«Erakundeek ez dute auzitan jartzen zahar etxeen hitza»

Adinekoek zahar etxeetan jasotzen dituzten tratu txarrak ikertu ditu Enrique de la Peña medikuak; haiek babesteko lege baten premia nabarmendu du.

Enrique de la Peña medikua, iragan larunbatean Bilbon emaniko hitzaldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Enrique de la Peña medikua, iragan larunbatean Bilbon emaniko hitzaldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko otsailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko kriminologia ikasle batek zahar etxeetako langileen artean eginiko hainbat inkesta bildu zituen 2023an, eta haien emaitza larritzeko modukoa da: beren lantokietan egoiliarren aurkako tratu txarrak ikusi edota egon izanaren susmoa zuten langileen batezbestekoa %87,7 eta %89,2 artekoa zen. Ia erdiak abusu psikologikoak ziren; herenak, zabarkeriak; eta %20 inguru, abusu fisikoak. «Eta kasuak goraka doaz», ohartarazi du Enrique de la Peñak (Bilbo, 1958), datu horien entresaka egin duen ikerlariak.

«Tratu txar instituzionala da. Sistema bera delako arazoa». De la Peña familia medikua izana da, eta Babestu mendekotasuna duten senideen eta Bizkaiko adinekoen zaintzarekin sentsibilizatutako pertsonen elkarteko kidea. Lau urteko ikerketa eta hausnarketa lanaren fruitua bildu du Tratu txarrak iraupen luzeko zaintzan azterlanean. Larunbatean aurkeztu zuen, Babestuk eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak adinekoen zaintzaren inguruan antolatutako jardunaldi batean. 

«Zabarkeria fisiko pasiboak dira gehienak. Ez da maltzurkeriaz egiten, baizik eta sistemaren gabezien erruz. Arazoa sistema bera da»

ENRIQUE DE LA PEÑA Mediku ohia eta Babestuko kidea

Gaia jorratzeko, oinarrizko galdera bat egitea ezinbestekoa da: zer da tratu txarra? «Adineko pertsona bati kaltea edo larritasuna eragiten dion ekintza bat da, konfiantza eremu batean gertatzen dena, zahar etxean alegia. Ekintza bakarra edo errepikatua izan daiteke, edo erantzun egokirik eza». Peñak nabarmendu du azken tipologia hori dela ohikoena: «Zabarkeria fisiko pasiboa deitzen diot, eta halakoak dira gehienak. Ez da maltzurkeriaz egiten, baizik eta sistemaren gabezien erruz. Arazoa sistema bera da».

De la Peñak tratu txar instituzionalaren aurpegi ezberdinak zehaztu ditu, eta zahar etxeetara estrapolatu: trebatu gabeko langileak, soldata txikiak, gehiegizko lan karga, egokitu gabeko azpiegiturak, baliabide urriak, funtzionamendu neurri desegokiak eta kontrolik eza. Azken horretan sakondu du: «Ikuskatzaileen lana garrantzitsua da, baina zahar etxeek badakite noiz joaten diren. Programatuak dira, eta bertako langileek esaten dute zahar etxeek 'prestatu’ egiten dituztela».

bost litroko deshidratazioa ez da froga nahikoa

Enrique de la Peñak pandemian Bilbon gertaturiko benetako kasu lazgarri batekin islatzen du bere ikerlana. 88 urteko emakume bat larrialdietara eraman behar izan zuten, larri deshidratatuta. «5,3 litroko ur gabezia zuen larrialdietan artatu zutenean, eta giltzurruneko arazoak», gogoratu du medikuak. COVIDak jota ez egon arren, COVID protokolo gogorrena aplikatu zioten. Familiak zahar etxeko zuzendariarekin biltzeko eskatu zuen ondoren, baina ez zituen hartu. Hurrengo pausoa Bizkaiko Aldundira jotzea izan zen, eta erakundeak esan zuen ez zela bere ardura, «auzi medikoa» zelako. Azkenik, salaketa jarri zuten, eta fiskalak artxibatu egin zuen, zahar etxeak bidali zizkion agirien arabera dena ondo zegoelako. «Sendiaren frogek ez zuten balio, eta argi dago emakumeak tratu txarra jaso zuela».

Mediku ohiak argi du tratu txar susmoa badago familiak salaketa jarri behar duela, nahiz eta jakin ez dela bide xamurra: «Zingira batean korrika egitea bezala da». Eta fiskaltzaren kontraesana kritikatu du: «Familiei esaten diete salaketak jartzeko, baina, behin jarrita, ez dituzte laguntzen». Arazoa, besteak beste, zahar etxearen bertsioaren pisua da: «Erakundeek ez dute zahar etxearen hitza auzitan jartzen. Esaten dute paper guztiak ondo daudela, baina ez dute praxia aztertzen. Mediku periturik ez dagoelako gertatzen da hori».

Gakoa, mediku peritua

Gauzak hala, eta legelaria ez dela zehaztu arren, hainbat pauso aholkatu dizkie tratu txarren baten susmoa duen familiei: dokumentazioa bildu —lesioen txostena eskatu, argazkiak, lekukotzak—; historia klinikoa galdegin zahar etxean, «senideek eskubidea dute» hura jasotzeko; helegite formala aurkeztu zahar etxean; medikuaren peritutza eskatu, salaketa jarri eta legezko aholkua eskatu. «Perituaren pausoa garrantzitsua da», zehaztu du; «lege ezagutza duen mediku bat da, eta haren txostenak zaildu egiten du aldundiak auzia gainetik kendu ahal izatea. Hala izan ezean ‘auzi medikua’ dela esan ohi du, eta ez dela bere ardura».

Horrela ibili behar izatea, baina, nekagarria da. «Munduko Osasun Erakundearen arabera, sei adinekotik batek tratu txarra jasotzen du, baina %4k salatzen dute bakarrik», gehitu du etsipenez. Horiek hala, biderik eraginkorrena legea aldatzea dela iritzi dio: «Adinekoen babeserako lege bat behar dugu. Besteak beste, tratu txarrak detektatzeko eta neurtzeko bideak izango dituena. Ez dago halako auzietan espezializatutako poliziarik edo epaitegirik».

Legeak aldatzea ez da erraza, eta De la Peñak argi du salaketa publikoa ezinbestekoa dela. Alde horretatik, zahar etxeetako erabiltzaileen senideen elkarteak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin harremanetan jarriak dira legearen premia haien eskakizunen artean sar dezaten. «Antolatu beharra daukagu, eta gizarte salaketa mobilizatu. Gizarteak ikusi behar du guztiok izan gaitezkeela zahar etxeetako erabiltzaile».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.