Bilboko Aste Nagusian aurten ere izan dira emakumeen kontrako erasoak; udaltzainek emandako datuen arabera, adibidez, atzo lau atxiloketa egin zituzten ukituak egotzita, eta beste bat genero indarkeriarengatik. Bilboko Konpartsek antolatuta, protesta bat egin dute tankera horretako erasoak salatzeko; parte hartu dutenek giza kate bat abiarazi dute udaletxe paretik, 19:00etan.
Zapi moreak eskuetan, katea osatu dute. Gero, elkarretaratze bat egin dute. Erasoen gainetik... Aste Nagusia defendatu lelodun pankarta zabaldu dute.
Eraso sexisten kontrako mezuak ozentzeko bide gehiago ere ireki dituzte konpartsek egunotan. Atzo gauean, adibidez, ezagutu ziren azken erasoen harira, geldialdiak egin zituzten txosnetan; gauerdian eta 02:00etan izan ziren etenaldiak.