Etengabeko arretako guneak

Erizainak, arazoaren jopuntuan

Erizain elkarteek eta sindikatuek haien kideen profesionaltasuna nabarmendu dute, eta haien jarduna zalantzan jarri izana arbuiatu dute.

ERIZAINAK
Erizain batzuen protesta iazko otsailean, Iruñean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Erizainek eman zioten arta duela bi aste Laudion (Araba) hil zen gizonari, etengabeko arretako gunera iritsi zenean. Osakidetzaren webguneak garbi dioen moduan, gutxienez mediku batek, erizain batek eta administrari batek egon behar dute etengabeko arretako gune batean, baina orduan ez zegoen medikurik. Hutsune hori bera nabarmendu zen albisteetan eta sindikatuen oharretan, baina SATSE erizainen sindikatuko Gipuzkoako idazkariak, Pilar Mendiak, uste du ezbaian jarri zela erizain horien profesionaltasuna. «Albistea eta sindikatu batzuen oharrak nola atera ziren ikusita, iruditu zitzaigun iradokitzen ari zirela medikua ez zegoelako hil zela pertsona. Ez dute zehazki esan, baina iradoki bai».

Hori «gertakariak manipulatzea» dela uste du, eta «gaiztoa» dela nabarmendu du, «batez ere tartean heriotza bat dagoela jakinda»: «Ez zitzaigun egokia iruditu. Komunikatuetan, iradoki zuten gure kideek ez zutela egin benetan egin zuten lana. Hori ez da horrela, eta mindu egin gaitu».

«Ez badago profesionalik, Osakidetzak berregituraketa bat egin behar du egoera hobetzeko».

 PILAR MENDIA Gipuzkoako SATSEko idazkaria

Bi langile horien jardun «bikaina» berretsi du Mendiak ere, «hasiera-hasieratik» egin behar zutena egin zutelako. SATSEk exijitu du profesional guztiek osatu behar dituztela EAGetako taldeak: medikuak, erizainak eta administrariak. Hala ere, Mendiaren hitzetan, erizainak prest daude bihotzeko bat gertatzen denean jarduteko: «Suspertze bat egitea erizainen eskumena ere bada, eta horretarako prest daude».

Laudioko ezbeharraren xehetasun batzuk eman ditu Mendiak, eta beste osasun zentro batzuetan egunero gertatzen diren kasu batzuekin alderatu du. Azaldu du gizona gaizki iritsi zela EAGra, eta erizainek berehala hasi zituztela bizkortze lanetan. Handik lau minutura iritsi zen medikua; Mendiaren esanetan, ospitaleetan askotan denbora gehiago behar izaten da medikuak iristeko.

Beraz, arazoa langile falta dela uste du. Medikurik ez badago eta zerbitzua ondo eskaini ezin bada, erreforma bat behar da, haren iritziz: «Ez badago profesionalik, kudeatzaileak, Osakidetzak, berregituraketa bat egin behar du egoera hobetzeko. Baina ezin da adabakiak jartzen ibili».

Erizainak lekualdatzen

Aste honetan CCOO sindikatuak jakinarazi du Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdietako bederatzi erizain mugitu dituztela Txagorritxuko ospitalera. Hala, sindikatuak salatu du «suntsitzen» ari direla ospitale horretako zerbitzua; izan ere, emandako datuen arabera, azken urteetan larrialdietan 27 erizain izatetik hemezortzi izatera pasatu dira, eta erizainen laguntzaileak, berriz, hamabostetik hamahirura.

CCOOk adierazi du neurri horrekin okertu egingo dela Santiago ospitaleko larrialdien zerbitzua, baina Txagorritxukoa ez dela hobetuko, erizain horiek ez dituztelako larrialdietan jarriko.

«Komunikatuetan iradoki zen gure kideek ez zutela egin benetan egin zuten lana. Hori ez da horrela, eta mindu egin gaitu».

PILAR MENDIA Gipuzkoako SATSEko idazkaria

Neurri horrek eta antzeko beste batzuek eragina dute zerbitzuan. Asteazkenean, ESK sindikatuak salatu zuen arratsalde horretan «kolapsaturik» egon zirela Gurutzetako ospitaleko larrialdiak (Barakaldo, Bizkaia): «18:00etan, egoera korapilatsua zen: 60 lagun inguru eremu anbulatorioan, eta boxak eta bilakaera eremuak, guztiz beteta. Gainera, ordu horretan, boxetan egon behar zuten 11 lagun pasiloetan artatu zituzten». 

Gernikan ere (Bizkaia) izan da iskanbila, joan den asteburuan ZIU mugikorra medikurik gabe egon zela salatu baitute sindikatuek. Mendiak ere gogor kritikatu du hori: «Nola da posible ZIU mugikor bat medikurik gabe egotea?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.