Iruñeko Udaletxeko plazan egin dute elkarretaratzea. Berdintasunaren aldeko aldarria zabaldu nahi dute sanferminetarako, eta eraso sexistarik gabeko bestak eskatu. Hiru hilabete falta dira, oraindik, sanferminak hasteko, baina Iruñeko besten inguruko jarrera sexistak salatu dituzte jada. Iruñeko Peñen Federazioak salatu du, adibidez, hainbat enpresak sanferminetara joatera deitzeko egindako iragarkiek irudi sexistak erabiltzen dituztela. Esku hartzeko eskatu dio Iruñeko Udalari. Asteazkenean, auzi horri buruz galdetuta, Fermin Alonso Kultura zinegotziak ez zuen adierazpenik egin nahi izan.
Iruñeko Emakumearen Udal Kontseiluak eta Sanferminak Berdintasunean taldeak, peñek bezala, gogor kritikatu eta salatu dute iragarki sexisten erabilera. Talde horiek neurriak eskatu dituzte halako iragarkien aurka egiteko, bertan behera utz ditzaten. Emakumeek bestak berdintasunean gozatzeko eskubidea dutela nabarmendu dute, eta halako iragarkiek eraso sexistak gertatzeko arriskua areagotu egiten dutela erantsi dute.