Eragile guztiekin biltzeko eskatu diote Jaurlaritzari EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Arnaldo Otegik Murgari egotzi dio ardura herritarren esku uztea.

Arnaldo Otegi, EH Bilduren agerraldi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2020ko abuztuaren 7a
13:43
Entzun

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo jakinarazi zuen koronabirusaren «bigarren olatua» dela hau, eta egoerak okerrera egingo duela datozen egunotan. Sailburuaren adierazpenek erreakzioak eragin dituzte alderdi politikoen artean: EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek alderdi eta eragile guztiekin biltzeko berehalako beharra nabarmendu dute. Pilar Garrido Podemoseko koordinatzaile nagusiak adierazi du beharrezkoa dela lehenbailehen biltzea alderdi politiko eta eragile sozial guztiekin, egoerari aurre egiteko elkarlanean aritzeko. Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak ere «mahai batean esertzeko» galdegin dio Jaurlaritzari, eta erabakiak «aldebakartasunez» hartzea egotzi dio Urkulluren gobernuari.

«Argi eta garbi ikusten ari da lehenengo momentutik lehentasun batzuk daudela, eta lehentasun hori ez da osasun publikoa», adierazi du Otegik Euskadi Irratirako eginiko elkarrizketan. Indar subiranistaren bozeramailearen ustetan, ardura herritarrengan uzten ari da Jaurlaritza: «Administrazio publikoak ardura bat du, eta neurriak hartu behar ditu, ez jendearengan jarri ardura hori». Murgak jarduera sozialak ahalik eta gehien murrizteko beharra nabarmendu zuen atzo eginiko prentsaurrekoan, baina «irizpide zehatzak» eman ez izana egotzi dio Otegik. Jaurlaritzak «arduragabekeriaz» jokatu izana ere adierazi du bozeramaileak. Otegiren esanetan, gobernuak hilabeteak pasatu ditu pandemia kontrolpean zegoela esaten, eta jarduerak normaltasun osoz planteatzen.

EH Bilduko bozeramaileak salatu du Eusko Jaurlaritzak gainerako alderdi eta eragileekin adostu gabe hartu dituela erabakiak; besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin adostu duen zorpetzea. Era berean, indar subiranista irtenbide bat emateko prest dagoela adierazi du Otegik, eta mahai baten bueltan biltzeko eskatu du: «Krisi ekonomikoa eta soziala sakona izango da, eta horri aurre egin beharko diogu, baina mahai baten bueltan guztiok biltzen bagara errazagoa izango da. Halako egoera batean ez bazara eragile guztiekin biltzen, noiz bilduko zara?».

Ezinegona ikasturte hasierari begira

Ikasturte hasieran ere jarri dute arreta bi alderdiek. Irailean ekingo zaion ikasturtea nolakoa izango den ez dago argi oraindik, eta hezkuntzako eragileei entzuteko eskatuko diote Jaurlaritzari. «Ulertzen dugu EAJk eta PSEk atseden hartu nahi dutela abuztuan, baina herritarrek, familiek, ikasleek eta langileek erantzunak behar dituzte orain», adierazi du Garridok. EH Bilduk ere hezkuntza komunitatearekin eta gainerako eragileekin biltzeko mahai bat eskatu du, ikasturtea nola hasiko den zehazteko: «Oraintxe bertan ez dago planifikaziorik kurtsoa aurrez aurre hasteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.