Animaliak jaietan. Zezenketak

Erdira jausi dira zezenketak

Zezenak hiltzen dituzten ekitaldien kopurua nabarmen jaitsi da 2007az geroztik: Hegoaldean 146 saio egin zituzten urte hartan, eta iaz, 76. Festa giroan zezen ekitaldi gehiago egiten dituzte: %23 hazi dira

Zezenketariak, iaz, Donostiako Illunbeko zezen plazan. Bi urteren ondoren, iaz egin zuten zezenketa, eta aurten ere izango da. JUAN HERRERO / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko uztailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zezenak ardatz izan dituzte azken egunetan sanferminetan, baina horrelako ekitaldiak nabarmen ari dira gutxitzen Euskal Herrian. Datu ofizialei begiratuta, jaitsiera nabarmena da zezenketetan eta estilo horretako ekitaldietan. Espainiako Kultura Ministerioaren zenbakien arabera, 2007an horrelako 146 ekitaldi egin zituzten Hego Euskal Herrian; iaz, berriz, 76. %48ko jaitsiera da hori. Zezenketen gutxitzea agerikoa da, baina ez da berdin gertatu herrietako festetan-eta izaten diren ekitaldiekin. Azken bost urteei begira jarrita, igo ere egin da kopurua: 2011n, festa giroko 1.408 ekitaldi egin zituzten zezenak tarteko zirela, eta iaz, 1.737. %23ko igoera. Batez ere Nafarroan handitu da halako ekitaldien kopurua: %30.

Batik bat zezenketek sortzen dute polemika urtez urte Euskal Herrian, abereek jasotzen duten tratuaren eta haiek hiltzearen ondorioz. Gero eta zezenketa gutxiago egiten dituzte, datu ofizialek diotenez. 46 zezenketa egin zituzten Hegoaldean 2007an, eta iaz, 33. Ekitaldiei buruzko datuak bakarrik ematen ditu Kultura Ministerioak; ez dago joaten den jende kopuruari buruzko daturik.

Diru kontuei buruzko informazioak jasotzea ere zail da. Erakundeek behin eta berriz nabarmentzen dute ez diotela diru laguntzarik ematen zezenketen alorrari, baina salaketak egin izan dituzte zeharka laguntzen dituztela. Bilbon, adibidez, zezenketetarako sarrerak erosten ditu udalak; zinegotziek baliatzen dituzte sarrera horiek, eta erretiratuen elkarteen artean ere banatzen dituzte.

Ekitaldien kopurua gero eta txikiagoa da, nolanahi ere. Ohiko zezenketak bakarrik ez, gainerakoak ere gero eta gutxiago dira. Zekorketak, 3-4 urteko abereekin egiten dituzten ekitaldiak, erdira jausi dira; zezenketaria zaldi gainean dela egindako ekitaldiak 24 izan ziren orain bederatzi urte, eta iaz, heren bat, zortzi. Beste ekitaldi tipo batzuk erabat desagertuak dira jadanik: 3 urte baino gutxiagoko abereak hil dituzten ekitaldi bat ere ez zuten egin iaz Hegoaldean, betiere datu ofizialen arabera. 2007an halako zazpi jaialdi egin zituzten, eta 2010ean bi geratzen ziren, biak ere Nafarroan. Ez dute gehiago egin 2010az geroztik.

Hain justu, Nafarroan izan dute jaitsierarik handiena zezenak hiltzen dituzten ekitaldiek: %60koa. 74 ekitaldi egin zituzten 2007an, eta 31 iaz. Ohiko zezenketek eutsi diote hobekien, 26tik 17ra jaitsita. Horretan zerikusia dute Iruñeko sanferminek, egunero egiten baitituzte zezenketak arratsaldean.

