Erabakitzeko eskubideak babes zabala du oraindik ere: %66,3

Herritarrek galdeketaren bidea onesten dute, eta %62,7k uste dute estatuek emaitza onartu beharko luketela. Euskal estatuaren aukeraren inguruan ez dago «jarrera kolektibo irmorik».

Igandean Larhun mendian burujabetzaren alde egindako ekitaldia. PATXI BELTZAIZ / FOKU
Igandean Larhun mendian burujabetzaren alde egindako ekitaldia. PATXI BELTZAIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko maiatzaren 26a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Naziometroaren arabera, euskal herritarrak erabakitzeko eskubidearen alde daude, eta aldekotasun hori handitu egin da azken urteotan. Euskal Hirigune Elkargoak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketen itaunduta, galdekatutakoen %66,3k baietz erantzun dute. 2024ko Naziometroan, %60,5ekoa izan zen datu hori, eta duela bi urte, %59,8koa.

Estatus politikoa aldatzekotan, herritarren %52,5ek uste dute herri galdeketa baten bidez egin beharko litzatekeela. %31,3k uste dute tokian tokiko erakundeei, hau da, Euskal Elkargoari, Nafarroako Legebiltzarrari eta Eusko Legebiltzarrari dagokiela erabaki hori hartzea, eta %21ek pentsatzen dute erabakia Frantziako Asanblea Nazionalak eta Espainiako Kongresuak hartu beharko luketela.

Galdekatutakoen %62,7k uste dute Frantziako eta Espainiako estatuek onartu beharko luketela euskal herritarrek erreferendum baten bidez erabakitakoa. 2020an Naziometroa egiten hasi zirenetik, portzentaje hori beti izan da %52tik gorakoa, baina azken urtean asko handitu da, 2024an %53,9koa izan baitzen. Erreferenduma debekatu beharko luketela uste dutenen multzoak, berriz, behera egin du, eta %13,5ekoa da orain.

Herritarren %44k uste dute Euskal Herriko erakundeek eskumen gehiago izan beharko lituzketela; oraingo egoerari eustearen aldekoak, berriz, %33 dira. %37,2k «harreman gehiago» nahi dituzte Euskal Herria osatzen duten hiru administrazio eremuen artean, eta %21ek «erakunde bateratuak» nahi dituzte; orain arte bezala nork bere aldetik jarraitzearen aldekoak %29,8 dira.

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrei beren-beregi galdetu diete Euskal Elkargoa osatzeko moduaren inguruan. %36,5ek babesten dute oraingo sistema, herriko etxeetako hautetsien bidez egiten dena, baina %60,2k uste dute herritarrek bozka bidez eta zuzenean aukeratu beharko lituzketela elkargoko kideak.

Euskal estatuaren aukera

Naziometroan bi galdera egin ohi dituzte herritarren burujabetza nahia neurtzeko: alde batetik, inkesta egiten dutenei zuzenean galdetzen diete ea Euskal Herriaren independentziarekin ados dauden ala ez, eta, beste aldetik, euskal estatuaren aukeraz ere itauntzen diete. Azken neurketaren arabera, ez dago aldaketa handirik: independentziaren alde daudenek segitzen dute %23 inguru izaten, eta kontrakoak %43 inguru dira.

Euskal estatuaren aukerari dagokionez, euskal gizarteak ez du «jarrera kolektibo irmorik», ikerketaren egileen arabera. Gehiago dira euskal estatua nahi dutenak (%38,5), eta, gainera, portzentajeak gora egin du aurreko ikerketarekin alderatuta; kontra daudenak %26,5 dira, portzentajerik txikiena galdeketa egiten hasi zirenetik. Baina esanguratsuena da jarrera argirik ez duen multzo handi bat dagoela, eta horrek gora egin duela azken urteotan. Egun, euskal estatuari buruzko auzian abstentziora joko luketenak eta erantzunik ematen ez dutenak batuta, ia %35era iristen da jarrera finkorik ez duen multzo hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.