Epidemiari buruzko informazio «fidagarriagoa eta lokalizatuagoa» galdetu du Ezenarrok

Hendaiako (Lapurdi) auzapezak salatu du Frantziako Estatuko zerbitzuek ez diotela eman epidemiari buruzko daturik. «Sekretuaren kultura» arriskutsua izan daitekeela esan du.

Kotte Ezenarro. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko abuztuaren 7a
12:45
Entzun

«Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa) egunero positibo eman dutenen kopurua ezagutzen dut, baina ideiarik ere ez dut Hendaian (Lapurdi), kudeatzen dudan herrian, epidemia zertan den». Kezkati mintzatu da Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza. Atzo, gutun bat helarazi zien Jean Castex Frantziako lehen ministroari, Pirinio Atlantikoetako departamenduko Eric Spitz prefetari, Olivier Veran Frantziako osasun ministroari eta Eskualdeko Osasun Agentziako zuzendariei. Kutsatze datuei buruzko informazio «fidagarriagoa eta lokalizatuagoa» eskatu die.

Izan ere, epidemia hasi denetik Eskualdeko Osasun Agentziak kudeatu ditu zenbakiak —kutsatu kopurua, PCR proben kopurua, fokuen kokapena—. Astero, Akitania Berriko datu orokorrak biltzen ditu agentziak. Kasu positiboen kopurua ere departamenduka ematen du: ez da, beraz, Ipar Euskal Herriko daturik ateratzen ahal. Kotte Ezenarrok «beharrezkotzat» jo ditu zenbaki horiek, epidemiaren araberako neurriak hartzeko. «Lapurdiko kostaldeko herri zenbaitek derrigorrezko egin dute maskara erabiltzea; beste batzuek hondartzak itxi dituzte. Egoera sanitarioa hobeto ezagutuko bagenu, neurri zorrotzagoak hartzen ahalko genituzke; edo alderantziz, arinagoak».

Herrika ez bada ere, Euskal Hirigune Elkargoak instituzio gisa datu horiek ezagutzeko eskubidea duela aldarrikatu du. «Sekretuaren kultura kontraemankorra izan daiteke», salatu du Ezenarrok Frantziako Estatuko zerbitzuei igorri dien gutunean. «Datuak ezagutuz gero, autoritateek hartzen dituzten erabakiek sinesgarritasun handiagoa izango lukete, eta herritarrek neurriak errazkiago errespetatuko lituzkete», auzapezaren arabera.

Azken asteetan, sare sozialetan asko zabaldu da zenbakiak ezkutatzen diren ustea. Ezenarro: «Nik ez dakit zenbakiak gordetzen dizkiguten. Baina errealitatea honako hau da: zenbakiak galdetu ditudan aldi oro, ez dizkidate eman. Nire kezka da jakitea zenbaki horiek badauzkaten ala ez».

Datu zehatzik gabe, baina auzapezak Ipar Euskal Herriko beste herriko etxeekin «koherentziaz» jokatu nahi izan du. Hondartzan, zortzi langile kontratatu ditu prebentzio lanak egiteko eta jendea segurtasun neurriak aplikatzera akuilatzeko. Bestalde, merkatu irekietan herritarrak maskara erabiltzera derrigortzeko erabakia hartu zuen uda hasieran, eta hondartza bazterrean maskara eramatea «gomendatzen» duten seinaletikoak jarri ditu. PCR probak egiteko gune bat ezarri du; eta atzo dozenaka herritar izan ziren testa egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.