Erabakitzeko ahalmenaren inguruko eztabaida ate-joka dago Euskal Herrian eta Katalunian. Oso krisi sakonean murgilduta dago Espainia, eta ezinbestean datorkion erronka da. Itxuraz, foku guztietatik kanpo dagoen auzia da, baina Espainiako sektore kontserbadoreenak oso kezkatuta daude, eta Jose Maria Aznar buru duen Faes institutuko azterketek, kasu, «histeria» islatzen dute. Edo gutxienez hori dio Joan Tarda ERCko diputatuak. Atzo Etxarri Aranatzen iragarri zuen Katalunia «demokrazian sakontzera» doala. Euskal Herrian ere, Joseba Egibar EAJren Gipuzko Buru Batzarreko buruak eta Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak ondorioztatu zuten euskal gatazkaren konponbidea hortik etorriko dela. PSNko presidente Roman Felonesek, ostera, autodeterminazioarekin «tribalismo posmoderno batean» erortzeko arriskua ikusten du.
Etxarri Aranatz sortu zela 700 urte beteko dira aurten, eta Etxarri 2012 ekimenak gonbidatuta, solasaldi politiko interesgarria eskaini zuten atzo goizean lau politikariek. Moderatzailea Pello Urzelai BERRIAko politika saileko arduraduna izan zen. Eztabaidak azpimarratu beharreko argazkia utzi du. Jendaurrean, normaltasun osoz hitz egin dute PSNko zuzendaritzako kide esanguratsu batek eta ezker abertzaleko kide batek. Edukiari dagokionez, Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrenaren testuinguruan, subiranotasunaren inguruko gogoeta historikoa egin dute lau politikariek, baina iraganeko erreferentziengainetik, oraingo egoera politikoan egon da mamia.
«Lurraldeak pertsonarik gabe paisaiak dira. Pertsonek dute garrantzia, eta pertsonek herri bat osatzen badute, beren etorkizuna erabaki behar dute». Ideia hori azpimarratu du hasieran Joseba Egibarrek. Bere ikuspuntutik, historiak erakusten du estatua osatzeko bidean erreferentzia bakarrak «ezkontzak eta gehienetan gerrak» izan direla. Haren ustez, «iragan hori gainditu behar da» eta erabakitzeko giltza herritarrengan jarri behar da.
Joan Tardaren ustez, Sobietar Batasuna eta Jugoslavia desegin geroztik, Europa «fase berri batean» sartu da, eta pixkana erabakitzeko eskubidea gauzatu duten adibideak garatzen joan dira. Saihestezina den joera dela deritzo, baita Espainiar estatuan ere. Bere ustez, «demokrata izan behar da abertzale, federalista, espainiarzale edo unionista izan aurretik».Demokrazian sakontzekoerabakitzeko eskubidea mahai gainean jarri behar dela deritzo.
Pernando Barrenak independentzia eta autodeterminazioaren arteko bereizketa egin du: «Independentzia ez da eskubidea. Herri honi eskaintzen zaion beste proiektu politiko bat da. Diferentzia hori presente egon behar da egungo testuinguru politikoan. Independentzia gehiengoen bidez irabazten delako. Kito. Baina herritarrek erabaki ahal izatea ez da irabazi beharreko zerbait, kultura demokratiko guztiek errespetatu beharko luketen kontzeptua baizik».
Roman Felonesek gogora ekarri du Espainiako Konstituzioak Nafarroarentzat bai jasotzen duela «autodeterminazio erregulatu bat»: Parlamentuaren gehiengoak erabaki eta herritarrek erreferendumena berretsiz gero, beste euskal lurraldeekin bat egiteko aukera ematen du. «1982tik hona ezein alderdik ez du klausula hori erabili. Zergatik? Hauteskundez hauteskunde, herritarren %60 eta %65 inguru Nafarroa erkidego bereizi gisa nahi dutelako».
Barrenak erantzun dio arazoa ez dela Nafarroa EAErekin bat egitea. Are gehiago, aukera hori «iraingarritzat» jo du, euskal estatuaren sorburua Nafarroa izaki. Barrenak aldarrikatu du herritar guztiek erabaki ahal izatea «inongo tranparik gabe»; hau da, «gizarteari eskaini ahal izatea proiektu guztiak mugarik gabe, eta proiektuak bideragarriak izatea. Konstituzioaren eta Foru Hobekuntzarenaraberaez da posible, independentzia ez delako bideragarria».
Egibarrek eztabaida horretan beste tranpa bat identifikatu du. Bere ustez, Europa eraikitzeko prozesu horretan subjektu politiko bakarrak «hiritarrak eta estatuak» direla azpimarratzen da. «Hiritarren eta estatuen artean ez dago ezer. Ez dago naziorik, ez dago herririk, ez dago estatuek onartzen ez dituzten errealitaterik. EAEn, Patxi Lopez lehendakariak ez du herri batez hitz egiten, hiritarrez baizik. Hiritarra da eskubide guztien jabe, bat ezik.Ezin duzu nazioa aukeratu».
Bere ikuspuntuak beste hiru solaskideekin talka egiten zuela jakitun, Felonesek galdetu du zer irizpideren arabera zehazten den zein herrik izan dezakeen autodeterminazio eskubidea. Kolonia izandakoen kasuan hori «argi» bazegoen ere, egungo Europan, hamar estatutik bederatzi «multinazionalak» direla gogorarazi du, eta eskubide horren kutxa irekitzea «bereziki gatazkatsua» izan daitekeela deritzo. Felonesek uste du erabakitzeko eskubidea mugara eramanez gero, Arabak edo Tuterako merindadeak eskubide hori aldarrikatu dezaketela. Felonesek proiektu guztiak «demokratikoak» izatea garrantzitsutzat jo du, baina onartu du «bi muga» daudela: «Egitura juridikoak ez du uzten, hori argi dago, subjektua Espainiako nazioa delako, eta era berean, uste dut Europak ez duela babesten».
Zilegitasunaren eta legalitatearen arteko talkan, demokrazia garaile ateratzen dela deritzo Tardak, eta modu adeitsuan «intelektualki iraganean ezarritako posizio mugiezina» izatea egotzi dio Felonesi. Bere esanetan, Katalunian, herritarren %65 independentziaren alde egon litezke, eta kontra direnek ere ontzat jotzen dute herritarrei galdetzea. Bere ustez, «Europako Batasuneko parkingetan tankeek ez dute tokirik», eta hortaz, gehiengo demokratikoari aurre egiteko Espainiak ez du arma demokratikorik.
Pernando Barrenak azpimarratu du egungo marko juridikoak «zilegitasun defizita» izan arren, hortik abiatu behar dela aldaketa. Trantsizio horretan, lurraldeen zatiketak eragin dituen errealitate soziologiko desberdinak aintzat hartu behar direla dio. Hala, lehen urratsa erabakitzeko eskubidearen alde «herri sostengua nahikoa» lortzea eta egungo «gehiengo soziala gehiengo politiko» bihurtzea dela dio. Gatazkaren konponbidearen gakoa hor datza, eta horren inguruko akordioa politikoa lortzea da erronka.
Felonesek «bazterkeriarik gabe» elkarrizketa politikoa izateko borondatea agertu du, eta gaineratu du urritik gertaerak «abiada handian» doazela.
Ika mika politikoa ere izan dute jarraian Joseba Egibarrek eta Barrenak. «Etxean egonik eta zintzo jokatu behar delakoan», Egibarri ez zaio egokia iruditzen garai politiko berriaren definizioa «ETAren erabaki batek» azaltzea, arazoa aspaldikoa baita. Horregatik, Barrenari galdetu dio zergatik ezker abertzaleak egin duen bide demokratikoen aldeko hautu hori orain eta ez «1988an edo 2006ean». Barrenak erantzun dio «ukaezina» dela garai berria dela, eta itzuli egin dio galdera EAJri: «Zergatik ez orain, zergatik ez zen posible izan 1998an, 2006an eta bi kasuetan zergatik ez ziren lehenetsi herri interesak?». Egibarren kritika hegemonia galtzeko beldurraren ondorio dela deritzo.
Egibarrek ukatu egin du hegemonia galtzeko kezka duela EAJk. «Etorkizunari begira, gizarte berritu bat eraikitzeko iraganeko hainbat eta hainbat jarrera alde batera utzi behar dira». Bere ikuspuntutik , 35 urteren ostean, «ondorio berera» iritsi dira orain, baina gizarteereduari buruzko ikuspuntu desberdinak uztartu nahi badira, denok egin beharko dute topo.
Eztabaidaren bideoaBERRIAren webguneanikusgai:
www.berria.info
Erabakitzeko eskubideari buruzko solasaldi politikoa
Erabaki ahalmena da badatorren «bataila demokratikoa»
Etxarri Aranatzen, subiranotasunari buruz mintzatu dira Roman Felones, Joseba Egibar, Pernando Barrena eta Joan TardaAutodeterminazio eskubidea demokrazian sakontzeko ariketa dela nabarmendu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu