Epidemia Nafarroan, osasun eremuka

Nafarroako Gobernuak datu zehatzagoak eman ditu osasun sistema publikoak artatutako kasuak erabilita. Iruñean dago kasu gehien, eta Artaxoak du indizerik handiena 1.000 biztanleko.

Iruñeko erietxe bateko ataria. IDOIA ZABALETA / FOKU
2020ko martxoaren 26a
18:00
Entzun

Nafarroako Gobernuak koronabirusak lurraldean izan duen bilakaerari buruzko informazioa eman du argitara. Ez du egin udalerrien zerrendarik, Eusko Jaurlaritzak bezala, baina osasun eremutan eman dituzte datuak. Kasu gehien Iruñeko Arrotxapea auzoan dago (67); Iruñetik kanpora, Burlatan (61), Tafallan (60) eta Barañainen (58) dago kutsatu gehien.

Asteazkeneko datuak xehatu dituzte, baina ez dituzte Nafarroako datu guztiak izan kontuan, Osasunbidea osasun zerbitzu publikoak jasotakoak baizik. Lurraldean 1.411 pertsonak dute COVID-19 gaitza denera, eta horietatik 1.213 artatu ditu Osasunbideak.

54 osasun eremuen artean, aurrez aipatutakoez gain, hauek dituzte 40 kutsatu baino gehiago: Iturramak (53), Txantreak (52), Bigarren Zabalguneak (50), Donibanek (49), Zizur-Etxabakoitzek (48), Ermitagañak (41) eta Cintruenigok (40).

Gainera, 1.000 biztanleko kasuen tasa ere egin dute. Artaxoak du indizerik handiena (6,31); haren atzetik, Tafallak (5,28), Cintruenigok (4,9) eta Burlatak (3,79).

Nafarroako osasun sistema etengabe ari da «aldatzen eta antolatzen bere jarduera, giza baliabideak eta baliabide materialak» koronabirusaren epidemiari aurre egiteko, Osasun Sailaren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.