Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eman ditu koronabirusarekin kutsatutakoen eta hildakoen inguruko datuak. 518 kasu berri ere atzeman dituzte. Horrenbestez, 6.338 kutsatu daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, horietako 1.908 ospitalean.
Proba gehiago egin izanari egotzi dio igoera, Sanchezen hitzetan probak bikoiztu egin baitira. Guztira 17.990 proba egin dituztela nabarmendu du; hala ere, «joera aldaketa bat» dagoela ziurtatu du.
Lurraldez lurraldeko datuak ere eman ditu. Hain zuzen, 3.382 gaixo daude Bizkaian, horietako 1.179 ospitalean. Araban, berriz, 2.250 pertsonak dute birusa, eta horietako 369 ospitalean daude. Azkenik, Gipuzkoan 1.206 pertsonari erasan die koronabirusak, eta horietako 360 daude ospitalean.
Sanchezek ziurtatu du ospitaleetako larrialdiak inoiz ez direla «kolapsatuta» egon. Hala ere, azken egunetan «presioa jaisten» ari dela nabarmendu du.