Eskolak Euskaldundu herri ekimenean parte hartzen duten hainbat eragilek atxikimendua eman diote Hiru Saretak larunbatean Baionan eginen duen manifestazioari; bertzeak bertze, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Konfederazioa, AEK, Bertsolarien Lagunak, LAB eta Ikasle Abertzaleek.
Agiri baten bidez, eragileok jakinarazten dute azken urteetan Frantzia Estatuak, bata bertzearen atzetik sortu dituen tresna administratiboen bidez, euskararen aldeko urratsak emanen zituztela adierazi duela. «Alta, 2007an oraindik, euskararen eta euskarazko irakaskuntzaz bereziki arduratzen diren eragileek, Biga Baik, Euskal Haziak eta Seaskak, herritarrak karrikara joatera deitu dituzte». 2007-2008ko Eskola Kartan, ikasle kopurua emendatu arren, ez da lanpostu gehiagorik sortuko. Arlo ekonomikoan ere laguntzak ez dira emendatuko.
Bai Eskolak Euskalduntzeari kanpainan 107.000 herritar baino gehiagok euskarak eta euskarazko hezkuntzak dituen trabak kentzeko eskatu zuten, eta hori lortzeko Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuten. «Euskara jakitea herritar guztien eskubidea izanik, eskatzen dugu ikasle guztiei horren bermea ziurtatzeko politika abian jartzea eta euskarazko irakaskuntza eskola guzietarat zabaltzea».
OFIZIALTASUNA ETA EEP.Euskararen egoera eta bereziki irakaskuntzarena biziki larria dela nabarmendu du Batasunak. «Euskararen ofizialtasunik ezaren gain, lege egoera nahasia du euskarazko eta euskararen irakaskuntzak, EEPk berak aitortzen duelarik eskaintzen zaizkion bitartekoak urriak direla».
Euskararen iraupenerako behar diren bitartekoak, iraganean bezala, mobilizazioaren eta borrokaren bidez lortuko direla uste du Batasunak.
Eragile eta alderdiek Hiru Saretaren manifestaziora joateko deia egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu