Abagune batzuek emakumeen aurkako indarkeria eragin dezakete, eta krisi ekonomikoa horietako bat dela salatzeko aterako da gaur kalera mugimendu feminista. Baina bortizkeria eragin ez ezik, iraunarazi ere egin dezake krisiak, beste ondorio batzuk ekarri dizkielako tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei: egoera ekonomiko estua bikotekideengandik bereizteko oztopo bihurtu da. «Krisia modu esanguratsuan ari da eragiten andreengan, batez ere egoera zaurgarrian daudenengan. Dudarik gabe, zaurgarritasun handiagoak tratu txarren egoeretatik ateratzeko aukerak mugatzen ditu», azaldu du Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak.
Badago hipotesi hori babesten duen daturik: bereizketa eta dibortzio kopurua jaitsi egin da krisia hasi zenetik, ordura arteko joera nabarmen goranzkoa izan zen arren. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko departamentuan egindako azterlan batek azaleratu duenez, 2008. eta 2010. urteen artean %5 gutxitu ziren banaketak Nafarroan. «Prozesu horiek geldiaraztea familien estrategia bat da, etorkinen kasuan jaioterrira itzultzea den bezala», azaldu du Ruth Iturbidek, Krisiaren inpaktua 2007-2011. Nafarroako parekidetasunik eza, pobrezia eta gizarte bazterketari buruzko lehen txostena lanaren egileetako batek.
Lehentasunak aldatzean datza estrategia hori, Iturbideren hitzetan: «Krisi garaian, eutsi egin behar da, eta gurearen moduko ongizate estatu familistan, sendiaren babesa bilatzen dugu, nahiz eta senideren batekin harreman onik ez izan». Silvestrek erantsi du banatzea zailagoa dela krisi garaietan, dibortzioek dakarten kostuagatik ez ezik, diru sarrera bakarrarekin edo sarrerarik gabe bizitzeak dakartzan zailtasunengatik. Eta hori larriagoa da indarkeria matxista dagoenean: «Gerta daiteke emakume batzuk bikotekideengandik ezin bereiztea arrazoi ekonomikoengatik, eta ez hainbeste indarkeriaren zikloarekin lotutako arazoengatik, mendekotasun emozional edo autoestimu baxuagatik».
Zailtasun ekonomiko horiek gizarte egituraren barruan kokatu ditu Iturbidek, eta horren barruan andrazkoek duten egoera: «Lan merkatuan, adibidez, emakume izateagatik aukera gehiago dauzkazu lan prekarioagoa, soldata txikiagoa eta lan baldintza okerragoak edukitzeko». Ondorioa ekuazio erraza da: «Senarrak tratu txarrak ematen dizkionean ere, emakume batek bere egoeraren arabera hartu beharko du etxetik alde egiteko erabakia. Lanaldi osoan egonda ere 800 euro kobratzen badu, murrizketen ondorioz laguntza publikoak kendu badituzte eta gainera bi seme-alaba zaindu behar baditu, askoz zailagoa izango da. Krisiaren abaguneak indarkeria egoera horietan mantentzen ditu andreak».
Ildo horretan, Espainiako Gobernuak asteon justizian ezarri dituen tasak gaitzetsi ditu Silvestrek. Herritarrek justizia berdintasunez erabili ahal izatea saihesten dutela esan du. «Dibortzioa ordaindu ezin duten emakume asko banatzea eragotziko dute tasek, eta tratu txarrak jasaten dituztenen kasuan, beren etxeak espetxe bihurtzea ekarriko dute».
Familia barruan, bi joera
Baina indarkeria kasu larrienetatik kanpo ere, krisiak eragina du andreen egoeran. Adibidez, familia barruko giroan, nahiz eta ez duen zertan ezkorra izan. Bi joera azaldu ditu Iturbidek: «Batetik, gerta daiteke familiak bat egitea kanpoko etsaiari aurre egiteko eta horrek desadostasun egoerak murriztea. Baina, bestetik, krisiak estres handiko egoerak eragin ditzake, adibidez, lanean, eta, estres hori etxera eramanez gero, gatazka gehiago egon daiteke».
Iturbidek argitu du gatazka horiek ez dutela zertan indarkeria sortu. Orduan, eraginik ba al du krisiak bortizkeria matxistan? Ikertzailearen arabera, emakumeen aurkako indarkeria eragin dezaketen elementuen «indarra» areagotu dezake krisiak. «Batzuetan, tratu txarrak jasatearen edo ez jasatearen arteko aldea da nola barneratu duzun egiturazko abagunea: emakumeen nortasuna maitatuak izateko nahian eta zaintzean datzala eta gizonen nortasuna ogia irabaztean datzala; eta hornitzaile rol horretan, andreei bide egokia erakutsi behar dietela uste dutenean hasten da bortizkeria».
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna
Erasotzaileari atxikita
Krisiaren ondorioz indarkeria matxistaren biktimek bikotekideengandik banatzeko oztopo gehiago dituztela ohartarazi duteJustiziako tasen igoerak «etxeak espetxe» bihurtuko dituela salatu du Maria Silvestrek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu