Hezkuntza

Epaileek bertan behera utzi dute Skolae programaren ezarpena

Nafarroako Auzitegi Nagusiak tramitazio akatsak argudiatu ditu, baina ez da sartu programaren nondik norakoak aztertzera. Nafarroako Gobernuak programaren aldeko konpromiso «irmoa» duela adierazi du Javier Remirez presidenteordeak. «Albiste ona» dela dio Navarra Sumak.

Skolaeren bultzatzaileen alde sindikatuek urrian egin zuten bilkura. IñIGO URIZ, FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko ekainaren 18a
09:23
Entzun

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Skolae Nafarroako hezkidetza programaren onarpena, tramitazioan akats bat dagoelakoan. Auzitegian argudiatu du «guztiz» alboratu dutela «legez ezarritako prozesua». Izan ere, adierazi du programa, gai transbertsal bat izanik, xedapen orokor gisa tramitatu eta onartu beharra zegoela, eta ez ekimen administratibo baten bidez. Epaiaren aurka kasazio helegite bat jartzeko aukera dago.

Nafarroako Gobernuak hezkuntzaren arloan egindako apustu nagusietako bat da Skolae. Programak «kultura berdinzalea» bultzatzea eta indarkeria sexisten aurrean kontzientziazio lana egitea ditu helburu. Eskuineko sektoreek, ordea, oso irmo jo dute egitasmoaren aurka, eta umeak «doktrinatu» nahi izatea leporatu diote gobernuari. Iaz, jada, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak «sorgin ehiza» salatu zuen. Besteak beste, haren bulegoan sartu eta pintaketak egin zituzten. Halere, auzitegiak emaniko epaian ez ditu programaren nondik norakoak aztertu.

Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezek esan du sententziaren funtsa «forma kontu bat» dela, eta ez dela eduki kontua. Horregatik, gobernuak Skolae programarekiko duen konpromisoa «argia eta irmoa» dela azpimarratu du: «Nafarroako herritar gazteenen artean berdintasunean sakontzeko programa erabilgarri eta aktibo bat da». Gobernuak ikertu egingo du errekurtso bat jarri edo ez.

Navarra Sumak, berriz, esan du «albiste ona» dela epaitegiko sententzia. Javier Esparza bozeramailearen arabera, sententziak «babestu» egiten ditu «sektarismoak gidaturiko» lauko gobernuak «zanpa zitzan utzi ez zuten familiak». Esparzak dio aurreko gobernuaren «zorroztasun faltaren eta kudeaketa txarraren» adibide dela gertaturikoa: «Denak balio zuen euren ideologia inposatzeko bazen». Gainerako alderdiek babesa erakutsi diote Skolae programari, eta adierazi dute prest daudela sententziak agerian jarri duen formazko akatsa konpontzeko, programak aurrera egin dezan. «Epaitegi batek erraten badu ez dagoela segurtasun juridiko eta administratiborik, Nafarroako Gobernuak emanen dio segurtasuna», azaldu du Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak. Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak nabarmendu du «garrantzitsua» dela sententziak Skolaeren edukia zalantzan jarri ez izana, eta oroitarazi du Nafarroako Parlamentuko gehiengoak babesten duela. EH Bilduko Adolfo Araizen ustez ere «forma kontu hutsa» da: «Garrantzitsuena da Skolaeren edukia eta hezkidetza presente egotea». Gisa bereko iritzia eman du Ainhoa Aznarez Podemoseko bozeramaileak, eta azken biek Nafarroako Gobernuari eskatu diote forma akatsa zuzen dezan. Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariak gaineratu du Skolaek dakartzan edukiak curriculumean txertatu beharko liratekeela.

Forma akatsa argudio

«Edukiagatik, ezin da ekimen administratibo bat izan, ez delako arau bat ezartzeko egintza bat, ekimen administratiboak diren bezala. Curriculumean eduki transbertsal gisa integratzen da, eta hezkuntza maila ezberdinen curriculuma Foru Dekretu bidez onartzen da». Hala argudiatuta adierazi du epaitegiak Skolae programaren onarpena legez kanpokoa dela.

Epaileek azaldu dute, izaera orokorra duen xedapenen onarpen prozesurako foru legeari men eginez, aurreproiektuari memoria bat eta ikerketa ekonomiko bat gehitzeko beharra dagoela, baita eragiten dieten sail guztiei kontsulta egitekoa. Adierazi dute memoriak justifikatu egin behar duela proposatutako neurrien erregulazioa eta egokitzapena. Horrez gain, unitate organiko berrietan eta jada ezarrita daudenetan eginiko aldaketen kasuan, proposamenari kostu ekonomikoen eta antolaketa berriaren finantziazioaren gaineko ikerketak aurkeztu beharra nabarmendu dute. Azkenik, ezarpenerako prozedura bat eratu behar dela ere argudiatu dute.

Bide luzea epaitegietan

Skolae programaren aurkako salaketa Iruñeko bi ikastetxetako gurasoek jarri zuten, iaz. Horiek Nafarroako Gobernuaren bi ebazpenen aurkako helegiteak jarri zituzten. Lehena, 2018-2019 ikasturtean eskola publikoen antolaketa eta funtzionamendua ezartzen zituzten jarraibideen aurka. Bigarrena, berriz, Skolae programa Nafarroako ikastetxe publiko guztietara hedatzeko arauaren onarpenaren kontra. Hala, guraso talde horrek argudiatu zuen Skolaek «gurasoen oinarrizko eskubideak» urratzen dituela.

Nafarroako Gobernuak helegiteak ez onartzeko eskatu zuen, esanez horiek ezin zutela ebazpenaren aurka egin, baina epaileek atzera bota zuten eskaera, guraso horien oinarrizko eskubideei zuzenean eragiten dietela argudiatzen zutelako. Era berean, Nafarroako Gobernuaren defentsak argudiatu du salatzaileek ez zietela beharrezko bide administratiboei amaierara arte jarraitu eta, beraz, errekurtsoa araua ezarri zuen erakundean bertan jarri zitekeela. Kasu horretan ere, auzitegiak salatzaileen alde egin du. Adierazi dute lehen helegitearen kasuan —2018-2019 ikasturteko funtzionamenduarena— ebazpenean ageri dela hilabeteko epean Hezkuntza Kontseilaritzan gorako helegite bat aurkezteko aukera. Bigarrenean —ikastetxe guztietara hedatzeko planean—, ordea, halakorik adierazten ez dela azaldu dute, eta ez zutela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu.

Hura, ordea, ez da programaren aurka jarritako salaketa bakarra. Platarforma Nacional 18M taldeak —Juan Jose Cortes PPko diputatua du presidente— ere jarri zuen. Izan ere, ia programak bezain bide luzea darama auzitegietako joan-etorriak. Iazko ekainean, programan lanean aritutako hamar profesionalek deklaratu behar izan zuten, lekuko gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.