Tasio Erkiziak berretsi du ezker abertzaleak bide politikoen aldeko apustua egiten duela, "prozesu demokratikoa" bultzatu nahi duela, ""inongo indarkeriarik edota kanpo injerentziarik gabe" garatzeko. "Aro politiko berria nahi dugu, eta hor gatazka ez da izan behar ETAren eta Estatuaren artekoa", esan du gaur ezker abertzaleko kideak Herri Irratia Loyola Median.
PSOE eta EAJ kritikatu ditu, "Euskal Herrian beste egoera demokratiko bat egoteari izua diotelako". Haren ustez, EAJn Iñigo Urkullu EBBko presidentearen aldeko "inguruko batzuk eta beste talde batzuk" ezker abertzalearen eztabaida "boikotatu eta lehertu" nahian dabiltza, "eta hori larria da. Izan ere, EAJ bera izan beharko litzateke lehen interesatua eztabaida eman dadin eta [Espainiako] Estatuari aurre egiteko estrategia bila dadin".
Azken hilabeteotan egiten ari den barne eztabaida prozesuaren "oso balantze ona" egin du ezker abertzaleak, igandean hedabideetara bidalitako oharrean aitortu zuenez. Haren arabera, 6.500 lagunek hartu dute parte herri eta auzo batzarretan, Fase politikoaren eta estrategiaren argipena txostena eztabaidatzeko, eta "gehienek txostenaren edukiekin bat egiten dute".
"Fase politiko hau aldaketa politikoaren fasea da", dio txostenak. "Helburu hori lortzeko, indar metaketa, indarren aktibazioa, indar-harremanen aldaketa, negoziazioa eta akordio politikoa oinarri izango dituen prozesu demokratikoa artikulatu beharra dago". Prozesu demokratikoak "euskal herritarren hitza eta erabakia izan behar ditu oinarri", idatziak dioenez, "eta, beraz, inongo indarkeriarik edota kanpo injerentzia bidegaberik gabe garatu beharko da".
politika
Erkizia: "Aro politiko berrian gatazka ez da izan behar ETAren eta Estatuaren artekoa"
Ezker abertzaleko kideak PSOE eta EAJ kritikatu ditu, "beste egoera bati izua diotelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu