Erakunde armatuak dio "aro berri bat zabaltzen" ari dela Euskal Herrian

2011ko apirilaren 25a
10:21
Entzun

ETAk Aberri Eguneko agiria plazaratu zuen atzo Gara egunkarian, eta zioen "aro berri bat zabaltzen" ari dela Euskal Herrian. "Askatasunaren atea zabalik izatetik berau zeharkatzeko erronka dago ematen ari diren urratsen oinarrian. Egungo zapalkuntza egoeratik Euskal Herriaren lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen aitortzan oinarritzen den egoera demokratikora igarotzea, hain zuzen ere". 

ETAren agiria

2011ko Aberri Eguneko Agiria Euskal Herriari

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, bere agurrik beroena luzatu nahi dizue Aberri Egunean Euskal Herriarekiko maitasuna eta konpromisoa agertzeko ekitaldietan parte hartzen ari zareten herritar guztioi.

Gaur, abertzaleok euskal nazioa dugu topaleku eta helburu. Euskal Herria, iragana eta etorkizuna. Gure nortasuna eta izana. Arbasoek beren izerdi, malko eta odolez utzi diguten herentzia. Gure hizkuntza eta lurra. Euskal herritarren amets eta proiektuen bilgune. Munduan askatasunaren aldeko borrokaren ikurra.

Tamalez, beste urte batez herri zapaldu gisa heltzen gara Aberri Egun honetara, askatasunik oinarrizkoena aldarrikatzeko beharrean. Alabaina, etsipenaren lozorroan gelditzea errazena litzatekeenean, abertzaleok egindakoaren harrotasunez eta egiteko dugunari ekiteko grinaz ospatzen dugu Aberri Eguna. Egunen batean, euskal herritar ororentzat askatasunaren egunaren ospakizuna izango den ziurtasunarekin.

Herri zapaldu gisa baina bizirik eta libre izateko aukera zabalik heltzen gara gaurko egunera. Bizirik, Euskal Herria hilzorian zegoenean, euskal herritar ugariren ahaleginaren taupadak arnasberritu duelako gure herria. Ukazioak eta lurralde zatiketak eragin duten bitarteko politiko-instituzionalen gabeziari herri antolakuntzaz eta auzolanaz erantzun genion, erantzuten diogu. Euskararen kontrako jazarpen bortitzenean gau-eskolak abiatu eta ikastolak sortu genituen. Amalurra arrisku bizian jartzen zuten Lemoiz bezalako egitasmo inposatuak gelditu genituen. Instituzioen inolako babesik gabe, euskal komunikabideak sortu genituen. Kooperatibak eta langile mugimendua antolatu genituen. Hamaika ekimen eta adierazpenen bidez euskal kultura berpiztu genuen. Eta, oro har, herri mugimenduaren bidez gure erroei eutsi eta nazio kontzientzia suspertu dugu urteotan.

Honakoak herri mugimenduak utzitako lorpen esanguratsu gutxi batzuk baino ez dira, hamaika direlarik denboran zehar arloz arlo garatu diren herri dinamika eta borrokak. Abian eta askatasun egarri den herriaren isla.

Arestian libre izateko aukera zabalik dugula esan dugu. Urteotan guztiotan borroka tinkoaz erantzun diogu Euskal Herria behin betiko desagertzea bilatzen duten Espainia eta Frantziako erasoaldi eta asimilazio saio etengabeari. Eta hortzak estuturik, errepresio latzenari egin diogu aurre. Euskal herritar askorekin batera, ahalegin horretan bere onena, bizitza bera ere, eman duten eusko gudariei esker dugu aukera zabalik.

Aipaturikoa ez da izan gutxi batzuen egina. Herri mugimenduan antolaturiko gizon-emakume, langile militante, gazte konprometitu, kazetari, irakasle, hautetsi, kirolari, kulturgile, eusko gudarik, den-denek egin dute, egin dugu, gure ekarria. Nork bere alorrean eta bere ahal eta gogoen arabera, baina guztiona beharrezkoa. Ahalegin honekin ireki dugu egun aurrez aurre dugun aukera.

Azken hilabeteotan aro berri bat zabaltzen ari da, zabaltzen ari gara. Askatasunaren atea zabalik izatetik berau zeharkatzeko erronka dago ematen ari diren urratsen oinarrian. Egungo zapalkuntza egoeratik Euskal Herriaren lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen aitortzan oinarritzen den egoera demokratikora igarotzea, hain zuzen ere. Prozesu demokratikoa egituratuz, herriari hitza eman, eta aukera berdintasunean eta gehiengoen atxikimenduaz independentziara heltzeko ikusmiran.

ETAk eta, oro har, ezker abertzaleak, ausardiaz eta ilusio eta esperantzaz beterik heldu dio erronkari. Borroka une latzenetan erakutsitako kemen eta determinazio berdinarekin. Jakin badakigu bidean hamaika oztopo aurkituko ditugula eta Estatuek Euskal Herria mendean hartzeko eraiki duten harresia bota beharko dugula ezinbestean. Bide luze, zaila eta gogorra izango da, askatasuna eskuratzeko helburuaren neurri bereko ahalegina eta borroka egin behar baita halabeharrez. Herriarengan konfiantza osoa du ETAk, gure herriaren indarretan sinetsita.

Gaurkoan Baigorrin eta Gernikan elkartuko gara euskal independentistak. Eta pozgarria dela oso irizten diogu. Euskal estatua sortzeko lana ez baita bihar-etziko utzi daitekeen eginkizuna. Independentzia, euskal estatua sortzea, askatasuna oso-osorik eskuratzeko aukera bakarra baita.

Independentziaren aukera zabaltzearekin batera, Euskal Herriaren defentsari ekitea ezinbesteko zeregina da abertzale ororentzat. Bai behintzat independentzia hautatzeko aukera demokratikoa zabaltzen dugunean oraindik herririk izan nahi badugu. Bortitza baita oso Euskal Herria herri egiten gaituen zutoinetan pairatzen ari den erasoa: euskararen aurka, hezkuntza eredu arrotzen inposizioa, esparru sozioekonomikoan eta langileen eskubideen murrizpenak, Espainia eta Frantziako ikurren inposizioa edota eskubide zibil eta politikoen urraketak.

Aberri Egun honen azken aipua euskal aberriarekiko maitasuna espetxea eta erbestearen zigorraz ordaintzen ari diren euskal herritarrentzat da. Gaur, ETAko burkideen gogoak Espainia eta Frantziako ziegetan bahiturik dauden euskal preso politikoengana garamatza.

Espetxe politikaren krudelkeria azken unera arte pairatu zuen zendu berri den Mikel Ibañez burkideak. Bere heriotzak eragin digun samin sakona agertzearekin batera, bere lagun eta senitartekoei gure doluminik sentituenak eman nahi dizkiegu.

Bihoakie azkenik, gure ongi etorri eta besarkadarik beroena urte luzeren espetxealdiaren ondoren askatasuna berreskuratu berri duten eta belaunaldi askorentzat eredu izan diren euskal borrokalariei. Biba zuek!

Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!
Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian,
2011ko Aberri Egunean

Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.