«Eragindako mina aitortzeko» eskatu diote Grande-Marlaskari

Sortuk gogorarazi du Espainiako gaur egungo Barne ministroa instrukzio epaile zelarik 223 euskal herritarrek torturak salatu zituztela

Torturak salatutako herritarrak, aurrean Amaia Izko abokatua dutela, Bilboko agerraldian, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Torturaren Biktimen Nazioarteko Eguna aukeratu du Sortuk Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari mezu zuzena helarazteko: ez daukate ahazteko ministro izendatu aurretik Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaile izan zela,garai hartan ehunka euskal herritar atxilotu eta inkomunikatzea agindu zuela, eta atxiloaldi haietan tortura salaketa ugari egon zirela, epaileak horren aurrean neurririk hartu ez zuen arren. Horregatik, «eragindako mina aitortzeko» eskatu diote.

Grande-Marlaska instrukzio epaile zelarik atxilotu eta torturak salatutako hamalau herritarrek agerraldia egin dute Bilboko justizia jauregiaren aurrean, eta Sorturen izenean Amaia Izko abokatuak azaldu du ekinaldiaren arrazoia. Esan duenez, herritar askok «izua, beldurra eta oinazea» sentitu zuten Fernando Grande-Marlaska epailea Espainiako Barne ministro izendatuko zutela jakitean. «Ez da gutxiagorako», azaldu du. «Haren bulegotik ehunka euskal herritar igaro ziren, egun batzuk Poliziaren esku inkomunikaturik eman ondoren. Grande-Marlaskak ez zuen inolako neurririk ezarri tortura eragozteko, eta, kasu askotan atxilotuak bere aurretik modu nabarmenean suntsituta pasatu arren, beti ez ikusiarena egin zuen».

Izkok emandako datuen arabera, Grande-Marlaskak instrukzio epaile ziharduela 223 atxilotuk torturak eta tratu txarrak salatu zituzten. «Istanbulgo Protokoloak egiaztatu du tortura salaketa horiek benetakoak zirela», gogorarazi du Izkok. Horren aurrean, gaur egungo ministroaren ohiko jokabidea izaten zen salaketei jaramonik ez egitea eta are «mespretxuz» hartzea, Izkok esan duenez.

Bestalde, Izkok gogorarazi du 2004tik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bederatzi aldiz zigortu duela Espainia torturak ez ikertzeagatik, eta bederatzi kasu horietatik seitan Grande-Marlaska izan zela instrukzio epailea, eta, hortaz, atxilotuen eskubideak bermatzeko erantzukizuna zuena.

Tortura lekukotza horietako batzuk «lazgarriak» dira, eta zenbait kasu aipatu ditu Izkok, esaterako, Beatriz Etxeberriak salatutako bortxaketa, edo Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren testigantzak.

Etxeberriaren kasuari dagokionez, Izkok gogorarazi du Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak «sinesgarritasun osoa» eman ziola haren lekukotzari. Portu eta Sarasolaren kasuan, berriz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urrats bat gehiago egin zuen, eta, aurreko kasuetan bezala Espainia soilki tortura kasuak ez ikertzeagatik zigortu beharrean, tratu txarrak egon zirela frogatutzat jo zuen bere zigor epaian.

Justizia trantsizionala

Horretan oinarrituta, «eragindako mina» aitortzeko eskatu diote Espainiako Barne ministro berriari, «torturatutako pertsonek erreparazio moral hori behar dutelako». Gainera, «justizian, bizikidetzan eta bakean oinarritutako gizarte justu bat» eraikitzeko helburuz ekarpena egitea galdegin diete Grande-Marlaskari eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari: «Aukera paregabea dute justizia trantsizionala aplikatzen hasteko», esan du Izkok.

Abokatuak ohartarazi du kasu askotan atxiloaldian lorturiko deklarazio eta autoinkulpazioak izan direla herritarrak espetxera bidaltzeko erabilitako froga bakarrak. «Egoera hau ere lehenbailehen aintzat hartu beharko da, eta hausnarketa sakona egin beharko da horren inguruan», azaldu du.

Izkoren ustez, torturak jasan dituzten herritarren minak ere «aitortza» behar du «bakean eta bizikidetzan oinarritutako herri batean bizi ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.