Erasotzaileei seme-alaben zaintza kendu nahi die Espainiako Gobernuak

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak nabarmendu dute oraindik lan asko dagoela egiteko

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Bikotekideari tratu txarrak emateagatik zigortutako gizonezkoei seme-alaben zaintza kendu nahi die Espainiako Gobernuak, eta, era berean, galarazi egin nahi du erasotzaileak euren bikotekideen ondasunekin geratzea. Bi asmo horiek gauzatzeko, Kode Zibila aldatzea proposatuko dio gobernuak Ministroen Kontseiluari gaur bertan. Leire Pajin Berdintasunerako ministroak eman zuen atzo asmo horien berri, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Haren esanetan, «ezin da onartu» jotzen, erasotzen edota hiltzen duten gizonezkoek seme-alaben zaintza izatea edota hil duen emakumearen osasunen jabe egitea.

Lege aldaketa horren bidez, epaileei «aukera» eman nahi diete ustezko erasotzaileari seme-alaben zaintza kentzea erabaki ahal izatea, «badaezpadako neurri» gisa, prozesu judizialak iraun bitartean eta epaia irmoa izan bitartean. Gaur egun, legeak badakar tratu txarrengatik zigortutako gizonezkoei zaintza partekatua kentzea, baina emakumea hiltzen den kasuetan, zaintza osoki bereganatzeko aukera dute. Hain zuzen, besteak beste, aukera hori da Espainiako Gobernuak eragotzi nahi duena. Horretarako, dena dela, ezinbestekoa izango da epaia irmoa izatea. «Ez daude kasu asko, baina kasu horiek oso mingarriak dira, eta neurri horrek hori eragotziko du», azaldu du Leire Pajinek.

Kasu guztietan, dena den, ez litzateke izango posible erasotzaileei zaintza eragoztea. Leire Pajinek zehaztu du «kasu larrietan» egingo dela, eta aurrez fiskalak neurri horren aldeko txostena egin badu.

Erakundeen protestak

Mugimendu feministak eta sindikatuek egindako protestez gain, Euskal Herriko erakunde ugarik egin zituzten atzo protesta ekimenak. Esaterako, Eusko Legebiltzarrean minutu bateko isilunea egin zuten legebiltzarkideek, eguneko plenoari ekin aurretik. Arantza Quiroga presidenteak adierazpen instituzional bat irakurri zuen, eta indarkeria sufritu, sufritzen ari diren eta sufri dezaketen emakumeei eta euren seme-alabei elkartasuna adierazi zien. Azken urteetan «aurrerapausoak» izan badira ere, oraindik ere «bide luzea» dagoela egiteko nabarmendu zuen, «oraindik ere gizartean eredu patriarkalek irauten dutelako». Beldurrik gabe bizitzeko eskubidea defendatu zuen legebiltzarrak, eta tratu txarrek eragiten duten «izuaren eta ankerkeriaren espiraletik» ateratzeko deia egin zuen.

Eusko Jaurlaritzak ere genero indarkeriaren biktimei elkartasuna erakutsi nahi izan zien, eta bost minutuko elkarretaratzea egin zuen Lakuako egoitzaren aurrean. Administrazioko langileez gain, Idoia Mendia Justizia sailburuak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak hartu zuten parte, besteak beste. Elkarretaratzearen amaieran, Mariola Serranok, genero indarkeriaren biktimei laguntzeko Jaurlaritzak duen bulegoaren zuzendariak, hartu zuen hitza: «Salaketa jarri duten edota jarri ez dutenak, isiltasunean sufritzen ari direnak edota oraindik ere bortxakeriazko egoeran daudela aitortu ez duten emakumeak oroitzeko eguna da gaurkoa [atzokoa]». Haren arabera, urtarriletik abuztura bitarte tratu txarrak jasan dituzten hiru emakumetatik batek ez du erasotzailea salatu. Serranok gogorarazi zuen ez dagoela biktimen soslai zehatzik, eta «edozein emakumek» jasan ditzakeela tratu txarrak. 18 eta 30 urte arteko geroz eta emakume gehiagok jasaten dute indarkeria, eta, hori ikusita, prebentzio eta sentsibilizazio ekimenak ugaritzearen alde egin zuen.

«Ez daude bakarrik»

Nafarroako erakundeetako ordezkariak 12:00etan batu ziren Iruñeko Vinculo plazan, emakumeen aurkako indarkeriari arbuioa adierazteko. Alberto Catalan gobernuko bozeramaileak, Maria Isabel Garcia Malo Gizarte Gaietarako kontseilariak, Elena Torres Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Yolanda Barcina Iruñeko alkateak, Javier Eneriz arartekoak eta legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politiko guztiek hartu zuten parte.

Garcia Malok «erabateko arbuioa» adierazi zion indarkeria matxistari, eta datu «ikaragarri batzuk» nabarmendu zituen, hala nola, Nazio Batuen Erakundeak emandakoa: hamabost segundoro eraso egiten diote emakume bati munduan. Kontseilariaren esanetan, oraindik ere lan asko dago egiteko indarkeria mota horrekin bukatu ahal izateko: «Gobernuak jakin badaki oraindik ere lan asko egin behar duela erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko, baliabide gehiago jarri behar dituela genero indarkeriari aurre egin eta prebenitzeko, eta gizartearen heziketan eta sentsibilizazioan are gehiago eragin behar duela».

Genero indarkeriaren biktimei zuzendu zitzaien kontseilaria: «Ez zaudete bakarrik, eta baliabideak badituzue». Erasotzaileentzat ere izan zuen mezurik: «Gizarte honetan ez dute tokirik eta jazarri egingo zaie. Botere publikoek gogor egingo dute edozein tratu txarren aurka».

Gipuzkoako Diputazioak, bere aldetik, jakinarazi du hiru egunetan 1.300 sinadura eta 250 ekarpen eta esaldi baino gehiago jaso dituela egunotan burutzen ari diren kanpainaren baitan, eta herritarren erantzun «paregabea» eskertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.