Euskaraz bizi nahi dugu lelopean, euskaldun eta euskaltzale ugari biltzen ari dira gaur Donostiara, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deituta. Euskaraz lan egin eta bizi nahi dutela aldarrikatu dute, eta erakundeei eta gizarteari eskatu diete beren hizkuntza eskubideak bermatzeko.
Tenperatura oso hotza bada ere, milaka lagun elkartu dira Donostiako kaleetan. Gazte askok egin dute bat. Martxaren burua Mendeurren Plazara iristen ari dela, Anoetatik ateratzen ari da manifestazioaren atzealdea. Buruan doaz, besteak beste, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Igone Lamarain Euskal Herrian Euskaraz-eko ordezkaria eta Joanmari Larrarte Berria Taldeko kontseilari ordezkaria. Musika doinuak eta euskaraz bizitzearen aldeko oihuak dira nagusi.
Euskal Herriko bazter ugaritatik heltzen ari dira. Besteak beste, autobusak antolatu dituzte Bilbotik, Barakaldotik, Durangotik, Gernika-Lumotik (Bizkaia); Gasteiztik, Laudiotik (Araba); Lizarratik eta Baztandik (Nafarroa).
Alderdi politiko, sindikatu eta kultur eta gizarte eragile ugariren ordezkariak daude manifestazioan. Politikaren alorrekoak, besteak beste: Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Joseba Permach eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagiak. Sindikatuetakoak, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz Txiki, CCOOko ordezkari Jesus Uzkudun eta LABeko Javi Garnika. Joan Mari Irigoien idazleak ere bat egin du martxarekin, eta Seaskako Hur Gorostiaga eta Paxkal Indo ere Donostian dira. Euskal hedabideetako kazetari ugari daude manifestazioan, eta EITBko kazetari batzuk taldean joan dira. Mikel Laboaren abesti ugari entzun ahal izan dira ibilbide osoan zehar eta amaieran; hain justu, gaur dira lau urte Donostiako abeslaria hil zela.
Erabaki "ausarten" eske
"Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz ez bada, ez delako bizitzea guretzat", esan du Paul Bilbaok manifestazioaren amaieran. Defendatu du euskaraz bizitzea "eskubidezkoa" eta "justiziazkoa" dela, eta kritikatu du hautu hori egiteko dauden oztopoak. Bilbaoren aurretik, Itziar izeneko emakume batek kontatu du zer-nolako zailtasunak bizi dituen euskaraz bizitzeko, eta horiek gainditzeko deia egin du.
Erabaki politikoak aldarrikatu dituzte. "Lehenik eta behin euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko politikak behar dira". Bestetik, euskararen erabilera bermatzeko "espazioak sortu eta hedatzeko erabaki irmoak" galdegin dituzte. Bi hitzetan laburtu dute eskaria: "Erabaki ausartak". Aitortu dute hizkuntzaren berreskurapen prozesua ez dela "lan makala", baina oroitarazi dute hamarkadetan zehar "pentsaezinak izan zitezkeen tresnak" sortu direla euskaraz bizitzeko.