Euskararen Defentsarako Sareko bozeramailea

Joseba Otano: «Erasoen kontra erakundeek ez badute ezer esaten, jai dugu»

Euskararen aurkako epai judizialen atzean eskuinaren eragina ikusten du Joseba Otano euskaltzaleak. Beharrezkotzat jo du udalen inplikazioa euskarafobiari aurre egiteko.

Joseba Otano
AITOR KARASATORRE / FOKU
Ion Orzaiz.
Iruñea
2024ko otsailaren 09a
05:00
Entzun

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean atzo eginiko protestaren antolatzaileetako bat da Euskararen Defentsarako Sarea. Euskararen aurkako jokabideak salatu nahi izan dituzte, baina baita «epaileen inpunitatea» ere. Elkarteko bozeramaile da Joseba Otano (Iruñea, 1961), eta uste du «kalean» erantzun behar zaiola oldarraldi judizialari.

Zizurko Udalari eragin dio hizkuntza eskakizunen aurkako azken epaiak. Zer gertatu da?

Zizur Nagusiko Udalak urtero onartzen du lantalde organikoa, eta lanpostu batzuei profil elebiduna ezartzen die, beharrezkotzat jotzen duelako postu horietan euskara jakitea. Hala izan da kasu honetan ere: obretarako lanpostu bati jarri zioten euskara eskakizuna, postuak berekin dakarrelako kalean lan egitea eta jendearekin harremana izatea. Postu horretan behin-behinean lanean ari zenak Nafarroako Administrazio Auzitegira jo zuen, baina erakunde horrek arrazoia eman zion udalari. Argudiatu zuen udalak gaitasuna duela profil elebidunak ezartzeko, eta justifikatua ikusten zuen bederatzi postutatik bati euskara eskakizuna jartzea.

UPNk, baina, helegitea jarri zion horri...

Bai, eta, orain, Administrazio Auzietarako Epaitegiak arrazoia eman dio langileari. Ondorioz, Zizur Nagusiko lanpostu horri profil elebiduna kendu diote, eta udala prozesuaren kostuak ordaintzera behartu dute.

Zergatik?

Epailearen argudio nagusia da lanpostu publiko bati euskara eskakizuna jartzeak hautagai erdaldunak diskriminatzen dituela, eta horrek urratu egiten dituela bai Espainiako Konstituzioa eta bai Funtzio Publikoan aritzeko berdintasun printzipioa. Konstituzioaren interpretazio horren aurka ia ez dago zer eginik: zer argudiatuko dugu? Zer jar dezakegu mahai gainean, Espainiako Konstituzioaren interpretazio horri aurre eginen diona?

Epaileak esan du herritarrek eskubidea dutela administraziora euskaraz jotzeko, baina administrazioko langileek ez dutela zertan euskaraz erantzun. Ba al du zentzurik horrek?

Esan beharra dago normalean auzitegietako ebazpenetan ez direla halakoak ikusten, eta epaile honek ez zuela hori idazteko beharrik, baina hala egin duela berdin-berdin. Haren arabera, euskaldunok ez dugu eskubiderik administrazioaren erantzunak euskaraz jasotzeko. Ez du ez hanka eta ez buru: administraziora euskaraz jotzea zer da, bada, paretarekin hitz egitea? Bere euskarafobia agerian utzi du epaileak, hori sententzian jarrita.

Nafarroan are zailagoa da oldarraldi judizialari aurre egitea?

Tira; azkenaldian, apur bat lasaiago zegoen kontua Nafarroan. Orain, batez ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sumatzen ari dira oldarraldi judizial hori. Hemen, pareta izan da Administrazio Auzitegia. Nafarroako Gobernuaren organo bat da, norbaitek udalen neurriak errekurrituz gero, horren gainean erabakitzeko. Urteetan, euskararen aurkako erabakiak hartu izan ditu Administrazio Auzitegiak, baina azkenaldian bazirudien irizpideak aldatzen ari zirela. Orain, baina, epaitegietara iritsi da auzia, eta hor irizpide euskarafoboak gailendu dira.

Esparru juridiko berri bat behar al da halakoei aurre egiteko?

Beste era bateko epaileak, hori da behar duguna. Epaileei bost axola zaie esparru juridikoa: Espainiako Konstituzioa mahai gainean jarrita, edozer egin dezakete. Konstituzioa aldatzea ere alferrikakoa litzateke, haren interpretazio oso murritza eta partziala egiten baitute. Berez, Konstituzioak dioena da diskriminazioa ez dela legearen araberakoa, eta denok bat gatoz horrekin. Nola ez? Arazoa interpretazioan datza: zeri esaten zaion diskriminazio. Hortaz, estamentu juridiko osoa garbitu eta epaile euskarafoboak kendu ezean, alferrik da ordenantzak eta legeak moldatzea.

Babes handia lortu zuen atzoko elkarretaratzeak.

Bai. Euskalgintzako eragileez gain, bat egin zuten EH Bilduren eta Geroa Bairen udal taldeek, zenbait sindikatuk eta, aspaldiko partez, baita Zizur Nagusiko Udalak ere. Garrantzitsua da, normalean udalak eta zinegotziak ez baitira mugitzen. Ez dago erantzun instituzionalik. Zizur Nagusiko Udalak, baina, urratsa egin du, eta gustatuko litzaidake besteak ere bide hori urratzen hastea. Hizkuntza eskakizunen aurkako epaien aurka ez badute protesta egiten, erakundeek ez badute ezer esaten, jai dugu.

Uste duzu euskararen aurkako oldarraldi judizial hau antolatua dagoela?

Erabat. Nafarroan, eskuinak betidanik du izaera euskarafoboa, baina, 2015ean, gobernutik kanporatu zituztenean, erabaki bat hartu zuten: boterea berreskuratzea beste bide batzuk erabilita. Besteak beste, bide judiziala. Eta antolaketa horren froga da euskararen kontrako epai bat argitaratu eta berehala helarazten dietela udal guztiei. Argi dago koordinazio bat dagoela hor. Eredu gisa erabili nahi dituzte epai hauek, administrazioek ez dezaten urratsik egin hizkuntza eskubideen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.