Eredu punitibistari nola aurre egin, eskuinak markoak ezartzerako

Sumar mugimenduak mahai inguru bat antolatu du Bilbon, uste baitu premiazkoa dela eredu punitibistaz hausnartzea eta alternatibak mahai gainean jartzea. Justizia errestauratiboaren garrantzia nabarmendu dute.

Miren Ortubai zigor zuzenbideko irakasle erretiratua eta Amanda Andrades Sumarreko feminismo eta LGTBI idazkaria Bilbon atzo, Sumar mugimenduak antolatutako mahai inguruan. RAUL BOGAJO / FOKU
Miren Ortubai zigor zuzenbideko irakasle erretiratua eta Amanda Andrades Sumarreko feminismo eta LGTBI idazkaria Bilbon atzo, Sumar mugimenduak antolatutako mahai inguruan. RAUL BOGAJO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko urriaren 28a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Segurtasun eta zigor eredua oso presente daude gaur egungo eztabaidetan, komunikabideetan, baita eskuineko alderdien diskurtsoan ere. Horrek ondoeza eta beldur batzuk sortu ditu. Sumar mugimenduaren ustez, premiazkoa da indar eraldatzaileek gai horri heltzea, berandu izan baino lehen: «Hori egiten ez badugu, eskuineko indarren eredu punitibista zentzuzkoa izango da jendearentzat, eta zaila izango da ezer jorratzea». Auziari buruz hausnartzeko mahai inguru bat antolatu zuten atzo Bilbon, eta ondorio batzuk atera: «Pedagogia lantzea beharrezkoa da, praktika errestauratiboak hedatzea eta instituzionalizatzea, eta eredu punitibistari aurre egiteko kontakizun kontrahegemoniko berri bat sortzea».

Punitibismoa «zigor neurriak lehenesteko» eta «Zigor Kodean oinarritzeko» joera da, «gizartean eta egituran jatorria izan ohi duten arazoak konpontzeko», Amanda Andrades Sumarreko feminismo eta LGTBI idazkariak zehaztu zuenez. Joera hori, gainera, «areagotzen» ari da hainbat herrialdetan, sistema erreakzionario eta autoritarioen gorakadarekin bat eginez.

«[Sistema penala] Mekanismo errepresibo eta boteretsuen interesen defendatzailetzat jotzen zen lehen, eta talde baztertuen eskubideak defendatuko dituen arma politikotzat hartzen da orain»

MIREN ORTUBAI Zuzenbide penaleko irakasle erretiratua

«Punitibismoak ez du delitua prebenitu nahi, hura zigortu baizik», azaldu zuen Andradek. Gainera: «Ez du kaltea konpondu nahi». Indarkeria matxista kasuetan, adibidez, emakumeek salaketa jarri eta prozesu penalei aurre egin behar dietenean, ez dituzte kontuan hartzen, «delitua frogatzea eta hura zigortzea delako helburua, eta ez biktimari erreparazio bat ematea». Izan ere, Andradek esan zuen azken urteotan eztabaiden fokua zigorren gaian jarri dela, baina ez dela prebentzioaz, erreparazioaz, biktimen laguntzaz edo delitua egin duen horren errehabilitazioari buruz hitz egiten.

Beste arazo bat ere badu zigorraren defentsaren eredu horrek, Andraderen hitzetan: «Arazoak indibidualizatzen ditu». Indarkeria matxistarekin gertatzen da horrela: «Egiturazko arazoa den hori arazo indibidual batera murrizten dugu, erasoa jasan duen eta erasotzaileen arteko arazo batera; indarkeriaren oinarri estruktural guztia ezabatzen da horrela, eta emakumeak zein gizonak esentzializatzen ditu, atribuzio eta arazo patriarkalak kontuan hartuta».

Horrez gain, indibidualizazio horrekin, «beste hori» eraikitzen da. Adibidez: «Islama oso zabala da, baina unitate bakar batera murrizten du, negatiboa den zerbaitetara beti; hori ikusten dugu une oro ultraeskuinaren diskurtsoan». Horrela lotzen dira populismo punitiboa eta ultraeskuinaren gorakada: «Batetik, erantzun autoritarioarekin, eta, bestetik, arazoa esentzializatuz eta indibidualizatuz oso erraza delako bestea eraikitzea: esaten duten bezala, arazoa ez da gurea, gure gizarteak gizarte aurreratuak dira, gizarte feministak, arazoa kanpotik datozen besteak dira».

