«Askoz ere sakonagoak» izan behar dute urratsek, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuaren iritzian. Ez du asebete Bilduk tiroketaren inguruan esandakoak, eta koalizioari ohartarazi dio «erdizkako hitzek, aitzakiek eta justifikazioek» ez dutela balio. «Irmoa izan behar da indarkeria errefusatzen».
Bilduk «gertakari» gisa definitu zuen larunbat gauean ETAko kideen eta jendarmeen artean gertatutako tiroketa eta geroko atxiloketa. Horri heldu diote Espainiako Gobernuan, eta gogor hitz egin dute koalizioari buruz. «Demokrazian parte hartu nahi dutenei» mezu bat igorri die Espainiako gobernuburuak. «Demokrazia zorrotzagoa da. Horretan datza gure askatasuna eta gure segurtasuna». Hala, gaineratu du «batzuek egin nahi dituztela dirudien urratsek askoz ere sakonagoak» izan behar dutela.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro eta presidenteordeari ere ez zaio gustatu «gertakari» hitza. «Gustu txarreko broma bat» iruditu zaiola esan du, eta «salatu beharreko deklarazioak» daudela ohartarazi du. Gertatutakoa «jendarme bat hiltzeko ahalegina» dela argi dauka Rubalcabak, eta, horregatik, «sarkasmoa» iruditu zaio «gertakari» deitzea. «Gauzak argi esateko unea iritsi da».
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren irudiko ere «irmoagoa» izan behar zuen Bilduk tiroketaren inguruan egin duen balorazioak. Zapaterori iruditu bezala, «erdizkakoa» iruditu zaio Bilduk azaldutako «arbuioa». «Argiago eta esplizituago errefusatu behar da indarkeria», esan du. «Tiroketa bat tiroketa bat da, ez da gertakari bat, talde terrorista baten indarkeriazko ekintza da. Interpretazioa errazagoa da, ados zaude edo ez, kondenatu egiten da edo ez».
Are gogorragoa izan da Antonio Basagoiti PPren bozeramailea. Bilduren zerrendetan «hainbat lupa» jartzeaz gain, «begietatik zapia kendu» behar dela esan du, gertatutakoetatik «aldentzeko gaitasunik ez duen proiektu baten zati delako» Bildu. Tiroketak ETAren «benetako asmoak» nabarmen utzi dituela ulertu du Basagoitik.
«Erdizkako hitzek» ez dutela balio esan du Zapaterok
Bilduk tiroketaren gainean egindako balorazioa «gustu txarreko broma» iruditu zaio Rubalcabari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu