Errefuxiatuak. Karabana Greziara

«Erantzuna suntsitu nahi dute»

Tesalonikan errefuxiatuentzat atontzen ari ziren eraikin okupatu batean atxilotu zituzten Itziar Bardaji eta Iñaki Molina iruindarrak. Epaiketaren zain daude.

Itziar Bardaji eta Iñaki Molina Zabaldiko kideak, Greziatik bueltan, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2016ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Guztiok europarrak ginen; hortaz, ezin zitzaigun ezer txarrik gertatu. Interes asko zeuden. Oraindik ere ez dut sinesten Syrizak ez zuela horrekin zerikusirik». Iñaki Molina (Iruñea, 1990) harriduraz mintzatu da Grezian bizi izandako atxiloketaz, han jasotako tratu onarengatik. Itziar Bardajik (Iruñea, 1984) bat egin du Molinaren hitzekin: «Burokraziarekin gaindituta zeuden; atxilotuak greziarrak izan balira, tratua ezberdina izango zen. Dakigun bakarra da atxilotu gintuztenean greziar mugimenduko jendeak Syrizaren egoitza hartu zuela; gobernua seinalatu zuten».

Karabana Greziara: Mugak Zabalduz egitasmoarekin iritsi ziren Bardaji eta Molina Iruñeko Zabaldi elkarteko kideak Tesalonikara. Uztailaren 15ean ekin zioten bideari Euskal Herriko beste 121 pertsonarekin, Europako Batasuna errefuxiatuen krisiaren aurrean ematen ari den erantzuna salatzera. Karabanako hainbat kidek ez bezala, kanpalekuak eta atxiloketa zentroak alboratu zituzten; izan ere, «bestelako salaketa politikoak egiten» ere gelditu nahi zutela azaldu du Molinak. Hamar egun horietan, Greziako mugimendu autogestionatuek egiten duten lana hurbiletik ikusi zuten, eta haiekin elkarlanean aritu ziren. Eraikinak okupatzea, egokitzea eta migratzaileekin batera kudeatzea dute helburu mugimenduok.

Errefuxiatuei laguntzeko eraikin horietako batean zeuden bi ekintzaileak joan den uztailaren 27an, Poliziak Atenasen eta Tesalonikan okupatutako etxeetatik Greziako eta nazioarteko 70 aktibista aterarazi zituenean. Tesalonikan, Orfanotrofeio, Nikis eta Hurriya izeneko eraikinak okupatu zituzten. Azken horretan zeuden Molina eta Bardaji. «Goizeko 05:00etan hasi ziren jendea kanporatzen. Istiluen kontrako poliziak ziren», gogoratu du Molinak. Era berean, 30 errefuxiatu inguru ere atxilotu, eta atxikitze zentroetara eraman zituzten. «Europarrak eta ez-europarrak bereizita epaitu gintuzten», zehaztu du Bardajik. Polizia etxera eraman zituzten aktibistak, eta 36 ordu eman zituzten han. Deklaratzera joan zirenean izan ezik, taldean egin zituzten ordu horiek. «Europako hamar herrialdetako pertsonak egongo ginen», azaldu du Bardajik. Hurrengo egunean, ekintzaile guztiak epaitu zituzten, Molina eta Bardaji izan ezik, itzultzaile faltagatik; epaiketa abuztuaren 5era atzeratu zen, baina urtarrilaren 26ra arte atzeratu dute berriro.

Okupazioa leporatzen diete, baita eraikina hondatzea ere; beste ekintzaile batzuei ordena publikoa nahastea eta jabegoari kalteak egitea egotzi zieten. Dena ezerezean geldituko dela uste dute biek. «Karguekin aske gaude, epaiketaren esperoan. Greziara bueltatu gaitezke. Guk ez dugu zigor aurrekaririk herrialdean; lasai gaude», ebatzi du Molinak. Biak bat datoz: atxilotuek ez dute kartzelara sartu beharko; isunik ere ez dute espero.

Atxilotzearen unea ez zela ezustekoa izan erantsi du Molinak. «Hiru eraikinetatik aterarazi gintuzten momentuan, errefuxiatuen Pireoko kanpalekua ere hustu zuten. Zertarako? Hiru kaleratzeei buruz hitz egin zedin, eta Pireokoa ezkutuan gelditu zedin». Hustu zituzten hiru etxeetatik bik aspalditik funtzionatzen zuten migratzaileentzako aterpe moduan; hirugarrena (Hurriya) Bardaji eta Molina iritsi baino sei egun lehenago okupatu zuten. «Orain dela bost-sei urte, Egunsenti Urrekara [eskuin muturreko alderdia] hemen egoten zen», adierazi du Molinak. Haiek heltzean, ordea,No Border kanpalekuko jendea zegoen han: eraikina atontzen ari ziren pertsonak, ekintzaileak eta migratzaileak. Atxiloketen ondoren, eraikinetako bat, Orfanotrofeio, eraitsi egin zuten, eta bertan zeuden sendagai, material eta objektuak hondarren artean gelditu ziren. Estatuaren eta Eliza ortodoxoaren konplizitateari egozten dio errua Molinak. «Orfanotrofeioren auzian Eliza dago nahastuta, eraikinaren jabea baita».

Ceuta ere buruan

Karabanaren hasierako helmuga ez zen Grezia. «Espainiako Estatuan hegoaldeko muga dago, eta hori izan zen buruan geneukan lehenengo hautua», azpimarratu du Molinak. Baina ikusi zuten Greziak egun duen oihartzun mediatikoaz baliatuta inpaktua handiagoa izango zela. Ekintza politikoa ere ez zen hasieran pentsatutakoa izan. «Mugaraino joan nahi genuen autobusekin, errefuxiatuak hartu eta gurekin bueltatzeko. Desobedientziatik enfokaturik zegoen. Irmo esan nahi genuen: instituzioek ez badute beren lana egiten, guk irekiko diegu bidea migratzaileei», adierazi du Bardajik. Estrategiak ekarriko zituen ondorio larriez ohartuta, alboratu egin zuten ideia. «Ondorio penalak serioak izan zitezkeen, eta pertsona horien segurtasuna ere ezin genuen bermatu. Lagundu baino gehiago, kalte egin ahal genien», erantsi du.

Desobedientzia ere topatu zuten Grezian; izan ere, Europaren inposaketen aurrean alternatibak eskaintzea da greziarrei gelditzen zaien aukera bakarra. «Mezu bat bidali ohi digute: kulturalki oso ezberdinak garela eta ezin garela nahastu. Mugimenduek kulturen arteko elkarbizitza posible dela erakutsi nahi zuten», azaldu du Bardajik. Eta erantsi du lan hori ez dela erraza: «Laguntza, dirua eta denbora herritarrek jartzen dute; Greziako estatua, ordea, mugimenduen erantzuna suntsitzera mugatzen da, baita pertsonak kriminalizatzera ere». Greziako alanbre hesia ez da migratzaileek eta aktibistek duten muga bakarra. Eguneroko bidean topatzen baitituzte mugak, baina baita horiek apurtzen lagundu nahi dutenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.