Euskal Presoak

EPPK-ko kideek euren kartzela eta zigor egoeren berri emango diete herritarrei

Hilaren 14tik 21era bitartean burutuko dute "borrokaldi berria". Egoera penala, bideratutako izapideak eta eskaera zehatzak helarazteko "ahalegina" egingo dute.

Xabier Rey Urmeneta euskal presoaren errausketa eta azken agurra Iruñeko hilerrian. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2018ko apirilaren 12a
06:58
Entzun

"Borrokaldi berri bat" burutzeko asmoa iragarri du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, BERRIAra igorritako bere agirian. Kolektiboak nabarmendu du testuinguru politikoak eta iaz burututako eztabaidaren ondorioen artetik bik agintzen diotela borroka motak egokitzea: "Batetik, legeak eskaintzen dituen bideak modu eraginkorragoan ibiltzeko erabakiak; bestetik, gure ekinbidea euskal herritarrekin batera egiteko ildoak".

Hori dela eta, hilaren 14tik 21era kolektiboko kide bakoitzak bere kartzela eta zigor egoeraren berri herritarrei emateko "ahalegin berezia" egingo duela jakinarazi dute: "Egoera penala, bideratutako izapideak eta eskaera zehatzak, babes-beharrak eta beste, norberak bere auzo edo herriko elkarteei helaraziko die egoeraren berri, hauek egoki irizten dioten erabilpena eman diezaioten (herriko agintari eta giza-eskubideez eta presoen eskubideez arduratzen diren elkarteei helaraztea, adibidez)".

Azken hilabeteotako gertaeren errepaso bat ere egiten du EPPK-k bere agirian. Abenduko eta urtarrileko manifestazioek erakutsitako "babesa" nabarmentzen du, Frantzian ematen hasi diren "mugimendu batzuk" aipatu, Espainiaren jarrera "immobilistak eta inboluzionistak" deitoratu, eta presoei egiten zaizkien harrerak "kriminalizatu" nahia kritikatu. Xabier Reyren heriotzak senide eta hurkoen artean eragindako "kezkaz" jakitun, kolektiboak ez du ukatzen egoera "premiatsua" dela: "Baina, jakinarazi nahi dugu ere, lehen bezala, gure gogo-bihotzak gure herriaren askatasuna lortzeko egin beharrekoan daudela”.

BERRIAk paperezko bere biharko edizioan emango du agiria osorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.