«Erabaki eta erritmo propioak» adosteko eskatu du Garitanok

Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du Euskal Herriko «errealitatea» kontuan hartu behar dela zerga eta aurrekontu politiketanAdierazi du Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiei biltzeko gonbita egina diela

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia, Jose Luis Bilbao Bizkaikoa eta Martin Garitano Gipuzkoakoa, iazko urrian eginiko bilera batean. J. RUIZ / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernua hartzen ari den neurrien aurrean, Gipuzkoako ahaldun nagusiak dei egin die Bizkaiko eta Arabako foru aldundiei, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, egoera aztertu eta «herri gisa» erantzuteko. Martin Garitanok aurrekontuak erabakitzeko eskumena babestearen alde egin du, eta adierazi du «erabaki eta erritmo propioak» nola diseinatu adostu behar dela. Egoera ekonomiko larria dela eta, maila askotan «akordio orokorrak» beharko direla uste du, nahiz eta herritarrek, eragile sozialek eta erakundeek «tarte txikia» izan egoera honi irtenbidea aurkitzeko. Donostian atzo egindako prentsaurreko batean egin zituen adierazpenok Garitanok.

Agerraldi horretan, Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du Espainiako Gobernua hainbat esparrutan «inposatzen» ari den erabakiek —aurrekontuetan eta zerga politikan, besteak beste— ez dutela kontuan hartzen Euskal Herriko «egoera propioa». «Porrot egin duen estatu batean aplikatzen ari diren neurriak inposatzen ari zaizkigu», esan du, eta ziur agertu da horrek bertako ekonomian eragin kaltegarria izango duela. Adibide moduan, Aurrekontuen Egonkortasun Legea ekarri du gogora, instituzioei aurrekontuetan gastu muga bat ezartzen diena. Gaineratu du datozen urteetako gastu ahalmena «izugarri» mugatuko dela defizitean eta zor publikoan eginiko murrizketekin, baita sektore publikoak ekonomia suspertzekoegin ahal izango duen ekarpena ere: «Sektore publikoaren garapena bera ere kolokan jarriko litzateke».

Horren guztiaren aurrean, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eskatu du alderdien interesak albo batera utzi eta adostasun zabala bilatzeko. «Premiazkoa da herri gisa erabakiak hartzen hastea bidegabekeria hori gelditzeko». Bide horretan, iragarri du aldundiak urratsak egingo dituela zerga sistema eta aurrekontu politika propioari eusteko, eta esan du erakundeei dagokiela «jardunerako funtsezko tresnen inguruan» ados jartzea; hau da, aurrekontu publikoei ezarri beharreko mugen, zerga sistemaren eta politika sozialen inguruan.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak jakinarazi du harremanetan jarria dela Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarekin eta Javier de Andres Arabakoarekin. «Biltzeko gonbita» egin diela dio, eta EAEko lehendakari Patxi Lopezekin eta Nafarroako presidente Yolanda Barcinarekin ere halaxe egingo duela. Mendekotasun Legearen inguruan osatutako mahaian akordiorik lortu ez bazuten ere «egoeraren larriak» beste ahalegin bat eskatzen duela dio Garitanok.

'Bravo auziko' ardura politikoaz

Jose Maria Bravo Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoan jazotako iruzurragatik zigortua izan ostean, Garitanok adierazi du «ardura politikoak» ere badaudela. Gogorarazi du iruzurra gertatu zenean Ogasuna EAJren esku zegoela, eta esan du «ezinezkoa» dela 15 urtean iruzurrari eustea «alde politiko horrek erantzukizunik izan gabe». Gogora ekarri du Bizkaian Juan Ramon Ibarraren kasua gertatu zenean ere EAJ zegoela boterean. «EAEko Ogasunak iruzurgune ez diren arren, argi dago zenbait pertsona babestuak sentitu izan direla herritarron dirua lapurtzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.