«Erabiltzaileak ez daude ondo zainduta»

Zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek 33. greba eguna egin dute, Araban langileen baldintza «duinak» bermatuko dituen hitzarmen baten alde.

Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen elkarretaratzea, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen elkarretaratzea, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko apirilaren 25a
16:15
Entzun

Pixkanaka handituz joan da Andre Maria Zuriaren plazaren erdigunean bilduta dagoen taldea, eta, sindikatuetako ordezkariek kazetariekin hitz egin ostean, zirkulu handi bat osatu dute zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Gasteizko Batailaren monumentuaren inguruan eseri dira 50 bat lagun, gehienak emakumeak, eta horietako asko grebari buruzko kamisetak jantzita. Isiltasun une labur baten ostean, Sandra Temprano zahar etxe pribatu bateko langilea ausartu da inor egitera ausartu ez den urratsa egitera, eta irmoki hartu du hitza: «Ezin dugu gehiago». Berak eta lankideek bizi duten egoera salatu du jarraian: «Langile bakoitzak goizero zortzi eta hamar erabiltzaile artean altxatu behar ditu».

Tempranoren hitzak entzutean, baina, barre isekari batzuk entzun dira. «Zenbat?», galdetu dute batek baino gehiagok aldi berean. «Zortzi edo hamar? Horiek ez dira hainbeste!», erantsi du emakume batek. Batzar itxura hartu du orduan mahai inguruak, eta, lotsak bazterrean utzita, ia denak ausartu dira greba egunari hasiera eman dion mahai inguruan parte hartzera.

Zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek 33. greba eguna egin dute gaur, Araban langileen baldintza «duinak» bermatuko dituen hitzarmen baten alde. Lau urteko borrokak amaierarik ez duela ematen badu ere, baikortasunez heldu nahi izan dio gaiari Maialen Saez de Okariz Gasteizko Mugimendu Feministako kideak: «Poliki goaz, urrunera goazelako».

Orain arte egindako «bidaia luzeari» buruz hausnartu dute gaurko mahai inguruan, hain zuzen. Pandemiaren aurretik hasi ziren lanean mugimendu eta sindikatuak zaintza erdigunean jartzeko, eta pandemiarekin indartu zen borroka. Hala ere, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkarien arabera, duela lau urte bezain «blokeatuta» dago hitzarmen berriaren negoziazioa egun: «Orain dela lau urte negoziatzeko ezarri ziguten patronala patronal fantasma da: ez da aurrerapenik egin». 

Bestalde, ratioak —erabiltzaile bakoitzeko langile kopurua— «lotsagarriak» direla azpimarratu dute hitz egin duten langile guztiek, eta zahar etxe batzuetan besteetan baino «are lotsagarriagoak». Caser zahar etxe pribatuko langilea da David Alonso, eta haserrea adierazi du lankideen aurrean: «Onartezina da egoitza publikoetan langile bakoitzak lau eta sei erabiltzaile artean izatea eta pribatuetan gutako bakoitzak hamalau edo gehiago izatea».

Alonsoren hitzak entzutean, aurrera eta atzera mugitzen hasi dira buru asko, lankidearen hitzekin ados daudela adierazi nahian. ELAko ordezkariak gaineratu du sarri herritarrei gezurra esaten dietela, eta Arabarren moduko zahar etxeak ez direla «zin egin zuten bezain onak»: «Erabiltzaileak ez daude ondo zainduta. Haien helburu bakarra dirua lortzea da, laguntzei, familiei eta langileen prekaritateari esker».

Gezurrak nonahi

Instituzioei, patronalei eta zahar etxeei gezurra esatea leporatu diete langileek. Zahar etxeen bilakaera aztertzeko ikuskatzeak hitzartuta daudela salatu dute bi emakumek, eta patronalek dena «ondo prestatua» dutela ziurtatu dute. Miguel Sagarribai Arabako pentsionisten mugimenduko kidearen arabera, «aldez aurretik» ematen diete abisua enpresei: «Ikuskatzea noiz egingo den esaten diete eta, kasualitatez, egun horietan langile askoz gehiago daude». 

Tempranok adierazi duenez, hori ez da zahar etxeek erabiltzaileen senideei esaten dieten gezur bakarra: «Familiek 3.000 eta 3.600 euro inguru ordaintzen dituzte, eta guk 1.100 euro inguru kobratzen ditugu, urtean 1.748 ordu lan egiteagatik. Hori ez al da iruzurra?».

«Publifikazioa» helburu

Sektorearen «publifikazioa» izan da gai nagusietako bat, eta mahai inguruan parte hartu duten gehienak erresidentzia publiko gehiago irekitzearen alde agertu dira. «Lehen, leku publiko gehiago sortzeko borrokatzen ginen», adierazi du Sagarribaik. Eta bere buruari eta gainerako kideei galdegin die ez ote den hori bera gaur egungo borroka ere.

Lanpostu gehiago sortzeaz gain, baina, egun lanean daudenen lan baldintzak «duintzea» lehenetsi behar dela argi utzi dute parte hartzaileek. Izan ere, zahar etxe pribatu batean lan egiten duen emakume batek azaldu duenez, erresidentzia pribatuetan langile gehiago sartzea ez da irtenbide onena: «Gazte asko sartzen ari dira pribatuetan, baina horrek ez digu mesede egiten. Berriei dena irakastea gure esku uzten dute, eta dugun lan karga oraindik gehiago handitu». 

Greba eta mobilizazio eguna dute gaurkoa. Goizean batzarrean egindako aldarrikapenak hiri osora zabalduko dituzte arratsaldean, manifestazio batean, 18:30ean Bilbo plazatik abiatu eta Arabako Foru Aldundiraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.