, udal idazkari eta kontu-hartzaile horietako batzuek «20 urte baino gehiago» eman dituzte lanean, postu horretarako exijitutako hizkuntza eskakizuna ez izan arren.