Donostia, galdeketari so

Donostian eragin dute polemika handiena zezenketek azken urteetan. Aurten ere izango dira Aste Nagusian, iazko eran; aurreko urteetan ez dituzte egin, EH Bilduk aldatu egin zuelako Illunbe erabiltzeko araudia, eta animaliei tratu txarrak eman dizkieten jardunak debekatu egin zituelako. Udal gobernuak berak hartu zuen erabakia, ez osoko bilkurak. Iaz, gobernu talde berriarekin, berriro egin zituzten zezenketak Illunben, eta aurten ere egingo dituzte.

Baliteke, ordea azken urtea izatea. Donostiako herritarrek erabakiko dute. Donostia Antitaurinoa Orain plataformak ia 9.000 sinadura aurkeztu zizkion martxoan udalari, eta hark bide eman dio galdeketa antolatzeari. Herritarren parte hartzerako Donostian onartutako araudia dago horren oinarrian —aurreko agintaldian onartu zuten arau hori, udaleko talde guztien babesaz—.

Kontua da Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak helegitea jarri ziola arau horri, eta eten egin duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, harik eta epaia eman arte. Kontsulta egiteko asmoa du udalak, hala ere. Bi bide ditu horretarako: batetik, EAEko Auzitegi Nagusiaren etena bertan behera uzteko eskatuko du, eta, beraz, Donostiako arauaren babesean galdeketa egiteko; bestetik, aurreko bideak ez balu aurrera egingo, aukera luke Espainiako Gobernuari baimena eskatzea, eta hark onartzea kontsulta hori.

Era batera edo bestera, eguna ezarria du Eneko Goia alkateak: otsailaren 19an egin nahi du zezenketen inguruko galdeketa, igandearekin. Ez dute zuzenean galdetuko zezenketak bai edo ez. Hau da formula: «Ados al zaude udalak bere titulartasunekoak diren ekipamendu eta espazioak zezenketetarako ez alokatu edo uztearekin, eta horretarako diru laguntzarik ez ematearekin?». Alegia, udalak Illunben zezenketak egiten utzi behar duen edo ez.

Iritzi ezberdinak alderdietan

Zezenketen gaia da alderdi barruko iritzi desberdinak mahai gainean jartzen dituen gaietako bat. Donostian bertan, galdeketaren alde ez da sutsu ageri PSE-EEko burua, Ernesto Gasco: «Bakean uztea nahi dute donostiar gehienek: ez daude ez alde, ez kontra. Badaude arazo handiagoak». Argudiotzat jarri du, gainera, lege oztopoak izan ditzakeela kontsultak. Ez du ikuspegi hori azaldu Denis Itxaso sozialistak, Gipuzkoako Kultura diputatuak: «urrezko aukeratzat» jo du galdeketa. Botoa ere iragarri du: «Argi dut parte hartuko dudala. Donostian zezenketek jarraitzearen aurka bozkatzeko parte hartuko dut».

Herri batetik bestera ere badaude diferentziak, badaudenez. Bilbon, adibidez, osoko bilkurak atzera bota du galdeketa egiteko proposamena, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin. Argudioa: «Bilboko gizartean ez dago debate hori». Aste Nagusiko zezenketak zezen plazaren bideragarritasun ekonomikorako giltzarri direla ere ohartarazi dute. EH Bilduk eraman du zezenketen gaia Bilboko udalbatzara. Koalizioko beste alkate batek, Iruñeko Joseba Asironek, hau esan du sanferminetan: «Oraintxe bertan, Iruñean, festa eredua auzitan jartzea da zezenak auzitan jartzea». Aitortu du, hala ere, «lehenago edo geroago» eztabaida irekiko dela.

Zabaldu da zezenketei buruzko eztabaida herri batzuetan. Isilago dago zezenak hil gabe erabiltzen dituzten ekitaldiena. Goraldia bistakoa da: 1.737 ekitaldi izan ziren iaz; astean, 33. Urtez urte ari da kopuru igotzen. Baina badira mugimenduak: aurten Uharten eta Barañainen (Nafarroa) bertan behera utzi dituzte bigantxen saioak, galdeketa bidez erabakita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.