Iraia de la Torre eta Javi Arriaga: «Hizkuntza kontzientzia geroz eta urriagoa da»

EHEk eta Gazte Euskaltzaleen Sareak TindEHEr proiektua sortu dute. De la Torrek eta Arriagak azaldu dute Euskal Herriko hainbat eskualde eta herritako gazteak saretzea dela egitasmoaren helburu nagusia.

EHEko Iraia de la Torre eta Gazte Euskaltzaleen Sareko Javi Arriaga, TindEHEr proiektuaren inguruan Hendaian egindako aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU / MEDIABASK
EHEko Iraia de la Torre eta Gazte Euskaltzaleen Sareko Javi Arriaga, TindEHEr proiektuaren inguruan Hendaian egindako aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU / MEDIABASK
HENDAIA
2025eko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

TindEHEr proiektua aurkeztu zuten EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Gazte Euskaltzaleen Sareak uztailaren 3an Hendaian (Lapurdi). Euskal Herri osoko gazte talde eta mugimenduek izena online eman dezakete uda osoan, eta, Tinder hitzorduen aplikazioan gertatzen den antzera, bi herrik match egingo dute elkar ezagutzeko. Proiektuaren bi bultzatzaileek erabakiko dituzte bikoteak, eta topaketak urria eta abendua bitartean egingo dira. EHEko Iraia de la Torrek (Azagra, Nafarroa, 2002) eta Gazte Euskaltzaleen Sareko Javi Arriagak (Bilbo, 2003) eman dituzte egitasmoari buruzko xehetasunak.

«Hizkuntzaren eta nazioaren auziaren despolitizazio joerak eragin oso bortitza izan du Euskal Herriaren iruditeriaren inguruan gizarteak duen ezagutzan». Hori adierazi zuten joan den astean TindEHEr proiektuaren inguruan eginiko aurkezpenean. Ekinbidearen bitartez gaztetxe, gazte asanblada eta bestelako talde eraldatzaileen artean hizkuntza kontzientzia indartu eta pedagogia politiko euskaltzalea egin nahi dute, eta herri euskaldunen eta ez hain euskaldunen arteko topaketak sustatu nahi dituzte.

Nola bururatu zitzaizuen TindEHEr proiektua?

IRAIA DE LA TORRE: EHEko kideek hainbat hausnarketa egin genituen gazteak euskarara hurbiltzearen inguruan, eta TindEHEr proiektua proposatu genuen. Antolatuta dauden gaztetxe, gazte mugimendu eta taldeekin harremanetan jartzea izan zen lehen urratsa, eta proiektua aurrera eramateko Gazte Euskaltzaleen Sarearekin harremanetan jarri ginen.

Zergatik jarri diozue TindEHEr izena?

JAVI ARRIAGA: Izen ganberro samarra da. Egitasmoaren helburua da hainbat herritako gazte asanbladek elkar ezagutzea, eta bertako gazteek harremanak sortzea. Tinderrek antzeko helburua du. Jakina, gure helburu nagusia ez da maitaleak sortzea. Jendea kontzientziatzeaz gain, aisialdian gozatzeko jardueren proposamenak egin nahi ditugu. Tinderrek ere gozamen kutsu hori du, eta horregatik hitz jokoa.

Zer iritzi duzue euskaldunek hizkuntzaren egoeraren inguruan duten kontzientziazioaz?

ARRIAGA: Uste dut hizkuntza kontzientzia geroz eta urriagoa dela. Eremu ez-euskaldunetan galdutzat ematen da euskara, eta eremu euskaldunetan landu behar ez den edo galtzeko arriskurik ez dagoen zerbaiten modura. Alde batean zein bestean kontzientzia apalduz joan da, eta helburua hori berpiztea da. Euskal Herrian euskararen aurkako hainbat motatako zapalkuntzak pairatzen dira, baina, azken finean, guztiak dira zapalkuntzak. 

