egunkaria auzia

Erantzukizunak eskatu dituzte alderdiek

Euskal alderdi politikoek poztasuna agertu dute ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren auzian auzipetutako bostak absolbitu dituztelako, baina absoluzioa ez da nahikoa alderdiontzat eta eragindako kalteak konpontzeko erantzukizunak eskatu dituzte. Eusko Jaurlaritzak "poza" eta epaiarekiko "errespetua" azaldu ditu.

2010eko apirilaren 12a
16:43
Entzun
Eusko Jaurlaritzak "poza" eta epaiarekiko "errespetua" agertu ditu

Eusko Jaurlaritzak "poza" agertu du Egunkaria kasuan absoluzioa egon delako, eta epaiarekiko "errespetua" azaldu du. Auzibidea "behar baino gehiago atzeratu" zela dio Jaurlaritzak, eta "Justiziak azkarrago" jokatu behar zuela. Aitortu du auziak "euskal gizartean ezinegona" sortu izan duela, eta salatu egin du bere garaian Auzitegi Nazionalak kazeta itxi izana, "estatu demokratikoaren ardatza baita informazioa eskubidea".

EAJ: “Ondorio pertsonal, sozial eta ekonomikoengatik Estatuak ordaindu egin behar du”

“ETA dena da” estrategiaren barruan sortutako prozesua jarraitzen aritu diren guztientzat “oso pozgarria da” Espainiako Auzitegi nazionalak bost auziperatuak absolbitzeko hartu duen erabakia, Iñigo Urkullu EAJko presidentearentzat, eta bost akusatuak zoriondu ditu. Hala ere, “kezkatuta” dago prozesuan gertatu den guztiarekin; “komunikabidearen itxieragatik, han lan egin zutenen profesionalek jasandako ondorioengatik, tortura salaketengatik, eta adierazpen askatasunaren zentsuragatik”.

“Onartezina” iruditzen zaio “estatu demokratiko bateko sistema judizialak horrelako ondorioak eragitea, eta praktikan erabakitzea, instrukzioa baino lehen”. Horregatik, bere ustez, Espainiako Estatuak kalteak ordaindu behar dizkie Egunkaria-ko akusatuei eta langile ohiei, “ondorio pertsonal, sozial, eta ekonomikoengatik”.

PSE: “Justiziak Espainian funtzionatzen du”

Espainiako Auzitegi Nazionalak “Egunkaria-ko buruzagiak absolbitzea erabaki pozgarria da”, Jose Mari Pastor PSEko bozeramailearentzat, horrek erakusten baitu “justiziak Espainian funtzionatzen” duela: “Espainiako estatu demokratikoa estatu garantista da, nahiz eta alderdi batzuen asmo txarreko baieztapenek susmoen itzalak eragiten dituzten justiziaren zuzentasunaren eta inpartzialtasunaren inguruan”. Hala ere, alderdi gisara, baztertuta zeukaten “delituak egiteko tresna” zela Egunkaria, bere lerro informatiboagatik. Pastorren ustez, “inoiz gertatu behar ez zuen kapitulu baten itxiera da erabakia”. Epaiak Fiskaltzaren erabakia bermatzen duela ere uste du, alegia, fiskalak ez akusatzeko hartu zuen erabakia, eta gogorarazi du EAEko Legebiltzarrak izan duen jarrera prozesuarekiko, PSEren babesarekin. Dena dela, epaia beste bat izanda ere, “berdin-berdin errespetatuko” luketeela esan du.

Ezker Abertzalea: “Justizia egin dela esatea iseka egitea da”

Ezker abertzaleak “besarkadartik beroena” agertu nahi izan die Egunkariaren auzian absolbitu dituztenei, eta argi utzi nahi izan du Euskal Herriaren eta euskararen alde egindako lana “herri honentzat ezinbestekoa delako epaitu” dituztela, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bere ustez, absoluzioaren erabakian, zerikusi handia izan dute herri mobilizazioek, eta uste du hori dela ezinbestekoa “estatuek garatzen dituzten erasoei eta etengabeko bidegabekeriei aurre egiteko”.Berri pozgarria den arren, hala ere, “iseka egitea da Justizia egin dela esatea, aurretik Egin, Egin Irratia eta Ardi Beltzarekin gertatu bezala, Espainiako Estatuak “herri proiektu bat itxi” baitzuen 2003ko otsailean.Horrelakorik errepika ez dadin, eta “pairatzen dugun salbuespen egoera honi amaiera emateko, agertoki demokratiko bat eraiki beharra daukagu, eskubide zibil eta politiko guztiak bermatu ahal izateko”.

PPk “Fiskaltzaren jarduera okerra” nabarmendu du

“Erabateko errespetua” dio PPk Espainiako Auzitegi nazionalak hartu duen erabakiari, eta “Zuzenbide Estatuangaudela erakusten du”, Fernando Barreda bozeramailearen ustez. Hala ere, erabakia eskutan izan gabe “ezin da lerraturiko interpretaziorik egin”. Esaten duena jakin baino lehen, hala ere, prozesua “Ministeritza Fiskalaren jarduera okerrak gidaturik egon da”.

Aralar: “Absoluzioaren ondoren justizia egiteko unea heldu da”

Lehenik eta behin inputatuak zoriondu ditu Aralarrek, “absoluzioa albiste posible bakarra” dela esatearekin batera, baina “absoluzioaren ondoren justizia egiteko unea heldu da”, eta besteak beste, akusatuek egin zituzten tortura salaketak argitzeko eskatu du. Horrez gainera, “pozgarria da”Espainiako Auzitegi nazionalak esatea “gehiegizko neurria” izan zela atxilotu zituztenean aplikatu zitzaien inkomunikazioa, eta baita esatea ere “adierazpen askatasunak gailendu behar” duela. Aralarrentzat, “Estatuak kalte ordainak ezarri behar ditu lehenbailehen, egindako mina arintzen hasteko”.

EAk “egindako minagatik ardurak” eskatuko ditu

EA alderdiarentzat “berandu heldu da” Egunkaria-ri buruzko epaia, eta “ez du egindako kaltea konpontzen”. Hori dela eta, “ardurak” eskatuko ditu “orduan euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarra ixteagatik, eta absolbitu dituzten bost pertsona horiei eragin dizkieten kalteengatik, larriena, tortura salaketak”. Prozesu osoa kritikatu du EAk, bere ustez ulergaitza delako “prozesuak jarraitzea Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren irizpidearen kontra, eta inolako frogarik gabe atxilotzea eta epaitzea”.

EB: “Estatuari barkamena eskatzea dagokio”

Mikel Aranak, Ezker Batuko koordinatzaile nagusiak, “azkenean justizia egin dela” uste du, baina Espainiako Estatuari exijitu dio “barkamena eskatzea eta kalteordain ekonomikoak ematea”. Ezker Batua erabakiarekin “pozik” dagoen arren, gogorarazi duenez,“inoiz ezingo da kaltea ordaindu”.Lanpostua galdu zuten langileak izan ditu gogoan Aranak hori esaterakoan, eta baita akusatuak ere: “ETArekin zerikusiaren akusazio faltsuen ondorioz sekulako kalbarioa jasan dute Egunkariaren buruzagiek”.

Alternatibak “ekintza legalak” eskatu dizkio Jaurlaritzari, “min konponezina” eragindakoen kontra

Alternatibarentzat Egunkaria-ren itxierak eragin dituen kalteak ez dira absoluzioaren erabakiarekin konpontzen, eta horrexegatik “auzi eskea aurkezteko” eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari, “euskal gizarteari egindako kalteagatik, atxilotze prozesuagatik eta tortura salaketengatik”. Egunkaria-k kondena bete du kondenatu ez duten arren, Oscar Matute bozeramailearen ustez, eta “ardurak” eskatu ditu “egunkari bat itxi zutenentzat, eta hango langile errugabeak kriminalizatu zituztenentzat”.

H1!:"Bidegabekeria deitoragarri bat amaitu da"

Pozik hartu du Hamaikabat (H1!) alderdiak Egunkaria-ren epaia, eta absoluzioarekin "bidegabekeria deitoragarri bat amaitu" dela iritzi dio Eneko Oregi lehendakariordeak, prentsa ohar baten bidez. Hala ere, beste alderdi gehienek bezala ez dela "justiziarik" egin azpimarratu du, baizik eta "inoiz hasi behar ez lukeen ibilbide tragiko bat" amaiatu dela.

NaBai:"Epaia Auzitegi Nazionalak Euskal Herrian egiten duen salbuespen judizialaren erakusle da"

"Zazpi urtez jasandako eskubide urradura guztiak zeinek eta nola ordainduko" dituen galdetu du Maiorga Ramirez Nafarroa Baiko bozeramaileak, sententziaren berri izan duenean. Epaiketa hasieratik bukaerara "burugabekeria bat" izan dela aipatu eta "Auzitegi Nazionalak Euskal Herrian dena da ETAren ideian" mugitzen dela esan du. Bere ustez eragindako "kaltea konponezina" da, "Egunkaria-ko proiektu editorialari amaiera eman" eta "pertsona errugabeak kriminal bezala tratatu" baitira.

Abertzaleen Batasuna: "Epaiak argiki eta aho batez adierazten du sumario dorpe eta luze hori hastetik buru antikonstituzionala izan dela"

AB Abertzaleen Batasunak Egunkaria-ko langile ohiak eta euskaltzale guziak zoriondu ditu. ABren ustez, "epaiak argiki eta aho batez adierazten du sumario dorpe eta luze hori hastetik buru antikonstituzionala izan dela, azpimarratzen duelako zer nolako 'tratamendua' jasan behar izan duten atxilotuek inkomunikazio denbora guzian". Horregatik, ABrentzat "ondorio zuzena litzateke ere, inkomunikazio denbora hartan jasandako tortura salaketak ikertzea eta torturatzaileak epaitzea". "Epai hunen sententziatik adierazpen askatasuna irabazle ateratzen da eta espero dugu hau guzia horretan geldituko dela, akusazio partikularraren dei auzirik gabe eta auzi ekonomikoaren gehiegikeriarik gabe".

Lokarri: “Gobernua hausnartzera bultzatu beharko luke, ilegalizazio eta debeku berriak gauzatzeko ekinean diharduelako oraindik”

Babesa eta zoriona agertu die auzipetuei Lokarrik, baina “prozesu luzeegi” honetatik zera ondorioztatu du akordioaren eta kontsultaren aldeko Sareak: “Dena da ETA ikuspegiak ondorio larriak ekarri ditu; oinarrizko eskubideen eta askatasunen murriztapenak”, eta era berean, uste du Gobernuak gogoeta egin beharko lukeela gertatu denaren inguruan, “ilegalizazio eta debeku berriak gauzatzeko ekinean diharduelako oraindik, Egunkaria bezalako gehiegikeriara eramanik ezinbestean”.Egunkaria-ko prozesuan auzipetuek jasan duten zigor luzea salatu dute: “atxiloketak, tortura salaketak, kartzela, fiantza ekonomikoak, Egunkaria-ren itxiera eta likidazioa, ohore-kalteak…”.

Amnistiaren Aldeko Mugimendua: "Egunkaria libre! aldarrikatuz lan andana egin da azken hilabeteotan Euskal Herrian, eta lan hori ez dela alferrik izan agerian utzi du epaiak"

Auzipetuekin batera, Egunkaria-ko langile oihak zoriondu ditu AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. AAMren iritziz, "Egunkaria auzia-k bere baitan biltzen ditu errepresioaren aurpegi ezberdinak: atxilotuek jasandako tortura larriak, salbuespeneko auzitegiaren esku hartzea, atxilotuetako batzuen espetxeratzea eta sakabanaketa". AAMk dio Egunkaria-ren kasua, "Egin-en kasua bezala, adierazpen askatasunaren aurka diktadura frankistaz geroztik jasandako erasorik bortitzenak" izan direla. Dena den, herriz herri Egunkaria-ren alde egindako lana goraipatu du AAMk: "Absoluzioa berri pozgarria da Euskal Herriarentzat. Egunkaria libre! aldarrikatuz lan andana egin da azken hilabeteotan Euskal Herrian, eta lan hori ez dela izan alferrik agerian utzi du epaiak. Mobilizazioak eta antolatu den gizarte presioak emaitzak eman ditu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.