Agirian, EPPK-k dio tortura ez dela izan “tresna selektibo bat”; modu sistematikoan erabili dela, Euskal Herrian dauden Polizia denek erabili dutela, eta ez soilik “ETAren ekintzaile izan direnen aurka”.
Presoen kolektiboari dagokionez, kide “gehienak” torturatuak izan direla dio, eta azpimarratu du espetxean ere “torturarekin pareka daitekeen egoera gizagabean” mantentzen dituztela, “bahituta, eta baldintza kaxkarretan deserriratuta”.
“Gutako batzuek tamalez ezin izan dituzte gainditu ondorioak”, salatu du EPPK-k.
Horrekin batera, EPPK-k eskatu du torturaz “nola edo hala kutsaturik” dauden prozedura judizial guztiak “balio gabe” geratzea, eta torturak eragindako “ondorio guztiak” konponbidean jartzea, “bai fisikoak, bai psikologikoak eta baita penalak ere”.