Erandioko familia bat etxegabetu dute, neurria bertan behera uzteko eskaerei muzin eginda

Kaleratzea galarazten saiatu diren ekintzaileak arrastaka atera, eta identifikatu egin ditu Ertzaintzak. Datozen orduetan, etxearen jabe zirenen gurasoak ere euren etxebizitzetatik botako dituzte.

Ertzainak eta udaltzainak, etxegabetzea egin nahian, gaur, Erandion. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ertzainak eta udaltzainak, etxegabetzea egin nahian, gaur, Erandion. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Erandio
2025eko azaroaren 21a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez duzue zertan hau egin; uko egin dezakezue». Alferrikakoak izan dira dei eta eskaera guztiak; iragarri bezala, familia bat etxegabetu dute Erandion (Bizkaia), eta, familiaren abokatuak BERRIAri azaldu dionez, datozen orduetan bikotearen gurasoak ere euren bizitokietatik aterako dituzte.

Bikotearen etxea Erandioko Kukularra bidean dago, mendi baten magalean. 08:00etan, bidea moztu dute ertzainek eta Erandioko udaltzainek, eta ez diete pasatzen utzi Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak egindako deialdiari jarraikiz protesta egitera bertaratutakoei. Goiz osoan, gazte taldeak ibili dira inguruko bideetatik, etxebizitzara hurbildu nahian, baina ez dute lortu. Kazetariek ere traba ugari izan dituzte, eta haietako zenbaiti hasieran ez diete pasatzen utzi, baina geroago bidea libre utzi diete.

Oztopoak oztopo, zortzi bat lagunek lortu dute etxera iristea, eta atean paratu dira, Etxegabetze guztiak gelditu leloa idatzia zuen pankarta batekin. Etxegabetzeak iraun duen bitartean han egon dira, «Etxegabetzeak gelditu», «Borroka da bide bakarra», «Segizio judiziala, segizio kriminala», «Erasoen aurrean gogor eta tinko» eta antzeko oihuak eginez.

Etxegabetzea 10:30ean egitekoa zuten. Ordu erdi bat lehenago, sarrailagilea agertu da, eta, geroago, ate berriak jarri behar zituzten bi behargin, eta segurtasun enpresa bateko beste bi langile, alarmak ipintzeko. Idazkari judiziala etorri arte aparkalekuan itxaroteko agindu diete udaltzainek. Azkenean, 10:30ean agertu da segizio judiziala, eta udaltzainek bidea irekita, etxeraino joan dira denak.

Lorategira ematen duen sarrerako atea ireki dutenean, lehenengo oztopoa topatu du segizioak: bidean barrikada bat zegoen, aldamioetan erabiltzen diren metalezko xaflek eta bi orgatilak osatua. Hala ere, albo batetik sartu dira ertzainak eta epaitegiko ordezkariak. 

Atean zeuden ekintzaileek kaleratzea bertan behera uzteko eskatu diete: «Ez duzue zertan hau egin». Alferrik izan da; haiekin hamar bat minutuz hitz egin ostean, kaleratzeari ekitea erabaki dute handik ertzainek. Lehenbizi, haietako bi ezkutu batekin paratu dira lehenengo solairuko leiho baten ondoan, ikusi baitute gertatzen ari zena grabatzen ari zirela handik; gero, pankarta indarrez kendu dute, eta, azkenik, atean zeuden ekintzaileak banan-banan atera dituzte, arrastaka. Albo batera eraman eta denak identifikatu dituzte.

Leihotik, idazkari judizialak hizketaldi labur bat izan du barruan zegoen familiarekin, baina horrek ere ez du fruiturik eman, eta, orduan, sarrailagilea ahalegindu da atea irekitzen, baina ez du lortu. Eskailerak erabilita, goiko solairuko atera jo dute ertzainek, eta hura zabaldu eta barrura sartu dira, baina, antza denez, goiko solairutik behekora zihoan bidea ere trabatuta zegoen, eta berriro irten behar izan dute handik.

Azkenik, mailu batez beheko atea bota eta barrura sartzea lortu dute ertzainek. Orduan irten da kaleratu behar zuten familia, hunkituta eta nahigabeturik. Euren gauza apurrak bi autotan batu, eta handik joan dira, kazetariei eskerrak eman ostean.

Azken ahalegina

Familiaren abokatu Elena Pradok BERRIAri azaldu dionez, azken ahalegina egin du etxegabetzea galarazten saiatzeko: kaleratzea agindu duen Bilboko Lehen Instantziako 12. epaitegiaren kontra salaketa bat jarria du aspalditik, prebarikazio delitu batengatik, eta, horretan oinarrituta, neurria bertan behera uzteko eskatu du, baina eskaera hori ez dute aintzat hartu. Bestalde, aste osoan ahalegindu da epailearekin hitz egiten, baina ez du lortu: «Ez dit telefonoa hartzen».

UCI Union de Creditos Inmobiliarios finantza erakundearekin egindako zor bat dago etxegabetzearen jatorrian —Santander bankua da erakunde horren jabea—. Hipotekaren klausulak aldatu zituztenean, finantza erakundeak hipotekadunen gurasoak kontratuan sartzera behartu zituen, «hipotekatzaile ez-zordun» gisa, eta, orain, haiek ere euren etxebizitzetatik bota nahi dituzte. Abokatuak esan duenez, beste bi etxegabetze horiek datozen orduetan egingo dituzte.

«Frustrazio handia sentitzen dut, eta babesgabetasun eta injustizia sentsazio ikaragarria», esan du Pradok. «Nik justizian sinesten dut, baina izugarria da ikustea nola urratzen ari diren familia honen eskubideak».

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak salatu du UCI erakundeak «hainbat amarru» erabili dituela familiaren etxea eta gurasoek berme gisa jarritako beste bi etxebizitzak bereganatzeko: «Familiari jakinarazi barik, maileguaren zenbatekoa handitu zuen, nahiz eta familiak ditu hori jaso ez, eta horrek biderkatu egin zuen zorra». Sindikatuaren arabera, horixe da sistema kapitalistaren funtzionatzeko modua: «Etxebizitzak kentzen dizkie langile klaseko familiei, bankuei emateko».

Halaber, salatu dute auzi honetan botere judiziala «banketxeen interesetara» lerratu dela, eta ez duela aintzat hartu familia horretan adingabe bat dagoela, bikotekideen gurasoetako batek bihotzeko arazoak dituela eta ez dutela beste bizitokirik.

Gaur 20:00etan elkarretaratzea egingo dute Erandion, Altzagako metro geltokiaren aurrean, etxegabetzeen kontra protesta egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.