Bihar zortzi hasiko da Udalbiltzaren aurkako epaiketa, eta auzipetuek jakin dute euren defentsa mugatu egin duela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak, hainbat eta hainbat lekuko eta froga baztertu dituelako. "Tribunalak asko moztu ditu guk aurkeztuta geneuzkan defentsarako elementuak; modu horretan, hankamotz utzi du gure defentsarako eskubidea", adierazi dute gaur auzipetuek. "Orain dela zazpi urte abian ipinitako erasoen katean beste pauso bat da hau. Gainera, erabaki judizial tinkoa da eta ezin da helegiterik aurkeztu horren kontra".
Esaterako, defentsak proposatutako 140 lekukoetatik epaimahaiak 20 baino ez ditu onartu, eta aurkeztutako 165 froga dokumentalak baztertu egin ditu.
22 auzipetu daude eta 10 eta 22 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte haien aurka, ETArekin lotura dutelakoan. 2003an egin zuten Euskal Herriko udalen elkartearen aurkako operazioa.
Epaiketa hasi eta bi egunera auziaren kontrako manifestazio nazionala izango da Bilbon (17:30, Casilla plaza). Udalbiltzako auzipetuek eta Euskal Herriko hainbat eragilek dute egina deia, Udalbiltza aske! Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari lelopean.
udalbiltza auzia
Epaimahaiak Udalbiltzako auzipetuen defentsa mugatu du
Hainbat eta hainbat lekuko eta froga baztertu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hilaren 15ean hasiko da epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu