Ereduen arteko talka eta zalantzatiei eginiko deia

EAJk zalantzan daudenei eskatu die botoa; EH Bilduk «lehen aldi bat» ezarri nahi du igandean.

Bakartxo Tejeria, Imanol Pradales eta Andoni Ortuzar, Eibarren. BERRIA
EAJren kanpaina ekitaldia, Eibarren, gaur. EAJ
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 15a
20:25
Entzun

Asteko lehen ekitaldi handiak Gipuzkoan egin dituzte EAJk eta EH Bilduk, eta bietan garrantzi berezia izan dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan batak zein besteak ezarri nahi dituzten ereduek. EAJk adierazi du «fidagarritasunaren» eta «inposizioaren» artean aukeratu behar dela. EH Bilduk, berriz, «esperantzaren» aldeko botoa eskatu du, «beldurra» zabaldu nahi dutenen aldean.

«Boto erabilgarria»

EAJk Eibarren (Gipuzkoa) elkartu ditu Imanol Pradales lehendakarigaia, Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburua eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Haiek alderdikideei eskatu diete kanpainaren azken egunetan lanean jarraitzeko, batez ere zalantzan dauden herritarren botoak eskuratzeko. Izan ere, Pradalesen esanetan, inkestek adierazten dute hautesleen %25 inguru oraindik ere zalantzan daudela, eta horiek «mugitu» eta «konbentzitu» behar dituzte. Hala, zuzenean egin die dei: «EAJk gobernatzea nahi bada, EAJ bozkatu behar da». Eta, bide beretik, Ortuzarrek: «Boto erabilgarri bakarra EAJrena da».

Pradalesek bere mintzaldiaren zati garrantzitsu bat baliatu du azpimarratzeko igandeko bozak bi ereduren artekoak direla: EAJrena eta EH Bildurena. Eurena «Euskadi fidagarri, seguru, globalaren» aldekoa dela azaldu du. Koalizio subiranistarena, berriz, «inposizioaren» aldekoa: «Aurpegi zuriketa horren atzean betiko eredua dago, inposizioarena, kontrolarena». Hala, EH Bilduk polizia ereduaren, fiskalitatearen eta gizarte zerbitzuen alorretan egindako proposamenak txarretsi ditu.

Tejeriak ere bi ereduren arteko talka horretan egin du indar: «Hauteskunde hauetan aukeratu egin behar dugu; ongizatean aurrera edo atzera egitea dago jokoan, herri gisa aurrera edo atzera egitea». Hala, EAJk «eduki zehatzak» proposatu dituela adierazi du, eta «elkarrizketarako eta akordioa lortzeko gaitasuna» duela argudiatu. EH Bilduren proposamena, berriz, «edukirik gabea» da, Tejeriaren esanetan.

Ortuzarrek, berriz, egonkortasunaren defentsa egin du: «Egungo gobernu formula ona iruditzen bazaizu, zein da zalantza? EAJk gobernatzea nahi baduzu, igandean bozkatzera joan behar duzu, eta EAJ bozkatu». Argudiatu du beste edozein aukerak «desegonkortasuna» eragin dezakeela; adibide gisa jarri ditu Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritza, Martin Garitanoren Gipuzkoako Aldundia eta Javier Marotoren Gasteizko Udala.

«Ereduak eta esperantza»

Inkestei erreparatu die EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu Nerea Kortajarenak ere, koalizioak Arrasaten (Gipuzkoa) egindako ekitaldian. Hark, baina, EH Bilduk bozak irabazteko dituen aukerak izan ditu hizpide: «Lehen aldi bat idazteko aukera irekitzen ari zaigu parez pare».

Hori kontuan izanik, Kortajarenak bi kontzeptu hartu ditu mintzaldia osatzeko: «Ereduak eta esperantza». Lehena hizpide, Osakidetza aipatu du ereduen arteko talkaren adibide gisa. Izan ere, uste du osasungintza publikoak egun duen egoera «politika egiteko modu baten isla» dela, eta horren harira, «herri anbizioa» berreskuratzeko deia egin du, Osakidetza «zutik» jartzeko: «Gertuko Osakidetza berreskuratuz, lan baldintza duinak bermatuz. Hori da gure eredua».

Bestetik, Gipuzkoako zerrendaburuak azaldu du «beldurraren eta desesperantzaren mezuak» plazaratzen ari direla beste alderdi batzuk. Horien inguruan, baina, adierazi du «segurtasun berriak» eskaintzeko egin behar dela lan, «galdera berriei erantzun berriak» eskainiz, baita aliantza berrien bidez ere: «Betiko erantzunek ez dute balio dagoeneko». Hala, azaldu du apirilaren 22tik aurrera ezer ez dela berdina izango: «Beldurraren eta desesperantzaren mezuen aurrean, ilusioaren eta esperantzaren mezua ekarri nahi dugu».

Arkaitz Rodriguez Gipuzkoako zerrendakideak, berriz, azaldu du Euskal Herria «loratzen» ari dela: «Indarberritzen ari da egitasmo nazional herritarra». Hala, argudiatu du horrek burujabetzaren bidean «jauzi handi bat» egiteko aukera zabaldu duela. Hori ezker independentistaren gorakadarekin ere lotu du Gipuzkoako zerrendakideak: «Dagoeneko ez du inork ukatzen ezkerreko independentismoak igandeko hauteskundeak irabazi ditzakeela. Nork esan behar zuen hori duela bi urte eskas». Hala, bozak irabazteko lehian aritzea «garaipen bat» dela azaldu du: «Gure herriaren parte honetan aldaketa bat behar da, orain gobernuan dauden alderdien propagandak dionaren kontra, gauza batzuk ez baitoaz ondo».

Berdintasuna, «fronte guztietan»

PSE-EEk gai jakin batean zentratu nahi izan du eguneko ekitaldi nagusia: berdintasunean. Hala, Gasteizen hitza hartu dute Eneko Andueza lehendakarigaiak, Aroa Jilete Arabako zerrendaburuak eta Patricia Campelo Bizkaiko zerrendakideak. Denek ere ezinbestekotzat jo dute indarkeria matxista amaitu beharra, eta zehaztu berdintasuna sustatzea politika publiko ororen erdigunean kokatu behar dela. Horretarako, auzia «fronte guztietan» jorratzeko gizarte itun bat proposatu du Anduezak; besteak beste, polizien arteko koordinazioa indartzeko, biktimei arreta bermatzeko eta Emakunde lehendakaritzara itzultzeko.

Jiletek adierazi du igandeko bozetan asko dagoela jokoan, baita berdintasun arloan ere, eta adierazi du eurek «eraldaketaren» alde egin nahi dutela: «Benetako berdintasuna printzipio ukaezina da sozialistontzat; feminismoa eta sozialismoa ezin baitira banandu». Hala, «egiturazko desparekotasunari» erantzun bat emateko beharra azaldu du; soldata arrakalari, zaintzari, «diskriminazio etengabeari» dagokionez.

Patricia Campelo Bizkaiko zerrendakidearen esanetan, berriz, garrantzitsua da politikan emakumeak egotea, baina are garrantzitsuagoa emakume feministak egotea. Hala, azaldu du PSE-EEk bere proiektu politikoaren erdigunean kokatzen duela berdintasuna. Bere hitzaldian zaintzaz ere aritu da, PSE-EEk proposatutako Gizakidetza egitasmoa hizpide. Izan ere, argudiatu du zaintza feminizatua dagoela, eta «aitortzarik eza» eta «prekarizazioa» dituela ezaugarri. Horren harira, zaintzari «prestigioa» eman beharra nabarmendu du.

Etxebizitza politika berri bat

Elkarrekin Podemos-Aliantza Berdea koalizioko kideak etxebizitza eskubideaz aritu dira Getxon (Bizkaia) egindako ekitaldian, eta helburutzat jarri du prezioak mugatzea eta etxebizitza publikoen parkea handitzea. «Etxebizitza eskubidea da, ez merkatu ondasuna», zehaztu du Isa Gonzalez hautagaiak. Hala, adierazi du ez prezioa, ez eskaintza falta ezin direla izan aitzakia herritarrek etxebizitza bat izatea galarazteko.

Izan ere, Arkaitz Gorritxo koalizioko hautagaiak azaldu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 3.000 eurotik gertu dagoela metro karratua. Haren esanetan, orain, Espainiako Etxebizitza legea da alokairuen gorakada eteteko tresna bakarra. Beraz, Eusko Jaurlaritzari txarretsi dio haren aurka egin izana: «EAJk, PSErekin batera, ez du aplikatu nahi». Izan ere, uste du egun Jaurlaritzak ezartzen dituen neurriek «jabeen poltsikoak» betetzea dutela xede: «Euskadik etxebizitzaren prezioak mugatuko dituen etxebizitza politika bat behar du; etxebizitza babestuen parkea handitzea barne hartuko duen etxebizitza politika bat, batez ere alokairuarena».

Hezkuntza, «sare bakarrean»

Sumarren Gipuzkoako zerrendaburu Andeka Larrea hezkuntzaz aritu da Donostian. Ekitaldian, PSE-EEri leporatu dio EAEko Hezkuntza Legearekin «estatuko itunpeko hezkuntza sare handiena blindatzea», Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetan beste norabide bat hartu duten honetan. Hori ikusita, Sumarrek proposatu du ikastetxe pribatuak «borondatez» publiko egiteko bideari ekitea: «Badakigu eskola publikoa dela aukera berdintasunerako berme bakarra ikasle guztientzat».

EAJren aurkako kritika, berriz, autogobernuarekin lotu du Larreak, argudiatuta ezin direla eskumen propioak defendatu eta «hezkuntzaren kudeaketa esku pribatuetan utzi». Hala, itunpeko hezkuntzaren kontra egin du, eta «sare bakar bat» ezartzea defendatu: «Eredu pribatu bat nahi duenak ez du funts publikorik aurkituko, eta bere gain hartu beharko ditu eredua aukeratzearen kostuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.