Beste diskurtso bat

Miren Ortubai zuzenbide penaleko irakasle erretiratuaren iritziz, ezkerrak ez du jakin «bestelako politika kriminal bat egiten». Halere, badaki zaila dela, eredu punitibistaren alde egiten dutenek «mezu laburrak» erabiltzen dituztelako, «morbora eta irrazionaltasunera joz», eta nabarmendu du horri aurre egitea «oso konplikatua» dela. Noe Ayguasenosa segurtasunean eta gatazketan adituak bat egin zuen irakasle erretiratuaren hitzekin, eta esan eskuin muturraren diskurtsoari «narratiba eta proposamen alternatiboekin» egin behar zaiola aurre eta ez, ordea, euren diskurtsoa konparatuz edo diskurtso horri erantzunez.

Horrez gainera, Ortubaik esan zuen zigor sistemak hedapen handia izan duela azken hamarkadetan, eta horrek eragina izan duela gizarte mugimenduek hari buruz duten pertzepzioan, eta pertzepzio hori aldatu egin dela: «Mekanismo errepresibo, oso selektibo eta boteretsuen interesen defendatzailetzat jotzen zen lehen, eta talde baztertuen eta minorizatuen eskubideak defendatuko dituen arma politikotzat hartzen da orain». Ortubaik, hala ere, argi utzi zuen zigor zuzenbidea «botere tresna bat» dela, eta ez dela politika sozialerako tresna bat.

Egungo gizartea «segurtasunarekin obsesionatuta» dagoela iritzi dio Ortubaik, eta, «paradoxikoki», «arriskuaren gizartea» ere badela. «Arrisku horiek gainditu egiten gaituzte: krisi ekologikoa, pandemiak... Baina baita beldur hurbilagoak eta askoz errealagoak ere, hala nola etxebizitza galtzeko beldurra, lana galtzeko beldurra, osasun publikoa galtzeko beldurra… Digeritzen errazagoak diren beldur bihurtzen dituzte, eta fokua beldur jakin batera bideratzen dute: ezezagun batek kalean lapurtzeko edo bortxatzeko beldurrera». Beldur horiek zabalduta, Polizia «inoiz egon ez den espazioetara» iritsi da.

«[Justizia errestauratiboa] Justizia paradigma berri bat da: biktimei ahotsa ematen zaie euren bizipena adieraz dezaten, eta kaltearen erantzuleei ulertarazi behar zaie euren jokabidea onartezina dela, eta kalte hori konpontzeko ekintzak garatu behar dituela»

IDOIA IGARTUA Zigor zuzenbidean eta justizia errestauratiboan doktorea

Segurtasuna eta zigorra lehenesten duen ereduari aurre egiteko, alternatiba batzuk jarri zituzten mahai gainean atzo. Justizia errestauratiboaz hitz egin zuen Idoia Igartua zigor zuzenbidean eta justizia errestauratiboan doktorea denak: «Justizia paradigma berri bat da: biktimei ahotsa ematen zaie euren bizipena adieraz dezaten, eta kaltearen erantzuleei ulertarazi behar zaie euren jokabidea onartezina dela, ondorioak dituela pertsonengan, eta kalte hori konpontzeko ekintzak garatu behar dituela; eta komunitateak ere erantzukizuna du zeregin horretan».

Ayguasenosak politika publikoen falta seinalatu zuen. «Segurtasunaren aldeko mezua agertzen da beste politika publikorik ez dagoelako. Benetan ari gara esaten etxerik ez izatea segurtasun arazo bat dela? Ez, arazo sozial bat da. Politika publikoen gabeziak hori dakar». Kontu batzuk «instituzionalizatzearen» alde agertu zen, ezin baita dena pertsona batzuen «borondate onaren» esku utzi. Hezkuntzan ere egin zuen azpimarra Ayguasenosak: «Ikastetxeetan prebentzioa eta gatazken kudeaketa egokia landu behar dira, baita justizia errestauratiboa ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.