Zaintza lanak goitik behera aldatu behar direla uste du LAB sindikatuak: zaintza lanak banatu egin behar direla, zaintzan ari diren langileen lan baldintzek duinak izan behar dutela eta zaintza sistemak publikoa eta komunitarioa izan behar duela. LABen iritziz, baina, Hego Euskal Herriko erakundeen aurrekontuetan ez dago aldaketa horretarako neurririk. Hori salatzeko, kontzentrazioak egin ditu gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Ez du aldaketarik ikusi egunotan aurkezten, negoziatzen eta hitzartzen ari diren aurrekontuetan: «Zaintza zerbitzuak pribatizatzen jarraitzeko, zaintzarekin negozioa egin dadin ahalbidetzeko eta sektoreko langileak prekarizatzen jarraitzeko hautua egin dute». EAJk, PSE-EEk eta PSNk gobernuetako eta aldundietako aurrekontuen bidez zaintza zerbitzuak negozio izatea bultzatzen dutela salatu du LABek. Aitzitik, uste du hartu behar diren neurriek zaintza sistema publikoa eta komunitarioa eraikitzeko eta zaintza zerbitzuak publiko bihurtzeko izan behar dutela.
Bilboko kontzentrazioan izan da Garbiñe Aranburu, LABeko koordinatzaile orokorra. Aranbururen arabera, zaintza lanak lan publikoak badira ere, langile gehienek «azpikontratatutako enpresetan eta zaintzarekin negozioa egiten dutenetan» egiten dituzte. Aurrekontuek zaintza zerbitzuak baldintzatzen dituztela nabarmendu du: «Aurrekontuetan erabakitzen da zerbitzu publikoa pribatizatuta mantentzen den, hitzarmen kolektiboetarako zenbat diru erabiliko den, ratioak nolakoak izango diren eta abar».
EAJri, PSEri eta PSNri egotzi die zaintza lanetan «logika pribatizatzaile eta merkantilistari» eusteko apustua egin dutela, «zaintza lanak desfeminizatu, desfamiliarizatu eta publifikatu gabe jarraitzeko hautua». Ondorioz, uste du alderdi politiko horiek ontzat eman dutela zaintza lanak «esplotazio baldintzetan» egitea, bereziki emakume migratuek eta arrazializatuek: «Espainiako Atzerritarren Legeak ezartzen dituen traba guztien ondorioz, eskulan merke bihurtzen dira, eta muturreko esplotazio egoerak zabaltzen ari dira. Aurrekontu hauen bidez, gobernuak eta diputazioetako arduradunak dira esplotazio egoera horiek ontzat ematen dituztenak, eta enpresa pribatuak, berriz, horretaz baliatzen diren esplotatzaileak».
«Aurrekontu hauen bidez, gobernuak eta diputazioetako arduradunak dira esplotazio egoera horiek ontzat ematen dituztenak, eta enpresa pribatuak, berriz, horretaz baliatzen diren esplotatzaileak»
GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra
LABeko koordinatzaile orokorrak uste du foru aldundiek aurrekontuen bidez badutela aukera sektoreko langileen baldintzak langile publikoenekin parekatzeko eta negoziazio kolektiboetan «irtenbide duinak» eskaintzeko. Horregatik, Aranbururen iritziz, erakundeek dute zaintza sektoreko lan itunen negoziazioak blokeatzeko ardura. Premiazkoa iruditzen zaio, bereziki, Arabako eta Nafarroako zahar etxeetako hitzarmenen korapiloa askatzea eta «behingoz» haien lan baldintzak arautuko dituzten lan hitzarmenak lortzea.
LABeko kideen iritziz, ratioak berrikusi eta hobetu egin behar dira. Aranburuk «benetako urratsak» eskatu ditu zahar etxeetako erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta pribatizatutako zaintza zerbitzuetako langileen lan baldintzak duinagoak izateko.
«Agendatik kanpo»
Zaintza zerbitzuek gizartearen zati handi bati eragiten diote, eta erakundeen aurrekontuen zati handia dira. Hala ere, Aranburuk uste du gaia «agendatik kanpo» dagoela, hots, erakundeen agendetan «behar baino toki gutxiago» duela. «Eta tokia duenean ere, ez da egungo egoera aldatzeko izaten». Gipuzkoako egoera aipatu du. LABeko koordinatzaile orokorrarentzat, «zinismo hutsa» da Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintza zerbitzuei buruz hitz egiten duenean eraldaketa hitza erabiltzea: «Pertsonak erdian jartzeaz eta eredu pertsonalizatuez hitz egiten dute, baina, funtsean, ez dago orain arteko eredua iraultzeko erabakirik».
Aurrekontuak zuzentzeko eskatu die gobernuei eta aldundiei. «Benetako eraldaketa» behar dela uste du zaintza zerbitzuen kalitatea hobetzeko, zaintza lanen egungo antolaketak emakumeengan sortzen dituen diskriminazio egoerak gainditzeko eta zaintza langileen baldintzak duinak izateko. Diru sail zehatzak eskatu ditu eraldaketa horretarako. LABek ausardia eta konpromisoa exijitu dizkie Hego Euskal Herriko administrazio publikoei eta aurrekontuak negoziatzen dituzten alderdiei, «EAJk, PSEk eta PSNk bultzatutako logika pribatizatzaileari ateak ixteko urratsak egin ditzaten».
Zaintza lanei buruz hitz egiten denean oso gutxitan aipatzen da langileen euskalduntzea. LABek administrazioei eskatu die neurriak hartu behar direla pribatizatutako zaintza zerbitzuetako langileak euskalduntzeko.