Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auziko bost zigortuak espetxean mantentzeko erabakiaren inguruko balorazioa egin du gaur arratsaldean EH Bilduk. Agerraldian izan dira Pernando Barrena Sortuko bozeramailea, Ernesto Merino Aralarreko Gipuzkoako koordinatzailea eta Unai Ziarreta EAko politika instituzionaleko burua.
Eskandalagarritzat jo du Pernando Barrenak Auzitegi Konstituzionalaren erabakia: "Afera politikoa da %100ean, PPren eta PSOEren babes politikoa duena”, esan du. Barrenak salatu du "politikoa" izan zela 2009ko urriaren 13ko polizia operazioa egiteko PSOEren gobernuak hartu zuen erabakia, baita ondoren jarritako zigorrak ere. "Ildo beretik doa gaurko erabakia ere", erantsi du.
Barrenaren ustez, "agerikoa da Espainiako Estatuak Euskal Herriko egoera berriarekiko duen jarrera islatzen duela erabaki honek”. Halaber, salatu du Espainiak “errepresio eta salbuespen politikarekin" jarraitzen duela, "euskal jendartearen bake eta konponbide nahia zapuztu nahian". Hala ere, bide horretan "oker" dabilela ohartarazi dio, "euskal gehiengo politiko eta sozialak konponbide eta bake agertokia eraikitzeari" ekin baitio, nazioarteko komunitatearekin elkarlanean.