«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
joxerra senar
2020ko abuztuaren 8a
13:12
Entzun

Kezkatuta azaldu da gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariaFacebooken zabaldu duen mezu batean. «Tamalez», ezarritako neurrien aurrean, gizartean izan diren jarrera batzuekin kritiko azaldu da, eta «erantzukizunerako» dei zabala egin du: «Zer gertatzen ari zaigu, Jaurlaritzako Osasun sailburuak etengabe emandako mezu larrien eta egunero gertu zein urrutiko egoera larria islatzen duen informazioren aurrean, martxoaren 13 osteko eta ekainaren 18 aurreko garaia bizi izan ez bagenu bezalako jokabideak eta ohiturak daudela ikusteko?», galdetu du ohar horretan.

Urkulluk nabarmendu du ekainaren 18an amaitutzat eman zela lehen olatua, baina geroztik indarrean egon dela atzera egiteko arriskua. Bitarte horretan, lehendakariaren hitzetan, pausoak eman dituzte osasun arloan materiala bereganatzeko eta arreta hobetzeko, eta administrazioaren material guztiak erosteko ardura Osakidetzari eman zaio. Halaber, protokoloak osatu eta erraztu dituzte jarduera ekonomikorako eta hezkuntzan, hurrengo ikasturterako (nahiz eta, azken kasu horretan, oraindik ez den zehaztu nola hasiko den ikasturtea).

Uda hasieratik, hala ere, agerraldiak izan dira, eta, Urkulluren arabera, «kirurgikoki» jardun dute horien aurrean hainbat udaletan. «Horregatik, asko dira berrogeialdia gordetzera behartutako pertsonak. Jabetzen gara kolektibo jakinetan horrek eragiten dituen zailtasunak eta horretan ari gara lanean». Dena den, bigarren aldiz, kritiko azaldu da axolagabekeria islatzen duten jarrera kolektiboekin. «Eta hala ere, sentipen orokortua da pandemiaren arriskua ez dagokigula guri. Uste dugu, edozelan ere, azken unean PCR proba eginda, kito! Uztailaren 31eko datuen arabera, estatuko estatistika ofizialei erreparatuta, PCR tasa handieneko erkidegoa da Euskadi, 179 PCR mila biztanleko».

Neurri «zailak»

Gaueko aisialdian hartu behar izan dituzten neurriak «zailak» izan direla deritzo, eta ostalaritzari bete-betean eragiten direla jabetzen dira. «Baina errealitatea dena da, eta ez soilik Euskadin eta estatuan». Urkulluren arabera gertutik jarraitzen ari dira nazioartean beste herrialdeek eman duten erantzuna eta jarraitu duten estrategia. Bereziki Hego Korea, Alemania (gobernu federalak eta hamasei landerrek hartutakoa), Austria (Viena eta estatu konfederatuak), Frantzia, Danimarka eta Belgika aipatu ditu. Gogora ekarri du hamahiru herrialdek neurriak hartu dituztela «estatu espainiarrera bidaiak egitearen edo estatuko bidaiariak hara joatearen» inguruan.

Urkulluren arabera, «bitxia da» herrialde guztiek antzeko neurriak hartu dituztela maskaren derrigortasunaz, urruntze neurriez, testez eta PCR probez, sakelakoen aplikazioez («geurea baino permisiboagoa guri eskubideen babesarekin behartzen gaituztena baino»). Aisialdian, kirol eta kultur ekitaldietan, ekonomiaren arloan, telelanean, erosketetan... «diferentza gutxi edo apenas dagoen», Urkulluren arabera.

Lehendakariak ohartarazi du, dena den, Espainiako Estatuan ez direla ezarri neurri batzuk: hala nola, herrialde horietako batzuetan, aplikazio bidez kontaktuak konfinamendua gordetzera behartzen dituen eta alerta goiztiarra ematen duen aplikazioa erabiltzen dute, edo konfinamendua ezarri gune jakinetan; edo betebeharra ezarri negozioei bezeroen kontaktuak izateko, ondoren jarraipena egiteko, kutsadurak egonez gero; edo pertsona multzoak murriztu. «Oraindik estatuan ezarri ez den neurria da gaueko ordu batean etxeratzeko agindua, goizeko ordu jakin bat arte».

Hori etor daitekeela iradokiz, atzera ez egiteko «denen artean ahal den guztia» egin behar dela esan du. Birritan errepikatu du hori, eta hala amaitu du idatzia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.