Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta, horren truke, Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du hitzarmena Madrilek. Ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea eskatuko du Jaurlaritzak bihar.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. BALLESTEROS, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko maiatzaren 31
08:02
Entzun

Hirugarren fasetik aurrera, autonomia erkidegoetako presidenteek kudeatuko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak Hego Euskal Herrian, erkidegotik ateratzeko baimenari dagozkionak izan ezik. Iñigo Urkulluk eta Maria Txibitek zehaztuko dituzte, beraz, hirugarren fasean hartu beharreko neurriak. Erkidegoetako presidenteek Pedro Sanchezekin egin ohi duten bileran Iñigo Urkulluk gaur iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak bihar bertan eskatuko du ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzea. Urkulluk argudiatu du autonomia erkidegoa bide onean dela, eta positiboa izan dela bigarren fasea. Hirugarren fasera igarotzea ez ezik, alarma egoera mantendu behar den aztertzeko ere eskatuko du. Pedro Sanchezek asteazkenean hamabost egunez luzatzea eskatuko du Kongresuan, eta EAJk babestu egingo du luzapen hori, atzo adostu zuten moduan.

Espainiako Gobernuaren eta EAJren arteko akordioaren arabera, autonomia erkidegoek proposatuko diote Espainiako Osasun Ministerioari zeintzuk izango diren erkidego bakoitzeko lurralde unitateak "normaltasun berrian". Beraz, atzo Madrilek zehaztu arren hirugarren fasean ezingo dela probintziatik atera, hori alda liteke, eta posible da ekainaren 8tik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean mugarik gabe ibili ahal izatea. Seigarren luzapena izango da, ekainaren 21era arte.

"Kontrola berreskuratzea"

Hala adostu dute Madrilek eta jeltzaleek alarma egoera berriro luzatzeko egin duten akordioan. Seigarren luzapena izango da, eta ekainaren 21era arte luzatuko litzateke, onartuz gero, alarma egoera. Asteazkenean, Pedro Sanchez presidenteak Espainiako Kongresura eramango du luzatze hori, eta EAJk babesa emango dio. Akordioa Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramaileak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Jose Antonio Montilla Marcos Espainiako Gorteekiko Harremanetarako estatu idazkariak izenpetu dute, eta atzo gauean ezagutarazi zuten.

Estebanek Euskadi Irratian esan du akordio horri esker EAEk eta Nafarroak "eskumen osoa" edukiko dutela alarma egoera kudeatzeko. Gaineratu du Hego Euskal Herrian hartuko diren erabakiak Madrilen hartzen direnen gainetik egongo direla, eta modu horretan lurraldearen "kontrola berreskuratu" egingo dela hirugarren fasean.

Akordioak zazpigarren artikuluan dio alarma egoeraren luzapen horretan Espainiako Osasun ministroak eta erkidego bakoitzeko presidenteak kudeatuko dutela alarma egoera. Hirugarren fasetik aurrera, berriz, erkidego bakoitzeko presidentea izango da neurriak hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituena. Salbuespen bat bada: erkidegotik ateratzeko askatasunari eragiten dioten neurriak. Egun, bigarren fasean da Hego Euskal Herria, eta litekeena da, okerrik ezean, ekainaren 8an igarotzea hirugarrengora.

Lurralde unitateak proposatzeko gaitasuna

Hirugarren fasean, akordioan jasotzen denez, Urkulluk eta Txibitek Salvador Illa Osasun ministroari proposatu ahal izango diote zeintzuk izango diren lurralde unitateak "normaltasun berrian" sartzeko. Alegia, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa izan beharrean, beste batzuk izatea proposatzeko gaitasuna izango dute. Eusko Jaurlaritzak hirugarren fase horretan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bat izatea nahi du, eta, lurralde unitatea erkidegoa izanez gero, hiru herrialde horien artean libre ibili ahal izango da.

Espainiako Gobernua atzo hasi zen zehazten nolakoa izango den hirugarren fasea, bihartik Kanariar Uharteetan fase horretan sartuko direla eta. Hor zehaztu du probintzia izatea lurralde unitatea, baina orain Urkulluk eta Txibitek bestelako unitate geografikoak proposatu ahal izango dizkiote. Gainera, Madrilek atzo aldizkari ofizialean argitaratu zuenez, eguneko udalekuak baimenduta daude hirugarren fasean, eta 70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertu egingo dira. Gehienez hogei pertsona elkartu ahal izango dira. Taberna eta jatetxeek edukieraren erdia izango dute, eta terrazetan edukiera %70era handituko da. Gainera, taberna barruko barran kontsumitu ahal izango da, baina bezeroen edo bezero multzoen artean bi metroko segurtasun distantziari eutsita.

Akordioa ERCrekin ere

Pedro Sanchezen gobernuak akordioa egin du ERCrekin ere alarma egoera luzatzeko. Katalanak abstenitu egingo dira, eta, horren truke, autonomia erkidegoek parte hartuko dute pandemiari aurre egiteko Europako diru laguntzen kudeaketan. Alarma egoeraren luzatze hau azkena izatea ere adostu dute.

Aurreko luzapena onartu zutenean, Sanchezek hilabete batekoa nahi izan zuen, baina, Ciudadanosen babesa izateko, erdira murriztu zuen. ERCk kontra bozkatu zuen, Madrilek Ciudadanosekin egin nahi zuelako akordioa, eta ez haiekin. Orduko horretan EH Bilduren abstentzioa ere adostu zuen, 2012ko PPren lan erreforma bertan behera uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.