«Eremu ez-euskaldunetan galdutzat ematen da euskara, eta eremu euskaldunetan, landu behar ez den edo galtzeko arriskurik ez dagoen zerbaiten modura»

JAVI ARRIAGAGazte Euskaltzaleen Sareko kidea
Hainbat pertsonak, euskara jakin eta euskaldun sentitu arren, erdarara jotzen dute. Nola uste duzue anima daitezkeela hiztun horiek euskaraz hitz egitera?

DE LA TORRE: Batez ere gazteen ikuspegitik, uste dut euskara asko lotzen dela hezkuntzarekin eta formalegia dela, batez ere arnasgune diren herrietatik at. Aisialdirako espazioak sortu behar ditugu euskaraz, eta TindEHErrek hori proposatzen du. Euskara hain formala ez izatea bilatzen dugu, egunerokoan naturaltasunez erabil daitekeena, euskaldunak garelako eta euskaldun sentitzen garelako. 

ARRIAGA: Euskarak duen erronkarik handiena hizkuntza ohitura berriak sortzea da, eta hedatu egin behar da aisialdira, hezkuntzara, osasunera, militantziara eta abar. Horrela, ez gara hain erraz murgilduko erdalduntze prozesu erraldoian. Euskaraz hitz egiteagatik, batzuetan metroan gaizki begiratzen zaituzte, denda batzuetan ez zaituzte euskaraz artatzen, eta unibertsitatean materiala ez dago euskaratuta. Ni ere euskaraz hitz egiten ez zuen euskalduna izan naiz, kontzientzia piztu zitzaidan arte. Uste dut gakoa beldurra edo lotsa galtzea dela, nahiz eta euskara zuzenenean ez aritu. Ez da epaitu behar hain modu egokian hitz egiten ez duen jendea, hobetzeko modu bakarra hitz egitea da eta.

Gaur egun, Ernairen eta GKS Gazte Koordinakunde Sozialistaren artean liskarrak daude, eta TindEHEr gazte mugimendu eta taldeei zuzenduta dago. Iruditzen zaizue hemen bat egiteko bideak badirela?

ARRIAGA: Gure helburua euskara ardatza izatea da, eta horren egoeraren inguruan kontzientziatzea. Ez dugu liskarrik edo gatazkarik izan nahi. Gazte asanblada batek oso argi badu ez duela beste mugimenduko gazteekin egon nahi, kontuan hartuko dugu match-ak egiterakoan. 

DE LA TORRE: Ernai eta GKSren artean dagoen gatazka gazte asanbladetan eta antzeko espazioetan islatzen da. Dena den, guretzat gatazka hori beste dimentsio batean dago. Antolatuta dagoen gazteria euskararen bueltan jardutea da guretzat beharrezkoa, eta gazteek euskararentzako espazioak sortzea. 

«Euskara asko lotzen da hezkuntzarekin, eta formalegia da, batez ere euskararen arnasgune diren herrietatik at. Aisialdirako espazioak sortu behar ditugu euskaraz, eta TindEHErrek hori proposatzen du»

 IRAIA DE LA TORREEuskal Herria Euskaraz-eko kidea
Nola bidera daitezke euskararen arnasgune diren herrien eta hain euskaldunak ez direnen topaketetan sor daitezkeen hizkuntza oztopoak?

DE LA TORRE: Egin ditugun bilkuretan eztabaidatutako gaietako bat izan da. Badakigu EAEtik, Nafarroako eremu batzuetatik eta Ipar Euskal Herriko gune batzuetatik kanpo euskaraz hitz egiten ez dakien jendea dagoela. Eremu horietako gazte asanbladekin harremanetan jarri garenean, galdetu diegu ea oztopoa den beraientzat jarduera guztiak euskaraz egitea, hori baita gure helburua. Adibidez, Tafallan (Nafarroa) esan ziguten pare bat pertsonak ez zekitela euskaraz hitz egiten, baina oso motibatuta daudela hizkuntza ikasteko. Ez dakite euskaraz, baina ez interesik ez dutelako, baizik eta ez delako baldintzarik izan haiek ikas dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.