2018an Gasteizen bikotekide ohia eta haren ama hiltzea egotzita Arabako Probintzia Auzitegian epaitutako gizona hilketaren errudun jo du herri epaimahaiak, eta «azpikeriaz eta ankerkeriaz» aritzea egotzi dio.Epaimahaiak gaur iluntzean hartu du erabakia. Iturri judizialek Efe agentziari jakinarazi diotenez, epaimaihikideek uste dute genero arrazoiaren astungarria dagoela akusatuak bi biktimengan izan duen jokabidean, eta emazte ohiaren heriotzaren kasuan, senidetasuna ikusi dute. Gainera, ebatzi dute akusatuak «ankerkeria fisikoaz» aritu zela bikotekide ohiaren aurka, eta «ankerkeria psikikoaz» amaginarreba ohiaren aurka. Halaber, baztertu egin du akusatuak buru nahasmendua zuela –defentsak hori argudiatu du epaiketan–.
Auzitegiko buru den epaileak kaleratu beharko du orain zigor epaia. Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, ahaidetasun, genero eta ankerkeria astungarriekinegindako bi hilketengatik. Biktimen familia ordezkatzen duen akusazio partikularrak, berriz, 55 urte eskatu ditu, eta Clara Campoamor elkarteak, herri akusazio gisa, 60 urte.
Akusatuaren defentsak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen, aldi baterako buru nahasmendua eta hilketa ez, giza hilketa egin zuela argudiatuta.