Herri galdeketen aroari amaiera eman eta "ziklo berria" zabaldu nahi du Gure Esku Dago herri dinamikak. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sor daitezkeelakoan, heldu den urterako oinarriak eta helburuak zehaztu ditu Agurainen (Araba) egindako ezohiko batzarrean. Erabakitzeko eskubidea "edukiz" bete asmo duen Etorkizuna izeneko plangintza onartu dute bertan. Ekainaren 10erako iragarri dute mobilizazio nagusia.
Bide horretan, baina, herritarrek "zergatik eta zertarako" erabaki nahi duten jasoko dute, eta Herritarren Ituna jarriko dute martxan ondoren. "Ekainetik aurrera, Euskal Herriko eragileen artean herri gisa erabakitzeko behar diren konplizitateak eta adostasunak jostea izango du helburu Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Herri Itunak", adierazi du dinamikaren bozeramaile Zelai Nikolasek.
"Ahalegin berezia" hiriburuetan
Herri galdeketen lan ildoari ere jarraipena emango diote, baina, "borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz". Bada, herri galdeketen "olatua" Euskal Herriko hiriburuetara iristeko "ahalegin berezia" egingo dutela iragarri du Nikolasek. "Donostian dagoeneko abian da prozesua", gogorarazi du –Gasteizen asteon baztertu dute datorren urtean galdeketa egitea–. 180 herritan egin dituzte, eta 177.000 lagun inguruk eman dute botoa.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataforma "sendotu" eta erronka berriei heltzeko asmoz, bazkideen kanpainari bultzada berezia eman nahi diete datozen hilabeteetan. Horrez gain, Tripontzia Urteberriko Saria ere kaleratu du dinamikak iturri gisa.