Erakundeek eta alderdiek gaitzetsi dute hilketa

2015eko apirilaren 3a
17:17
Entzun

Atzo Gasteizen gertatutako hilketak gaitzespen mezu ugari eragin ditu. Hona, horietako batzuk. 

Emakunde:

Eusko Jaurlaritzak Emakunderen eskutik gaitzetsi du gertaera. Emakundek ohar bat plazaratu zuen atzo. Gertaeraren muinari erreparatzeko eskaria egin zuen bertan. «Emakumeen kontrako biolentzia da gaur egun emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena», oroitarazi zuen. «Indarkeria mota hau emakumeei zuzendutako mehatxu tresna bat da, egun indarrean dauden genero arauak alda ez ditzaten». Mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

EH Bildu:

Koalizioak Gasteizko hilketa gaitzetsi du, eta ohartarazi du eraso matxistak ezin direla ulertu "kasu bakartu" gisa: "Emakumeen aurkako indarkeria egiturazkoa da". EH Bilduren arabera, gizonezkoek "boterea eta kontrola" galtzeak eta emakumeek euren burujabetza gauzatzeak indarkeria eragiten du hainbat gizonezkoren aldetik: "Erasotzaileek jendarte eredu patriarkalaren sostengua dute eta hortaz baliatzen dira".

Emakumeon Mundu Martxak gaurko Euskal Herriko herri eta auzoetan deitutako mobilizazioekin bat egin du koalizioak. 

PSE-EE:

Arabako PSE-EEk ere salatu du atzoko gertaera, eta adierazi du indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide publiko gehiago jarri behar direla: "Hilketak erakusten du ezin direla murrizketak egin emakumeen babeserako politiketan".

PSE-EEk bat egin du Gasteizko Udalak astearte eguerdirako deitutako elkarretaratzearekin.

PP:

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren buru Arantza Quirogak gaitzetsi egin du Gasteizko hilketa. "Genero indarkeria kasuak emakumeen eta gizonen artean oraindik dauden desberdintasunen adierazpiderik latzena dira". Quirogak uste du alderdiek zeregin garrantzitsua dutela "diskriminazioen" aurrean, eta "ahotsa altxatzeko" eskatu die alderdiei.

Arabako Foru Aldundiak ere 29 urteko emakumearen hilketarekiko gaitzespena azaldu du, ohar batean.

Ahal Dugu Gasteiz edo Irabazi-Ganemos taldeek ere gaitzetsi dute gertaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.