Ez zen abusua izan, "sexu eraso jarraitua" baizik. Hala ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak ekainaren 21ean argitaratu zuen epaian. 2016ko sanferminetako erasotzaileei 15 urteko espetxe zigorra ezarri zien emakumezko bat taldean bortxatzeagatik. Gaur, auzitegiak zigor hori ezartzeko oinarri izan zituen argudioak jakin dira. Epaian jasoa duenez, erasotzaileek "jakinaren gainean" jardun zuten emakumearen askatasun sexualaren kontra, hark "onespena inoiz eman gabe". Gaineratu du ez zela beharrezkoa emakumeak "jokabide heroikoa" izatea erasotzaileek "haren ezezkoaren berri izan zezaten".
Horrez gain, epaimahaiak nabarmendu du erasotzaileek emakumea toki "ezkutu, estu eta irteerarik gabeko" batera eraman zutela, apropos. Auzitegiaren esanetan, biktima "larrituta, harrituta eta erreakzionatzeko gaitasunik gabe" zegoen, eta egoerak "akusatuek esandako guztia" egitera behartu zuen.
Epaiak adierazi du erasotzaileek baldintza horiek baliatu zituztela emakumeari eraso egiteko, eta gogorarazi du hamar alditan egin zizkiotela sarketak "ahotik, alutik eta uzkitik", minutu bat eta 38 segundoan.
Bortxaketa 2016ko uztailaren 6an gertatu zen, Iruñeko etxebizitza eraikin bateko atarian. Bost erasotzaileek emakumea inguratu zuten, eta hainbatetan bortxatu zuten eremu ezkutu eta estu batean. Bortxatu ondoren, erasotzaileetako batek sakelakoa kendu zion. Hori dela eta, auzitegiak beste bi urteko zigorra ezarri dio gizonezko horri. Erasotzaileak espetxean daude Gorenak epaia eman zuen egunetik.
Auzitegiaren erabakiak zuzendu egin du Nafarroako auzitegiek —Probintzia Auzitegiak eta Justizia Auzitegi Nagusiak— bortxaketari emandako "sexu abusu" kalifikazioa. Aldea dago "sexu eraso" delituarekin konparatuta, horretarako derrigorrezkoa baita indarkeria erabiltzea. Horrenbestez, akusatuei ezarria zieten bederatzi urteko zigorrak gogortu egin zituzten.